Berriak Osasuna
Eu

Biocrucesek eta BBK-k hitzarmen bat sinatu dute, azken hori Ikerketa Sanitarioko Institutuaren Batzar Nagusian parte hartzeko

2017.eko abenduak 14

BBK osasun-institutuaren organo nagusian sartuko da, horrela sendotuz ikerketa aurreratuaren eta gizarte-ongizatearen alde egiten duen apustua

Honela, BBK izango da Biocruces Osasun Ikerketarako Institutua osatzen duen lehen erakunde pribatua

Osasun-zientzietan ikerketa aurreratuaren eta berrikuntzaren alde egiten duen apustuan, BBK kide berri legez sartu da Biocruces Osasun Ikerketarako Institutuaren Batzar Nagusian, eta lehen erakunde pribatua izango da zuzendaritza-organo horretan.

Xabier Sagredok, BBKko lehendakariak, eta Jon Darpon Sierrak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Biocruceseko Batzar Nagusiko lehendakariak, gaur izenpetu dute akordioa Biocruceseko egoitzan, BBK ere ikerketa-erakundean sartzeko.

Honela, gaur egun bertan dauden Osakidetza-Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, Osasun Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioarekin (BIOEF) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) batera, BBK ere Batzar Nagusian sartuko da, hots, institutuaren zuzendaritza, kudeaketa eta ordezkaritzarako organo gorenean.

Batzar Nagusiaren eta bere kideen eginkizun nagusia da, besteak beste, urteko aurrekontua onartzea, baita erakundearen zientzia- eta kudeaketa-programa onartzea ere.

2008an sortua, Biocrucesek biomedikuntzan, epidemiologian, osasun publikoan eta osasunzerbitzuetan ikerketa sustatzea bilatzen du, baita osasun-sistemaren programak eta politikak zientifikoki oinarritzea ere, osasun-zerbitzuen kalitatea indartzea, jardunbide klinikoa zientziaikerketa aurreratuarekin integra dadin bultzatzea eta enpresa-ehunera transferitzea.

Bere sorreratik, Institutuak aliantza-sare bat ezarri du Euskal Herriko eragile bioteknologiko nagusiekin, hor nabarmenduz CIC bioGUNE, Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa (BCAM), Ikerbasque eta Achucarro.

Gizarte-ongizatearekin konpromisoa

BBK Biocruceseko Batzar Nagusian sartzeaz gain, bi erakundeek indarrean dute aurretik urtero osasun-ikertzaileentzat beka-deialdia egiteko lankidetza-hitzarmena.

Ekimenak, aurten laugarren edizioan, talentudun profesionalak erakarri eta atxiki gura ditu euskal osasun-sisteman, ikerketa eta berrikuntza bultzatuz osasun-espezialista berrien artean eta lankidetza sustatuz nazioartean ospea duten beste zentro batzuekin.

Azken batean, bi erakundeek daukaten konpromiso komun honek medikuntzaren eremuan ikerketa-proiektu berriak laguntzeko helburua du, herritarrentzako osasun-arreta hobetzen laguntzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau