Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak 300 plazako deialdi berri bat atera du Ertzaintzaren 27. promoziorako

2017.eko abenduak 15

Eskabideen epea irekita egongo da datorren 2017ko abenduaren 18tik urtarrilaren 30era bitartean, biak barne

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariarekin batera, jakitera eman ditu gaur beste hautaketa-prozesu bati dagokion deialdiaren oinarriak; oposizio-lehiaketa bidezkoa izango da eta Ertzaintzaren 27. promoziorako oinarrizko eskalako 300 agente-plaza aterako dira.Hautaketa-prozesua osatu egingo da Arkaute akademian egin beharreko bederatzi hilabeteko prestakuntza-ikastaroarekin eta urtebeteko praktikaldiarekin.Izena emateko epea 30 egun baliodunekoa izango da, datorren astelehenetik, abenduak 18, aurrera, egun hori barne.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren ebazpen berri bat argitaratu da. Horren bidez, deialdia egiten da Ertzaintzan oinarrizko eskalako agentearen kategorian sartzeko hautaketa-prozedura berri baterako.

“Segurtasun Saila, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskutik, erabakita dago Ertzaintzan belaunaldi-berrikuntzako prozesua aurrera eramatera, Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasun publikoa bermatuko duten 8.000 ertzain izateko antolatuta eta planifikatuta" adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak, ‘Egin zaitez ertzain - Zure etorkizuna da’ kanpaina berria aurkeztu ondoren. Segurtasun Sailaren erabakitasun horren ondorio dira 2014tik egin diren azken lau deialdiak 670 gizon eta emakume hautatu eta prestatzeko.

Honako honetan, guztira 300 plaza deitu dira, baina kopuru hori zabaldu ahal izango da, hautaketa-prozesu honetan edozein arrazoi dela-eta hutsik gelditzen diren plazen arabera. Deitutako plaza guztiek Ertzaintzaren 1. hizkuntza-profila esleituta dute eta % 50ek nahitaezkotasun-data beteta daukate.

Hala, aurreko deialdian gertatu zen hasiera batean 250 plaza deitu zirela, baina gero, Estatuaren errekurtsoek eragindako atzerapenen ondorioz, deialdia 300 plazarako zabaldu zela.

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guzti-guztiak bete beharko dituzte; besteak beste, honako hauek: Espainiako nazionalitatea izatea, 18 urteko adina izatea eta 35 urte beteta ez izatea, gizonek gutxienez 1,65 metroko eta emakumeek 1,60 metroko garaiera izatea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gradudun-titulua edo horren baliokidea edukitzea (edo goragoko mailako beste edozein) eta autoetarako B klaseko gidabaimen edukitzea. Eskabideak eskuratu eta baldintzak kontsultatzeko, Akademiaren web-orrira jo daiteke: www.arkauteakademia.eus

Gainera, 900.840.088 doako telefonoa gaitu da ordutegi honekin: astelehenetik ostiralera, 08:00 h-tik 15:00 h-ra. Bertan, gaiari buruzko informazio guztia emango da.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izango da datorren astelehenetik, abenduak 18, aurrera, EHAAn argitaratutako deialdian jasotzen denez.

Oposizio-lehiaketa

Oraingoan, hautaketa-sistema oposizio-lehiaketarena izango da. Hala, hurrenez hurren, oposizioko eta lehiaketako sistemak erabiliko dira hautagaien gaitasuna erabakitzeko eta haien arteko lehentasun-ordena finkatzeko.

Oposizioa honetan datza: ezagupen-probak, proba psikoteknikoak eta nortasunekoak, gaitasun fisikokoak eta elkarrizketa pertsonala. Probak ezin izango dira hasi deialdia EHAAn argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin ahal izango dira.

Lehiaketa-fasean, meritutzat baloratuko dira titulazio eta diploma ofizialak, baita hizkuntzak jakitea ere (adibidez, ingelesa, frantsesa eta alemana).

Euskararen ezagutza gehienez 55 punturekin baloratuko da Europako Kontseiluak onartutako Hizkuntzetarako Erreferentziazko Europako Esparru Komuneko B-2 maila edo hortik gorakoa egiaztatuta dutenen kasuan, eta 20 punturekin B-1 mailakoen kasuan.

Euskararen ezagutza-maila egiaztatzeko, borondatezko proba bat edo gehiago egingo da. Titulazio baliokideak dituztenei puntuak esleituko zaizkie, aurreko atalean aurreikusitako proba edo probak egin beharrik gabe.

Sarbide-probak gainditzen dituztenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-ikastaroan sartuko dira eta, berori gainditu ondoren, praktikaldia hasiko dute dagozkion jarduera-arloen arabera egokienak suertatzen diren zentroetan edo dependentzietan, haien prestakuntza integrala lortzen saiatzeko eta Ertzaintzaren polizia-zerbitzuen egitura zehazki zein den jakiteko.

 

 

 

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Draconiangenie
    2017.eko abenduak 15

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Segurtasun Sailak 300 plazako deialdi berri bat atera du @ertzaintzaEJGV-ren 27. promoziorako ➡ https://t.co/gkiVHNPFP3

    ℹ️ Es…

Ekitaldiko kargudunak