Eu

Artolazabal: “desgaitasuna duten emakumeak babesteko lana eta konpromisoa gure etxean eta familia, lagun eta auzokideen hurbileko inguruneetan hasten dira”

2017.eko abenduak 15

 

  • Emakumeari eskainitako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren X. urteurrena
  • EDEKA - Elbarrituen Ordezkarien Euskal Erakundeak antolatu du, Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean

 

DSS 15 12 2017

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “desgaitasuna duten emakumeak babesteko lana eta konpromisoa etxean eta hurbileko familia, lagun eta auzokideen inguruneetan hasten da”.   Beatriz Artolazabal sailburuak eta Lide Amilibia sailburuordeak Emakumeari eskainitako Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren X. urteurreneko Jardunaldian parte hartu dute; jardunaldia EDEKA - Elbarrituen Ordezkarien Euskal Erakundeak antolatu du, Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean.

 

“Ezin diegu eman gizarte-instituzio eta -erakundeei laguntzarako eta zaintzarako erantzukizun esklusiboa. Gutako bakoitzaren egitekoa da. Gizarte-kontzientzia hori egoki zehazten eta garatzen badugu, urrats handia emango dugu esplotazio-, indarkeria- eta abusu-moduen aurka, bereziki gaur generoarekin lotutako alderdiei dagokienez", esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

Artolazabalek eskerrak eman dizkio EDEKAri bere ekimenagatik, “gizarte osoari gogorarazteagatik bereziki emakumeek eta beren inguruneak desgaitasunean aukera- eta eskubide-berdintasuna izan behar dutela. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak, duela hamar urte, desgaitasuna duten pertsona guztien giza eskubideak eta funtsezko askatasunak berdintasun-baldintzetan sustatzeko, babesteko eta ziurtatzeko eta, horrela, beren duintasunarekiko errespetua sustatzeko oinarriak ezarri zituen”.

 

Artolazabalen iritziz, “desgaitasunak dituzten pertsonez ari garenean, urritasun fisiko, mental, intelektual edo sentsoriala dutenez ari gara, eta gizartean erabat eta eraginkortasunez eta baldintza-berdintasunean parte hartzeko oztopoak izan ditzaketenez”.

 

“Esango nuke oztopo horiek beraiei ez ezik, beren hurbileko inguruneari ere ekartzen dizkietela zailtasunak, familiari, lagunei eta, moduren batean edo bestean, laguntzen eta arreta ematen dietenei; beraz, gizarte guztiari. Emakumea izatea ederra da, eta baldintza hori ere handicapa da bizitzaren alderdi askotan”, esan du Beatriz Artolazabalek.

 

Neurriak

Sailburuak azpimarratu duenez, “emakume guztiek erabat eta baldintza-berdintasunean giza eskubide eta funtsezko askatasun guztiak balia ditzaketela ziurtatzeko neurriak hartzeko dei hori ederki bete dezakegu gurea bezain gizarte aurreratuan, euskal gizartean. Zorionez, Gipuzkoan –Euskadi osoan–, kontzientzia erreala dago, erakunde, gizarte, enpresa eta zuona bezalako erakunde eta kolektiboek emakumeen kolektibo horri giza eskubideak eta funtsezko askatasunak baliatzea eta erabiltzea bermatzeko".

 

Emakumeak –desgaitasuna duen pertsona oro– babesteko lana eta konpromisoa gure etxean eta familia, lagun eta auzokideen hurbileko inguruneetan hasten dira. Ezin diegu eman gizarte-instituzio eta -erakundeei laguntzarako eta zaintzarako erantzukizun esklusiboa. Gutako bakoitzaren zeregina da”, esan du euskal gizarte-politiken arduradunak.

 

Artolazabalen iritziz, “gizarte-kontzientzia hori egoki zehazten eta garatzen badugu, urrats handia emango dugu esplotazio-, indarkeria- eta abusu-moduen aurka, bereziki gaur generoarekin lotutako alderdiei dagokienez. Berriz ere diot: zorionez, hemen lanean ari gara, baina bide luzea dugu aurretik, eta hori, Gipuzkoako Gutxitasun Fisikoa duten Pertsonen Koordinatzailekoontzat, jakina da”.

 

Sailburuaren iritziz, beharrezkoa da “gizarte-kontzientzia gehiago, eta egoera horien berri eman behar da, eraginkortasunez, berehala eta naturaltasunez jarduteko etxean, auzoan edo beste edozein gizarte-egoeratan dagoen abusu-kasu hipotetiko bakoitzean. Gure gizarte-erakundeko erakunde ordezkari gisa, desgaitasuna duten emakumeak gizarte-babeseko programetara sartzeko bidea ziurtatu behar dugu”.

 

Artolazabalek gogoratu du “sarritan emakumezkoen desgaitasun-egoera horiek bakardade- edo bazterketa-egoerak dakartzatela, bai eta pobrezia-egoerak ere. Gizarte-laguntzak bermatu egin behar du desgaitasunarekin lotutako kostuan laguntzen dela, bereziki gaikuntzari, aholkularitzari, finantza-laguntzari eta arreta eta zaintza egokiei dagokienez”.

 

Sailburuaren iritziz, desgaitasuna duen emakumearen egoerak “langabezia-tasa handiagoa bizi du, gainerako emakumeenaren aldean, bai eta desgaitasuna duten gizonenen aldean ere; pentsio baxuagoak eta mendekotasun ekonomiko handiagoa dute; ahulagoak dira erasoen aurrean; beste emakume batzuek baino osasun-egoera txarragoa bizi dute; eta beren parte-hartze indizea gizarte- eta aisia-jardueretan txikiagoa da”.

 

Enplegua

Gizarte- eta enplegu-politiken eremutik –zehaztu du Artolazabalek–, administrazio publikook asko egiten dugu, baina hobetzen jarraitu behar dugu, eta horrela baino ez dugu bermatuko desgaitasuna duten emakumeak eta, oro har, desgaitasuna duten pertsonak beren etxeetan bizi ahal izatea, bizitza independentea bermatzen duten baldintzetan”.

 

“Halaber, desgaitasuna duten emakumeak eta beren familiak ahaldunduko ditugu, bizitza independente hori izateko; laguntza pertsonala sustatuko dugu; desgaitasunaren inguruko erakundeen lana bultzatuko dugu; desgaitasuna duten emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borroka lehenetsiko dugu; enplegu arrunta izateko erabateko eskubidea bermatuko dugu; eta enpresa inklusiboen kopurua desgaitasuna duten emakumeekin areagotuko dugu”, esan du sailburuak.

 

Artolazabalek, amaitzeko, zera esan du: “DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEN ETA EMAKUMEEN ESKUBIDEEN KONBENTZIOAREN hamargarren urteurrena une esanguratsua dela kontuan hartuta, garrantzitsua da euskal gizarte guztiak desgaitasuna duten emakumeenganako neurri positibo horien aldeko apustu egiten jarraitzea, jasan dezaketen bazterkeriaren aurka borrokatzen jarraitzea eta urrats berriak ematea emakume guztiek bizitza independentea eduki ahal izateko”.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak