Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak adierazi du torturak eta bere biktimek arreta eta erantzun handiagoa behar izan zutela denen aldetik

2017.eko abenduak 18

Amaierako txostena: “1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua”

  • “Torturaren biktimek jakin behar dute pairatu zuten sufrimenduaren bidegabekeria aitortzen dutela euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak”.
  • Estatuko botereek interpelatuak sentitu beharko lukete ikerketa honengatik eta tortura eta tratu txarrei buruzko nazioarteko erakundeen ebazpenengatik.
  • Ikuskatu duten erakundeek positiboki baloratu duten eta hobetzen jarrai daitekeen prebentzio-eredua eduki du Ertzaintzak.
  • Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Ponentzian eta Gogoran utziko du ikerketa hau Eusko Jaurlaritzak.

UPV/EHUko Kriminologia Euskal Institutuak (IVAC-KREI) eta Eusko Jaurlaritzak “1960tik 2014ra bitartean Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren” amaierako txostena aurkeztu dute. 2014an Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak Kriminologia Euskal Institutuari eskatu zion txosten hau egitea jakiteko fenomeno honek azken 50 urteetan Euskadin izandako eragina eta konponketa eta prebentzioari lotutako ondorioak zehazteko.

Gaur arratsaldean Donostiako Carlos Santamaría zentroan izan den aurkezpenean txostenaren ikerketa zuzendariak izan dira: Irakasle eta Medikuntzan Doktore Francisco Etxeberria eta Zuzenbidean Doktore Laura Pego. Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari Nagusi, Jonan Fernandez ere izan da bertan.

Giza eskubideekin, hauen urraketak jasan dituzten biktimekin eta iraganaren memoria kritikoan oinarritutako bizikidetzarekin konpromiso sendoa dauka Eusko Jaurlaritzak. EHU/UPVko IVAC-KREIri torturari eta tratu txarrei buruzko ikerketaren enkargua konpromiso-esparru horretan eta 2013-2016 aldirako Bake eta Bizikidetza Planaren eta 2017-2020 aldirako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren iragana argitzeko aurreikuspenetan kokatzen da.

Kriminologiako Euskal Institutuaren lan honek espazio itxietan –eta gehienak duela urte asko– gertatu ziren gertaerak argitzeak dakarren zailtasunari egin behar izan dio aurre. Hain zuzen ere horregatik, lan hau interpretatzerakoan kontuan hartu behar diren mugak dauzka:

  • Jasotako salaketen zenbaki osoa (4.113) erreala baino txikiagoa da, 60ko eta 70eko hamarkadetako eta 80ko hamarkada hasierako salaketa asko ezin izan direlako berreskuratu.
  • Ikerketa honek ezin du ondoriorik eskaini banan bana. Ez du bereizten tortura kasuen edo tratu txarren edo iraingarrien artean ere.

Ikerketa garrantzi handikoa da biltzen duen informazioari dagokionez. Azken 50 urtetan milaka lagunen datuekin (dokumentatuak, lekukoenak eta adituenak) tamaina handiko salaketa errolda osatzea ahalbidetu du ikerketak. Giza eskubideen urraketa guztiak eta biktima guztiak aintzat hartuko dituen iraganaren memoria kritikoarentzat urrats garrantzitsua da.

Balorazio orokorra

Euskadin tortura edo tratu txarren kasuen kopuru garrantzitsua egon dela euskal gizartean zabalduta egon den uste sendoa izan da. Ebidentziak, testigantzak, kazetaritza-informazioak eta nazioarteko erabakiak askotarikoak izan dira. Ildo honi lotuta, IVAC-KREIren ikerketa honek lau ondorio ateratzea ahalbidetzen du:

  • Torturak eta tratu txarrek presentzia garrantzitsua izan dute 1960tik, beherako ibilbidearekin azken 12 urtetan.
  • Salaketetako asko ez ziren behar bezala ikertu eta inkomunikazio epeetara lotuta egon dira gehien bat.
  • Torturen eta tratu txarren salaketek ez zuten jaso behar izan zuten arreta soziopolitikoa edo mediatikoa.
  • Torturen eta tratu txarren biktimek ez dute behar bezalako errekonozimendurik eta erreparaziorik jaso.

Salaketa gehienak eta torturen zigor guztiak barne auzitegietan, edo ikerketa faltagatik Giza Eskubideen Europako Auzitegiarenak eta Auzitegi Konstituzionalarenak Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari dagozkie. Arrazoi honengatik eta nazioarteko erakundeek behin eta berriz egindako ebazpenengatik, Estatuko botereak interpelatuak sentitu beharko lukete. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, beharrezkoa litzateke, estatu mailan, honakoak bezalako neurriak hartzea:

  • Espainian izandako torturaren errealitateari buruzko ikerketa independentea enkargatzea.
  • Gogoeta kritikoa egitea eta biktimei eragindako mina aitortzea.
  • Nazioarteko erakundeek eskatzen dituzten prebentzio-neurriak hartzea.

Torturen edo tratu txarren kasuak, neurri batean edo bestean, munduko ia polizia guztiei eragiten diete. Aukera honi aurre egiteko interesa agertu beharko luketen lehenengoak erakundeak izan beharko lukete. Diskurtso demokratikoaren eta giza eskubideen sinesgarritasuna dago jokoan.

Ertzaintzaren kasuan, ikerketak. alde batetik, salaketak badaudela uzten du agerian; eta bestetik, adierazten du errealitatea kuantitaboki eta koalitatiboki desberdina dela, gainontzeko polizia-kidegoen aurrean.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, ondorio bereizgarri nagusia da Euskadiko Poliziak egitura mailan prebentzio-eredua bultzatu duela. Eredu hau oso modu positiboan baloratu izan dute aztertu duten erakunde ikuskatzaileek eta giza eskubideen arloan lan egiten dutenek. Horrekin batera, gainontzeko polizia-kidegoetan gertatzen ez den bezala, Ertzaintzaren aurkako epai judizialik ez dagoela berresten du ikerketak.

Egiaztapen hauek ez dute autokonplazentziazko irakurketarako balio behar. Biktimenganako errespetuagatik eta arduragatik eta giza eskubideekiko erantzukizunagatik eta konpromisoagatik, jarrera zabala eta iragazkorra hartu behar da kritikarako eta hobetzeko neurriak hartzeko.

Azken gogoeta eta konpromisoak

Kriminologiako Euskal Institutuak egindako Ikerketa honek eskaintzen dituen datuek eta ondorioek Eusko Jaurlaritzaren errekonozimendua merezi dute. Beharrezko ariketa iragana aitortzeko eta torturak eta bere biktimek guztion aldetik arreta handiagoa behar izan zutela eta baita zegokion erantzuna ere, Eusko Jaurlaritzaren aldetik halaber. Bai, gure errekonozimendua agertzen dugu. Aldi berean, adierazten dugu zenbait prebentzio-neurri lehenago jarri behar izan zirela berme handiagoak eskaintzeko.

Gogoeta kritiko honetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak hiru konpromiso adierazten ditu:

  • iraganari dagokionez, torturak ordezkatzen duena bezalako giza eskubideen urraketen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa eskaintzeko 12/2016 Legea bultzatzen jarraitzea.
  • oraina jarraituaren konpromisoari dagokionez, torturen eta tratu txarren prebentzio-eredua sendotzen eta hobetzen jarraitzea Ertzaintzan.
  • eta orainari dagokionez, KREIk iradokitzen duen tortura prebenitzeko legea bultzatzeko proposamena Legebiltzarreko taldeekin aztertzea eta egiaztatzea.
  • eta etorkizunari dagokionez, lehen neurri gisa, ikerketa hau Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza Ponentzian eta Gogoran uztea.

Ikerketa hau agindu izanak giza eskubideen urraketak argitzeko konpromisoaren erakusgarria da eta batez ere biktimek egia jakiteko duten eskubidearekin. Torturaren eta tratu txarren biktimek jakin behar dute pairatu zutena euskal gizarteak eta Eusko Jaurlaritzak ezagutzen dutela eta jasan zuten mina bidegabea izan zela aitortzen dutela. Jakin behar dute ikerketa hau beste urrats bat dela biktima hauen errekonozimendurako.

Informazio gehiago:

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ilaar2
    2017.eko abenduak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @basoa_c: https://t.co/2f0PiGRtrp
    en este enlace se puede consultar el informe completo sobre la tortura. El estado de desecho sigue mir…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Francisco Etxeberria; Laura Pego