Berriak Hezkuntza
Eu

Eskola Jantokien Batzordea abian da

2017.eko abenduak 15

Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan gaur goizez eratu da –eta lehen bilera egin du- Eskola Jantokien Batzordea. Hezkuntza Sailak bultzaturik, batzordeak Jaurlaritzako hainbat sail, ikastetxeko publikoetako ordezkariak, guraso elkarteenak eta Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldeko langileen ordezkariak biltzen ditu.

Eskola jantokien kudeaketaren inguruko hausnarketa partekatua eta egun gure eskoletan diren kudeaketa eredu ezberdinen inguruko hausnarketa egiteko gune izan nahi du batzordeak. Bere helburu nagusia du –zenbait eragile eta elkarteren esperientziak edo proposamenak entzun ondoren- eskola jantokien egunerokoan dauden hainbat errealitate hobeto ezagutzea, ondoren eskola jantokietan garatu daitezkeen kudeaketa eredu berrien aukerak aztertzeko. Hezkuntza Sailak jarrera irekia du bestelako zenbait kudeaketa eredu ezartzeko aukeraren aurrean. 

Era berean, batzorde eratu berriak mahai gainean izango duen beste alderdi esanguratsu bat eskola menuetan bertan ekoitziriko produktuak erabiltzeari buruzkoa izango da. Gai honi, ekoizpenaren eta ekonomiaren ikuspegitik ez ezik, pedagogia eta hezkuntzaren alderditik ere heldu nahi zaio, bertako lehengaien eta bertako ekoizlehen lanaren balioa nabarmenduz, Eusko Jaurlaritzak erabat bere egiten duen ildoan.  

Horretarako, batzordeak datozen hilabeteetan gai honetan zeresana duten hamarren bat eragile nahiz elkarteren esperientziak eta proposamenak ezagutuko ditu zuzen-zuzenean. Beste zenbaiten artean, Gure platera, gure aukera ekimenak proposatzen duena, Hezkuntza Sailak babesten dituen proiektu pilotuetako esperientziak, eta baita tokiko ekoizleen elkarteek egiten dituzten proposamenak ere.

Batzordearen osaketa

Batzorde hau osatzen dute, eta gaur goizean Lakuan burutu den lehen bileran parte hartzaile izan dira:

  • Hezkuntza Sailetik: Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea.
  • Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailetik: Arantza Madariaga, Elika - Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren zuzendaria.
  • Osasun Sailetik, Miren Dorronsoro, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria
  • EHIGEtik (Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteak) Lurdez Imaz koordinatzailea
  • Ikastetxe publikoen ordezkaritzan, Zarauzko Lizardi Institutuko zuzendari Igone Azpiroz, eta Gasteizko Aranbizkarra Ikastolako zuzendari Irantzu Gallastegi
  • LAB sindikatuko Iolanda Fermoso, sukaldeko langileen artean gehiengoa duen sindikatua

Proiektu pilotuak

Gaur egun, Euskadiko lau ikastetxe publiko ari dira parte hartzen jantokien autogestio integralerako Hezkuntza Sailak babesturiko programa pilotuan. Jantoki eredu honetan ikastetxeko guraso elkarteak eurak arduratzen dira jantokiaren kudeaketa osoaz, lehengaiak erostea barne. Ahal den neurrian, erosketa horiek bertako ekoizleei edo merkatari txikiei egiten zaizkie. Programa pilotuan parte hartzen ari dira –aplikazio maila ezberdinetan bada ere- honako ikastetxe hauek: Markinako Bekobenta HLHI, Gernikako Allende Salazar HLHI, Mungiako Laukariz HLHI, eta Urduña HLHI. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenarantza
    2017.eko abenduak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Gaur goizez eratu da –eta lehen bilera egin du- Eskola Jantokien Batzordea ➡︎ https://t.co/Z2c2rNDvgD https://t.co/CrT1S4UoLO

  • @titodelafuente
    2017.eko abenduak 15

    Comentario de Twitter:
    Constitución de la Comisión de Comedores Escolares https://t.co/9GstnJJ2Qv

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Lourdes Imaz, Igone Azpiroz, Irantzu Gallastegi, Iolanda Fermoso