Berriak Hezkuntza

Cristina Uriartek Basauriko Bizkotxalde ikastetxearen Haur Hezkuntzako eraikin berria bisitatu du

2017-12-16
  • Basauriko Bizkotxalde Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe publikoak eraikin berria dauka Haur Hezkuntzarako, 2017-2018 ikasturte honen hasieratik
  • Hezkuntza Sailak 1,8 milioi euroko inbertsioa egin du eraikin berria egiteko eta egokitzeko lanetan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendirekin eta  Basauriko alkate Andoni Busquetekin batera, udalerri horretako Bizkotxalde Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak antolatu duen festan parte hartu du gaur goizez. Izan ere, ikastetxe honek instalazio berriak estreinatu ditu Haur Hezkuntzarako 2017-2018 ikasturte honen hasierarekin bat eginez. 

Eraikin berria egin eta egokitzeko lanetan 1,8 milioi euroko inbertsioa egin du Hezkuntza Sailak. 2017-2018 ikasturte honetan 2 urtetik 5era bitarteko 83 ume hartzen dituzte Bizkotxaldeko gela berriek. Uriarte sailburuak eta Busquet alkateak hezkuntza-instalazio berriak bisitatzeko aukera izan dute, ikastetxeko zuzendaritza gidari zutela.

Haur Hezkuntzarako eraikin berria

Basauriko erdigunean bertan kokaturik, Bizkotxalde ikastetxearen Haur Hezkuntzako eraikin berriak bi solairu ditu (behe solairua, eta horren gainean eraikitako beste solairu bat), eta 2.153 metro koadroko azalera eraikia. “L” forma duen eraikina izanik, hegoaldean ikasgelak eta eskola-erabilerako beste zenbait areto kokatzen dira. Eraikinaren mendebaldean, berriz, administrazio gunea dago. Behe solairuak, gainera, aterpe zabal bat ere badu.

Haur Hezkuntzako eraikin berriaren instalazio eta ezaugarri nagusien artean, hauek dira nabarmentzekoak:

-       13 gela arrunt

-       Psikomotrizitate gela

-       Musika eta ikus-entzunezkoen gela

-       Banaketa gela

-       Liburutegia

-       Jangela, office eta guzti

-       Gutxituentzat egokituriko komunak

  • Azalera erabilgarria, orotara:                       1.821,73 m²
  • Azalera eraikia, orotara :                             2.153,09 m²
  • Hezkuntza Sailaren inbertsioa:          1.867.105,71 euro
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Andoni Busquet, Basauriko alkatea