Eu

2016ko uztailean, Lanbidek kautelaz eten zituen hiritar pakistandarrek aurkeztutako lehen espedienteak, ustez faltsuak direlako

2017.eko abenduak 15

VG 17 12 15

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonekin lotuta poliziak egindako atxiloketei dagokienean, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak uste du “atxiloketak 2016an hasi zen eta Lanbidek poliziari lagundu dion ikerketa baten ondorio direla. Iazko uztailean jada, Lanbidek kautelaz eten zituen hiritar pakistandarrek aurkeztutako lehen espedienteak, ustez faltsuak zirelako. Poliziaren ikerketaren arabera hori hala zela egiaztatu da”.

 

“Gure prozeduraren arabera, dokumentu bat faltsua izan daitekeela sumatuz gero, dokumentu hori, berehala, poliziari igortzen zaio, eta poliziak bere ikerketa-bideak nazioarteko enbaxaden eta gobernuen aurrean erabiltzen ditu dokumentu horiek egiazkoak ote diren frogatzeko. Lanbiden ohikoa den kontrol-prozedura bat da”, gaineratu du Belandiak.

 

“Gaur zabaldutako atxiloketen arabera, DSBEa jasotzeko eskatzen diren baldintza zehatz batzuk frogatzeko dokumentuak faltsutzen zituzten arduradunak harrapatu dituzte. Pakistandar horiek atxilotuz, DSBEa eskuratzeko eta estatu osoan eskaintzen diren beste laguntza sozial batzuk eskuratzeko erabilitako gezurrezko dokumentazio horien ekoizpenarekin amaitzen da”, gaineratu du Lanbideko zuzendari nagusiak.

 

Belandiaren arabera, “argi dago Lanbideren zeregina enplegua lortzeko kudeaketak egitea eta laguntza ematea dela, diru-sarrerak bermatzeko errenta eraginkortasunez kudeatzeaz gain; halaber, poliziaren esku dago gertatzen, salatzen edo ezagutzen diren ustezko iruzurrak ikertzea".

 

“Zentzu horretan —Belandiak gaineratu du—, erakunde arteko elkarlanaren bitartez, gizartean alarma eragiten duten, eta herritarren eta sistema beraren laguntza gehien behar duten pertsonak larri kaltetzen dituzten jokabideak ezabatuko dira. Lanbideren jardueraren bitartez gure gaurko eta etorkizuneko konpromisoa bermatzen da, delituzko azpijokoek laguntzak eskuratzeko baldintzak legez betetzen dituztenen eskubidea baldintza ez dezaten”.

 

“Kontrol-mekanismoak, irizpideen argitasuna eta eskubideen babesa hobetzeko Legealdi honetan planteatutako neurriak aurki burutuko dira, diru-sarrerak bermatzeko Lege berri batekin eta Lanbideren kudeaketa hobetzeko plan batekin”, adierazi du Borja Belandiak. “Egoera zein den ikusirik, DSBE jasotzen duten nazionalitate horretako pertsonen espediente guztiak aztertzen ari gara”.

 

Belandiak iragarri du “Eusko Jaurlaritzako Auzibide Zuzendaritza espediente judizialaren tramitazioa jarraitzen ari dela. Eta bertan, dagozkien salaketak aurkeztuko dira interes orokorrak defendatzeko, dokumentazioa faltsututa gizarte-laguntzak iruzur bidez jaso dituztenen aurrean”.

 

Belandia kexu agertu da “Lanbideren funtzionamendua eta helburuak zalantzan jartzen dituzten komentario interesatuekin. Izan ere, Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek egunero herritarrei zerbitzu onena eskaintzeko lan egiten dute eta, aldi berean, iruzurrezko jokabideekin amaitzeko jarduketa bikaina burutzen dute”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak