Eu

Ogasun eta Ekonomia sailak Ekonomiaz aldizkariaren 92 zenbakia aurkeztu du. Unibertsitateak eskualde garapenean duen betekizunari eskainitako zenbakia da

2017.eko abenduak 18

  

  • 1985etik sei hilero argitaratzen den aldizkariaren helburua da analisi eta eztabaida ekonomikoa sustatzea eskualde-ikuspegitik. Aldizkariak arreta berezia eskaintzen dio euskal ekonomiari.
  • Gaur aurkeztu den monografikoak hamaika artikulu biltzen du, eta artikulu horietan aztertu da unibertsitateek zer eginkizun betetzen duten haien eragin-esparruko ongizate ekonomikoaren eta sozialaren garapenean.

 

Ogasun eta Ekonomia Sailak Ekonomiaz aldizkariaren 92 zenbakia argitaratu du. Zenbaki horretan aztergai izan da unibertsitateek eskualde-garapenean betetzen duten eginkizuna.Eginkizun hori gero eta handiagoa da, azken hamarkada hauetan goi-mailako irakaskuntzak izan duen hedapenaren ondorioz.

Izan ere, «ezagutzaren ekonomia» deiturikoan, unibertsitateek gero eta eginkizun gehiago betetzen dute: ikasleak heztea eta prestatzea; ikerketa-lana egitea eta zabaltzea; produktibitatea bultzatzea, kanpoko bazkideekin elkarlanean; kokatzen diren herriei eta enpresei, oro har, ekarpen sozioekonomikoak egitea; eta eremu publikoan balio zibikoa bultzatzea.

Lankidetza-harreman horien barruan, ekonomiari eta berrikuntzaren kudeaketari buruzko literaturan zabal aztertu da unibertsitatearen eta industriaren arteko erlazioa, eta askoz ere arreta txikiagoa eskaini zaio goi-mailako hezkuntza-erakundeen eta eskualde-garapenaren arteko harremanari eta unibertsitatearen eta industriaren elkarrekintzen dimentsio geografikoari.

Eskualde-berrikuntzaren eta helize-hirukoitzaren sistemen ikuspegian oinarrituta, unibertsitateak ez dira “ezagutza-fabrika” huts gisa ikusten; gero eta gehiago jotzen dira funtsezko «ainguratzat», eskualdea kanpoko ezagutza-iturriekin lotzeko. Horrez gain, arazo sozialak eta ekonomikoak aztergai dituzten eragile zibikotzat ere jotzen dira, eta hautematen da eskualde-koalizioak sortzen dituztela tokikoan oinarritutako garapenerako. Era berean, politika-paradigma berriek, hala nola espezializazio adimendunak, unibertsitateen zeregin transformatzailea sendotzen dute, eskualde-hazkundearen lider diren aldetik.

Ekonomiaz aldizkariaren aurkezpena Donostiako Miramar Jauregian egin da, eta bertan izan dira Jordi Campàs Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria eta Elvira Uyarra monografikoaren koordinatzailea. Ondoren, Jon Barrutia aldizkariaren erredakzio-kontseiluko kideak moderatu duen eztabaidan parte hartu dute: Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, Arturo Muga UPV-EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren errektoreordeak, Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak eta Carlos García Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendariak.

Monografikoa hiru multzo nagusitan egituratzen da. Lehen multzoa, “Unibertsitateak eta eskualde-garapena”, unibertsitateek eskualde-garapeneko estrategietan betetzen duten lidergotzarekin lotzen da, eta bi lanek jorratzen dute lan hau Susana Elena-Pérez, Eskarne Arregui eta Elisabetta Martinelli-renak eta Rómulo Pinheiro eta Roger Normann-enak.

Bigarren multzoa, “Unibertsitateen eskualde-erronkarekin lotzen diren erronkak”, unibertsitateak eskualdeko eta estatuko politikaren testuinguruan betetzen duen hirugarren misioarekin lotzen da, baita konektore global gisa betetzen duen eginkizunarekin ere. Multzo hori hauen lanek osatzen dute: Maribel Guerrero eta David Urbano-renak; Paul

Benneworth, Nadinne Zeeman, Rómulo Pinheiro eta James Karlsen-enak; Fumi Kitagawa-renak; José Guimón eta Álvaro Luna-renak; eta Henar Alcalde, Mari Jose Aranguren eta James Wilson-enak -eskualde-konpromisoko erronka horri aurre egiteko antolamendu-kulturaren aldaketari buruzko lana-.

Azkenik, hirugarren multzoak, “Unibertsitateko jabetza intelektuala ustiatzea eta merkaturatzea”, teknologia-transferentziako mekanismoen diseinua eta ebaluazioa hartzen du barnean. Multzo honetan, hauen lanak sartzen dira: Mario Benassi eta Francesco Rentocchini-rena; Ugo Finardi eta Shiri Breznitz-ena; Claudia De Fuentes eta Gabriela Dutrénit-ena; eta Carolina Cañibano, Carmen Corona, Jordi Molas eta Inmaculada Vilardell-ena -unibertsitate-ikerketa merkaturatzeko helburuari aurre egiteko antolatzeko moduari buruzko lana-.

 

ERANSKINA. ARTIKULUAK

1. The role of universities in regional development through Smart Specialisation Strategies: Evidence from two Spanish regions (Catalonia and Navarre) (Susana Elena-Pérez, Eskarne Arregui, Elisabetta Marinelli)

Unibertsitateek eskualdeko berrikuntza-estrategiak diseinatzeko eta ezartzeko eginkizunean beren gain hartu duten lidergoari buruzko artikulua idatzi dute. Unibertsitateek eskualdeko garapenean betetzen duten eginkizunean oinarritu da gaur egungo Kohesio Politiken esparrua (2014-2020), baita espezializazio adimentsuaren agenda berria ere. Espero da unibertsitateak gauza izango direla enpresa-ekimenen prozesuetan funtsezko eginkizuna betetzeko, eta modu aktiboan parte hartuko dutela eskualdeko lehentasun nagusiak identifikatzen eta eguneratzen. Artikulu hau Espainiako bi eskualdetako (Kataluniako eta Nafarroako) kasuen azterketan oinarritu da.

 

2. Agency, networks and complexity: The many roles of academic institutions in regional development coalition building (Rómulo Pinheiro, Roger Normann)

Artikulu honetan aztertu da unibertsitateek zer eginkizun betetzen duten “eskualde-garapeneko koalizioen” barruan eta zer ekarpen egiten dioten toki mailako erakunde-berrikuntzari eta ahalmenen sorrerari. Eskualde-garapeneko koalizioen gorakada guztiz lotuta dago hainbat mailatan jardungo duten gobernantza- eta lidergo-esparru malguagoen beharrarekin. Horrez gain, norabide anitzean jardungo dute, goitik beherako eta behetik gorako ikuspegiak nahastuz, tokiko erakundeen erresilientzia orokorra hobetzeko. Sare horien egiturazko bi ezaugarrietan oinarritutako eredua proposatzen da, zehazki kasuaren konplexutasuna eta bazkidearen konplexutasuna. Norvegiako Hegoaldean erabiltzen dute eredu hori, eskualdeko berrikuntza pizteko programa nazional baten ezarpena enpirikoki ikertzeko.

 

3. La universidad ante los cambios estructurales de las regiones: El caso de la Comunidad Autónoma del País Vasco (Maribel Guerrero, David Urbano)

Euskal Herriko unibertsitateek aurre egin beharreko errealitateei eta erronkei buruzko gogoeta egin dute artikulu honetan. Haien iritziz, euskal azpiegituraren eta ikerkuntza eta berrikuntza babesteko sistemaren sendotasunaz gain, euskal unibertsitateentzat funtsezko erronka da haien parte-hartzea areagotzea ezagutza-transferentzian, balio erantsi handiko enpresa-ekimenean eta euskal berrikuntza-ekosistemarekiko lankidetza aktiboan. Euskal unibertsitateak unibertsitate-eredu berritzaileari jarraitzen diote, eta lankidetza, enpresa-ekimena eta berrikuntza dira eskualdeko egiturazko aldaketei egiten dizkieten ekarpenen funtsezko zutabeak. Dena dela, «enpresa-unibertsitatearen» benetako eredua lortzeko, zenbait baldintza bete beharko litzateke, adibidez: sustapen akademikoko irizpideetan aitorpen handiagoa ematea ezagutza transferitzeko jarduerei; politika eraginkorragoez osatutako euskarri bat eskaintzea, unibertsitateek gizartearekin eta industriarekin lankidetzan jarduteko; pizgarri gehiago ezartzea talentua erakartzeko eta hari eusteko; eta enpresa-berrikuntzaren eta ekimenaren garrantziaren gaineko gizarte-kontzientziazio handiagoa lortzea.

 

4.  National higher education policies challenging universities’ regional engagement activities (Paul Benneworth, Nadine Zeeman, Rómulo Pinheiro, James Karlsen)

Artikulu honetan azalduko da politika nazionalek nola muga dezaketen unibertsitateek eskualde-garapenean duten parte-hartzearen irismena. Hiru politika mota identifikatu da: irakaskuntza-politika, ikerketa-politika eta administrazio-politika. Ulermen enpirikoa eskaintzeko, unibertsitateen eskualde-esparruko rolen eta politiken logikaren arteko tirabirak aztertzen dituzte, betiere goi-mailako irakaskuntza-sistema bakar baten barruan. Horretarako, Norvegiako kasu praktiko bat aurkeztu dute, non unibertsitateak garrantzi handiko eragiletzat jotzen diren urrunen dauden landa-zonetako erkidegoen kohesiorako.

 

5.  Regional contexts for third mission policies and university management in the UK: Opportunities and challenges (Fumi Kitagawa)

Artikulu honetan aztertu dira Erresuma Batuko eskualdeetan izan diren politika publikoen garapena, unibertsitateen estrategia instituzionalak eta azken 20 urteotan garatutako kudeaketa-praktikak. Eskualde horien arteko konparazio bat eskaintzen digu, betiere hirugarren misioko jardueren inplikazioari dagokionez. Era berean, unibertsitateek hirugarren misioko jarduerak egiteko erabiltzen duten agertokia aztertzen du. Agertoki hori askotarikoa eta konplexua da, antolatzeko dibertsitateari, estrategia instituzionalari, kudeaketa-praktikei eta eskualde-premiei dagokienez.

 

6.  La atracción de universidades extranjeras para estimular el desarrollo regional: experiencias internacionales e implicaciones para el País Vasco (José Guimón, Álvaro Luna)

 Artikulu honek aztertzen du gobernuek nola erakar ditzaketen eskualdeko berrikuntza-sistemen pizgarri izan daitezkeen atzerriko institutuak edo ikerketa-erakunde publikoak. Zehatzago, egileek aztertzen dute atzerriko unibertsitateek eta ikerketa-institutuek nola lagun dezaketen eskualde anfitrioiaren berrikuntzan eta garapen ekonomikoan. Haien iritziz, atzerriko unibertsitateak erakartzeko politika oso lagungarria izan daiteke eskualdeko berrikuntza-sistemak garatzeko, betiere tokiko gaitasunak hobetuz, tokiko talentua erakarriz eta eskualdeko sistema produktiboan eta zientifikoan eragina izan dezakeen lankidetza zientifiko globala gehituz. Nazioarteko zenbait esperientzia aztertu ondoren, estrategia hori Euskal herrian aplikatzeko aukera ikertu da.

 

7.  Academic spinoffs and regional development: New insights for future research (Mario Benassi, Francesco Rentocchini)

Modu kontzeptualean ikertzen dute unibertsitateko spin-offek eskualde-garapen ekonomikoari egiten dioten ekarpena, alderdi hori ahaztu samar egon baita literaturan. Artikulu honetan, ikasketa-arlo horretan aberasgarriak izan daitezkeen bi ikerketa-ildo garrantzitsu aztertu dira: (i) kudeaketa-praktikak eta (ii) erakunde hibridoak. Egileek ondorioztatu dutenez, kanpoko ekosistema funtsezko elementua da aurkakoak diren bi logika berriro konbinatu ahal izateko, unibertsitate spin-offen eta goi-mailako irakaskuntzako erakundeen arteko loturan, eta hori funtsezkoa da kudeaketa-jardunbide onak abian jartzeko.

