Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Marcos Muro: “Gazteek beren ahalmen guztia garatu ahal izatea funtsezkoa da, gure herrialdea Europan lehiakorra izateko”

2017.eko abenduak 14

-        ‘Talentuaren Ekosistema Europarra: Gazteentzako aukera handiak’ jardunaldiaren inaugurazioa

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak gaur ‘Talentuaren Ekosistema Europarra: Gazteentzako aukera handiak’ jardunaldiaren inaugurazio-ekitaldian esan du “gazteek beren ahalmen guztia garatu ahal izatea funtsezkoa dela, gure herrialdea Europan lehiakorra izateko”. Muroren hitzen arabera, “bat egiten dugu Europako Batzordearekin gazteen parte-hartzea gizartean funtsezkoa dela esatean, gizartearentzat berarentzat eta beren garapen pertsonalarentzat”.

Jardunaldiaren inaugurazioa gaur goizean izan da, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian eta, bertan, Muro Gregorio Rojo Arabako Merkataritza Ganberako presidentearekin, Pilar García Salazar Arabako diputatu nagusiordearekin eta Ekonomi Garapeneko eta Lurralde Antolamenduko foru-diputatuarekin eta Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin izan da.

“Europako Batzordeak egiten duen bezala, Eusko Jaurlaritzak ere giza kapitala, gure gazteen enplegagarritasuna eta lehiakortasuna sendotzeko lan egiten du. Hala egiten dugu, jakinik beraiek direla gure herrialdearen oraina eta etorkizuna, eta gazteek izan behar dutela beren bizitzetako protagonista jakinik”, esan du Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak.

Marcos Murok zera esan du: “kontratudun lehen lan-esperientziei bide ematea, enplegu-aukerak prestakuntza gehiagorekin hobetzea, gizarte- eta lan-orientazioa ematea edo gazte-ekintzailetza sustatzea, besteak beste, dagoeneko geure ardurapean ditugun eta egiten ditugun eginkizunak dira”, eta “datozen egunotan, IV. Gazte Plana aurkeztuko dugu. Gazteplanaren bidez, lehenengo eta behin, gure gazteentzat lehentasunezkoak iruditzen zaizkigun behar eta erronkei erantzun nahi diegu: enplegua, etxebizitza eta hezkuntza”.

Jardunaldia Europako Batzordeak antolatu du eta, bertan, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak honako gai hau aztertu dute: enpleguaren sorrera gizarte-kohesioaren eragile gisa. Ondorioak Eskualdeetako Lantaldeari eta Europako Batzordeari bidaliko zaizkie.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar García Salazar, Gregorio Rojo