Eu

Aintzinako baserri baten erreproduzio bat erabiliko du “Basque Gabonetako Azoka”-k landa ingurunea Bilbora hurbiltzeko

2017.eko abenduak 15

• Gaur arratsaldean Basque Gabonetako Azoka-ren lehen edizioa inauguratu du; azokarekin asmoa da euskal landa ingurunearen mamia Bizkaiko hiriburura hurbiltzea eta gure baserritarrek egiten duten lana balioestea.

• Irekiera ekitaldian izan dira, besteak beste: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagien Politikako sailburuordea, Bittor Oroz, Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko Foru Diputatua, Elena Unzueta, eta Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Zinegotzia, Xabier Otxandiano.

• Azoka Areatzan egingo da, aintzinako baserri baten erreproduzio baten barruan, eta sasoiko produktuez, dastaketez, kalitateko produktuen probaketez eta familientzako tailerrez gozatzeko aukera izango du hiriak bertan.

Asteburu honetan, Areatzako pasealekua Bilbo handitik urrun dauden herrietan ohikoagoa den eszenatokia bihurtuko da. Egun horietan Basque Gabonetako Azoka-ren lehen edizioa egingo da, non euskal landa inguruneko bizimodua birsortuko den hiriburuaren erdian, antzinako baserri baten erreproduzio batekin, landa ingurunearen eta hiri ingurunearen arteko hurbiltze hori adierazteko.

Azokaren inaugurazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagien Politikako sailburuorde Bittor Orozek egin du, azoka sailburuordetzak berak antolatu baitu, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin. Orozek adierazi duenez, “garrantzitsua da topaketa eta aisialdirako gune hauek erabiltzea hirietan bizi direnak landa ingurunearekin interakzioan egon daitezen, eta jakin dezaten zer garrantzitsua den ingurune hori bizirik mantentzea, bai eta beste bizimodu batzuk eta gure platerretan kalitateko produktuak eduki ditzagun baserritarrek egiten duten lana balioesten ere”.

Inaugurazioan, sailburuordearekin batera egon dira azokako standetan produktuak saltzen egongo diren 20 ekoizleak. Izan ere, Basque Gabonetako Azoka baserritarren azoka da, batez ere, eta bertan elikagaiak, gastronomia eta kultura elkarrekin egongo dira. Asteburuan zehar aukera egongo da bertako produktuak, produktu ekologikoak eta kalitateko beste bereizgarri batzuk dituzten produktuak erosteko, bai eta elikagai batzuk dastatzeko eta probatzeko ere, hala nola Idiazabal gazta, Arabako Errioxako olioa, txakolina, Euskal Sagardoa edo garagardoa, horietako asko ekoizpen ekologikokoak, gainera.

Eskaintza gastronomikoa osatzeko jarduera programa zabal bat egongo da. Jarduera horietatik nabarmentzekoak dira musika emanaldiak, kaleko animazioa eta familientzako tailerrak. Familientzako tailerretan, parte hartzaileek artilearen artisautzako eraldaketa ezagutu ahal izango dute, bai eta ortu txiki ekologiko bat nola landatu, gastronomiako hainbat ideia hartu eta gaileta ekologikoak, taloak, gazta eta tallarinak prestatzen ikasi ere.

Hori guztia azokak irauten duen hiru egunetan eskainiko da, ordutegi hauetan:

Ostirala, abenduak 15: 17:30 - 22:00 h
Larunbata, abenduak 16: 10:00-15.00 h eta 17:30-22:00 h
Igandea, abenduak 17: 10:00 - 15:30 h

NIREA programan kokatutako ekimena

Basque Gabonetako Azoka NIREA programan kokatzen den ekimena da. Entitate askok partekatzen duten mugimendu honen helburua Lehen Sektorea bultzatzea eta Landa eta Itsasertzeko Ingurunea Biziberritzea baita, erantzunkidetasun sozialaren bitartez. NIREAren asmoa da hiriaren eta baserriaren arteko sinbiosia ikusaraztea eta haien arteko elkarrizketa bultzatzea, elkarrekin aurrera egin dezaten, geurea kontsumitzea bultzatzeko eta elkarrekin lehen sektorea sustatzeko. Bere filosofia da elkar ulertzeko, lankidetzan aritzeko eta gure lurraren etorkizuna bultzatzeko leku bat sortzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Asier Arrese Zabala
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XI legealdia)
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XI legealdia)