 

8.  Factors affecting university commercialization: Evidence from Italy (Ugo Finardi, Shiri M. Breznitz)

Italiako unibertsitateetan teknologiaren transferentziari, ustiapenari eta komertzializazioari eragiten dieten faktoreak aztertzen dituzte. Italiako transferentzia teknologikoko ereduaren berezitasunetan, indar-guneetan eta ahulguneetan oinarritzen da artikulua. Horretarako, beste ekonomia garatu batzuen aldean atzean geratzen ari diren bi unibertsitate teknologiko espezializatuetan oinarritzen dira: Turineko Politeknikoa eta Milango Politeknikoa. Artikulu honek komertzializazioaren emaitzetan eragina duten faktoreak aztertzen ditu. Egileak konturatu direnez, barruko faktoreek zehazten dute teknologiaren komertzializazioa, hala nola banakako erakundearen ikuspegiak berak eta teknologia komertzializatzera zuzendutako baliabideek. Haatik, industria-oinarri sendoa eta askotarikoa agertzea izan da kanpo-faktorerik garrantzizkoena; horrek izan du eraginik handiena teknologia merkaturatzeko ahalmenean, batik bat Milango kasuan.

 

9.   Capacidades tecnológicas necesarias para establecer diversos vínculos con universidades: el sector manufacturero mexicano  (Claudia de Fuentes, Gabriela Dutrénit)

Mexikon industria-sektorearen eta unibertsitateen arteko harremanak ezartzeko dauden gaitasun teknologikoak aztertu dituzte. Emaitzek adierazten dutenez, gaitasun teknologiko handiagoa duten manufaktura-enpresek mekanismo konplexuagoak erabiltzen dituzte unibertsitateekiko elkarreraginean. Azterketa honen gomendio politikoen artean dago politika-programak txertatzeko beharra, betiere goi- eta behe-teknologiako manufakturaren arteko bereizketaz harantzago egingo duten unibertsitatearen eta enpresaren arteko lotura-programak sustatzeko eta enpresen ahalmen teknologikoei arreta handiagoa jartzeko.

 

10. Dinámicas organizativas en los departamentos universitarios españoles: diversidad estratégica y rigideces institucionales  (Carolina Cañibano, Carmen Corona, Jordi Molas, Inmaculada Vilardell)

Egileek gizarte-zientzietako bi unibertsitate-sailen antolakuntza-estrategia desberdinak aurkezten dituzte, betiere ezaugarri hauek dituen testuinguru batean: homogeneotasun instituzional sendoa eta goi-mailako irakaskuntzaren sektorearen lege-esparru zorrotza. Unibertsitateko sailen antolakuntza-dinamikaren bi elementutan (giza baliabideen estrategian eta baliabide ekonomikoen kudeaketan) oinarrituta, egileek behatzen dituzte helburu estrategiko espezifikoak hautatzearen ondoriozko estrategia eta antolakuntza-kultura desberdinak. Aukera horien ondorioz, desberdinak dira langileak sustatzeko eta kontratatzeko abian jartzen diren politikak, baita bikaintasun akademikoa saritzeko moduak ere.

 

11.   Culture and organisational change in academic organisations: A reflective case (Henar Alcalde, Mari Jose Aranguren, James Wilson)

Erakunde akademikoek lurralde-garapenerako aldaketa-eragile gisa betetzen duten eginkizunean oinarritu dira egileak. Antolakuntza-kulturaren eginkizuna aztertu dute, baita eginkizun horrek zer-nolako eragina duen erakunde akademikoek lurraldeko eragileekin elkarlanean jarduteko duten gaitasunean. Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren adibidea eta esperientzia hartu dute aintzat; izatez, beste eskualde-eragile batzuekin batera lan egiteko helburuz sortu zen, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna sustatze aldera. Orkestrak bere lana betetzeko, etengabe egokitzen ibili behar izan du, eta ikertzaileen elkarreragiteko ikuspegiak eta balioak aldatu behar izan ditu. Horretarako, Orkestraren barruko kultura aldatu behar izan du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak