Berriak Lehendakaritza
Eu

Urdulizko Ospitaleak ospitalizazio-oheak ireki ditu bere zerbitzuak areagotzeko

2017.eko abenduak 18
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  •  Bihar abian jarriko diren Urdulizko Ospitaleko ospitalizazioko solairu berriak hartzen dituen eraikina inauguratu du gaur Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 
  • Ospitale hori ireki izanari esker, azken hil hauetan 63.800 kontsulta, 52.000 proba eta 500 kirurgia-operazio baino gehiago egin ahal izan dira, eta 16.200 larrialdiri eman zaie arreta 

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitale berriak, 38.000 metro koadrokoak, zerbitzu-zorroa areagotzen jarraitzen du, eta bihartik aurrera ospitalizazio-oheak prest izango ditu Uribe eta Mungialdeko 175.000 biztanleen osasun-beharrei erantzuteko. 

Joan den maiatzean pediatriarako eta helduentzako larrialdietako zerbitzua abian jarri ondoren, arian-arian hedatzeko fase berri honetan ospitalizazio medikoko zerbitzuak jarriko dira abian. Horrek aurrerapauso garrantzitsua ekarriko du inguruko biztanleei ematen ari zaien arreta medikoaren kalitatean eta, era berean, neurri handian arinduko du Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko metaketa. 

Horiek horrela, bihartik aurrera, abenduak 19, Urdulizko Ospitaleko B blokearen eraikineko ospitalizazio solairuak ospitalizazio medikora bideratutako 64 ohe hartuko ditu.Ospitalean gaur egun 220 profesionalek egiten dute lan eta martxan hasteko, ospitalizazio-zerbitzu berri honetan 33 osasun-langile gehiago arituko dira lanean. Geroago, profesional kopuru hau handituz joango da datorren urtean 2000 ospitalizazio egitea espero bait da. Gainera, Osakidetzak ere, 41 profesional kontratu ditu ospitaleko sukaldean eta garbiketa zerbitzua emateko. 

Urdulizko Alfredo Espinosa Ospitalea irekitzeko hasierako fasea 2016. urteko uztailean abian jarri zenetik zerbitzu berriak gehitu dira arian-arian. Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak 45 milioi euroko inbertsioa egin ostean, kanpo-kontsultak abian jarrita ekin zion ospitaleak bere jardunari. Espezialitate hauekin hasi zen: erreumatologia; kardiologia; oftalmologia; neurologia; traumatologia; ginekologia; otorrinolaringologia; urologia. Halaber, erradiologia-zerbitzua ere lehen fase horretan jarri zen abian, tresneria honetaz hornitua: erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN), erradiologia konbentzionaleko 3 aparatu, teleagintea, mamografoa, ortopantomografoa, ordenagailu bidezko tomografia axiala (OTA) eta 3 ekografo. 

Ospitale berriak ere badu gaixotasunak diagnostikatzeko eta tratatzeko abangoardiako teknologia, hala nola 1,5 teslako erresonantzia magnetiko digitala, estatu osoan instalatu den ezaugarri hauetako lehen ekipamendua. Abian jarri zenetik 8.000 miaketa inguru egin ditu eta onura garrantzitsuak ekarri dizkie profesionalei zein pazienteei, zeren bere diseinuak eta teknologia berriak eraginkortasun, sendotasun eta kalitate handiagoa ematen baitie miaketei, erosotasun handiagoa eskaintzen duen aldi berean. 

63.000 KONTSULTA, 50.000 PROBA, 16.000 LARRIALDI ETA BOSTEHUN OPERAZIO BAINO GEHIAGO

 Ospitale hori ireki izanari esker, azken hil hauetan 63.800 kontsulta (2016an 18.800 eta 2017an 45.000), 38.000 erradiologia-proba (2016an 8.250 eta 2017an 29.750), 14.000 proba (715 endoskopia, 1.300 ekokardiografia, 50 bronkoskopia, eta beste zenbait) eta 500 kirurgia-operazio baino gehiago egin ahal izan dira, eta 16.200 larrialdiri eman zaie arreta. Orain, ospitalizazio-zerbitzua abian jarri izanari esker, areagotu egin da ospitale honetan arreta izan dezaketen laguntza-prozesuen kopurua eta konplexutasuna. 

Osasun-azpiegitura berri eta garrantzitsu hori Osakidetzak euskal geografian zehar banatuta dituen 10 ospitale orokorrei, egonaldi ertain eta luzeko 3 ospitaleei, osasun mentaleko 4 ospitaleei eta 324 anbulatorio, osasun-zentro eta kontsultategiei gehitzen zaie.

Lehendakari Iñigo Urkulluren esanetan, Urdulizko ospitaleko ohe-zerbitzua ireki izanak ederki erakusten du Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoarekin duen konpromisoa. “Euskadin osasun-zerbitzuak areagotzen eta hobetzen jarraitzen dugu. Datorren urtean Urdulizko Ospitaleak bete-betean jardungo du eta, era berean, Eibarko Kronikoen Ospitale berria irekitzeko moduan egongo gara. Eusko Jaurlaritzak eta euskal gizarteak oro har, inongo zalantzarik gabe, babestu eta indartu behar dugun guztion ondasuntzat hartzen dugu osasun publikoa”.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @olatz_ibarra
    2017.eko abenduak 19

    Comentario de Twitter:
    RT @jdarpon: El Hospital de Urduliz amplía sus servicios con la apertura de las camas de hospitalización
    https://t.co/GljjAxvX73

  • @eduardo_maiz
    2017.eko abenduak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @jdarpon: El Hospital de Urduliz amplía sus servicios con la apertura de las camas de hospitalización
    https://t.co/GljjAxvX73

Ekitaldiko kargudunak