Eu

Euskal Turismo eta Merkataritza sariak eman ditu Retortillo Sailburuak

2017.eko abenduak 15

Aurten, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eman dituen sariak hauentzat izan dira: turismoaren arloan, Valdelana Upeltegiko gerente Juan Jesús Valdelana, ibilbide profesional onenari; Azurmendi Enea, lehiakortasunari; Zerupe Hotela, berrikuntzari; eta aipamen berezia FestVal-i; eta merkataritzaren arloan, Blondie & Ole Morena, enpresa-lankidetzari; Joxe Mari Barriola, merkataritzaren berrikuntzari; Eguzkilore, ibilbide profesionalari; eta BilbaoCentro, hiri-merkataritzako inguruneen dinamizazioari.

Sari banaketaren ekitaldian, Sailburuak iragarri du Ignaziotar Lurraldearen Proiektuak, Turismo Sailak aurkeztuak, Europako Batzordeak sustatutako EDEN Saria (European Destinations of Excellence) jaso duela Espainian.

Bilboko Arte Eder Museoa izan da euskal Turismo eta Merkataritza sariak banatu diren egoitza, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo buru zela, Museoko zuzendari Miguel Zugazak lagunduta. Beste agintari batzuen artean Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan da bertan.

Retortillo Sailburuak eman duen diskurtsoan, turismoa desestazionalizatzeko eta deszentralizatzeko bere Saila aurrera eramaten ari den politiken garrantzia nabarmendu die saridunei, sektoreko enpresa-egiturek beren jarduerari urte osoan zehar eutsi ahal izateko. “Gure eskaintza –azpimarratu du Retortillok– eguzkian eta hondartzan oinarritzen den labore bakarreko turismotik urrun dago, eta horregatik indartu behar ditugu gure berezitasunak eta alderdi sendoak: munduan zehar ospea zabaldua duen gure gastronomia, gure baliabide naturalak, eta gure hiriburuetako eskaintza kulturala.” Turismoaren bikaintasunaren inguruan egiten ditugun politikak ugaritzeak emaitza hauek dakartza berekin: turisten egonaldia luzatzea, beren gastua handitzea eta ostatu-gauak gehitzeko erronkari aurre egitea.

Aipamen berezia egin dio Sailburuak merkataritzaren sektoreari, Merkataritza Sailak aste honetan aurkeztu duen kanpaina nabarmenduz. Kanpaina horren bidez 250.000 erosketa-bonu merkaturatu dira; hurbileko saltoki txikiei 2 milioi eta erdi euro txertatuko dizkien ekintza, alegia. Bestalde, merkataritza babesteko urtean zehar garatzen diren programa desberdinen errepasoa egin du sailburuak. Programa horien artean ondokoak nabarmendu ditu: establezimenduak modernizatzeko laguntzak; digitalizazio-programak; enpresa eskualdatzeko programak negozio bat utzi nahi dutenen eta negozio horri ekin nahi diotenen artean; etengabeko prestakuntza eta merkataritza-guneak dinamizatzeko estrategiak.

Azkenik, sari banaketak esparru gisa balio izan du EDEN saria Ignaziotar Lurraldeak jaso duela iragartzeko. Loiolako santutegitik abiatzen den ibilbide espiritual hau izan da EDEN sarien 8. edizioaren Espainiako baliabideen sariduna. Turismo sailak aurkeztutako kandidaturaren helburua izan da Ignaziotar Bidearen balioa nabarmentzea. EDEN Europako Sarea dagoeneko osatzen duten bikaintasun-helmuga nabarmenen artean kokatzen da proiektu irabazlea, turismoaren lehiakortasunaren eta iraunkortasunaren aldeko Europar Batasunaren ekimen honen esparruan.

 

ERANSKINA Saridunak

Turismo sariak 2017

1.- Juan Jesús Valdelana, Bodegas Valdelana enpresako gerente eta jabeak enoturismoaren alde egin du apustu Arabako Errioxan. Aitzindari da bera esperientzia berriak sortzeko bilatze lanean eta bidaiaria txundiarazteko zereginetan, betiere haren gogobetetasuna eta ongizatea zaintzea eta haren oroimenean iraungo duten esperientzia desberdinak bizi izatea helburu hartuta.

2.- Azurmendi Enea: Azurmendi berrikuntzaren adibide argi bat da, produktu berriak eta ekoizpen-prozesu berriak sortzen, merkatu berrietara sartzen, eta lehengai berriak eta antolaketa-eredu berriak erabiltzen. Ostalaritzako establezimendu bat ulertzeko modu berri bat, alegia. Eraikina muino baten hegalean dago kokatuta, eta mahastiez inguratuta, eta iraunkortasunari lehentasuna emanez diseinatu zen, hori baita “bere etxetzat” duen Eneko Atxaren filosofiaren funtsezko oinarria. Eta, izan ere, arkitektura garaikidearen eraikin iraunkor berezienetako bat da ziurrenez.

3.- Zerupe Hotela: Zerupe Hotela 2015ean inauguratu zuten eta berehala jaso zuen sektorearen errekonozimendua bere kontzeptuaren berrikuntzagatik eta iraunkortasunagatik, eta teknologien erabileragatik. Establezimendu turistiko berritzaile baten adibide argia da, berez negozio berritzaile bat delako ez ezik, nabe industrial bat izan zena gaur egun dena –hotel bat– bilakatu izanagatik eta joera berritzaileak erabiltzeagatik ere klimatizazioan, energiaren eraginkortasunean eta isolamendu akustikoan. Aurten beste bi sari lortu ditu: Rusticae eta La Razón sariak.

4.- FestVal: 2009an sortua, telebistari esklusiboki bere formatu guztietan eskainitako lehenengo jaialdia da. Ekitaldi honen inguruan produktu turistiko bat sortu da, eta bere helburuen artean daude nazioartean ospea lortzea telebistako produktuen ekoizpenari dagokionez, eta hedabideetan duen oihartzun handia baliatzea.

Merkataritza sariak 2017

1.- Blondie& Ole Morena: 2014an sortutako modako jantzi-denda, Olé Morena, emakumezko oinetakoen diseinuko euskal firma, eta Blondie, Gasteizko punta-puntako modako boutiquea elkartzetik. Azken joerak eskaintzen ditu jantzietan eta oinetakoetan espazio zabal, erakargarri eta goxo batean. Firmak diseinu ikusgarriak proiektatzen ditu bere bilduma guztietan, eta pasareletan, abangoardiako modan eta joerei dagokienez norabideak markatzen dituzten firma handietan aurkitzen du inspirazioa bere sortze- eta garapen-prozesuan.

2.- Joxe Mari Barriola Harategia: Joxe Mari Barriola Harategia, gune gastronomiko berdingabea da Ibarran. Berrikuntzaren adibide bat, negozio-kontzeptuari dagokionez ez ezik, halako famili negozioetan aplikatutako teknologiari eta bertan landutako produktuei dagokienez ere. Ezohiko harategi horretan tradizioa eta artisau era, “tradizioa eskura”, eskaintzen zaio bezeroari; erosteko esperientzia berezi bat, azken batean.

3.- Eguzkilore: 1959an hasi zen Zuluaga bitxi-denden historia Bilboko Alde Zaharreko beren aurreneko tailerrean, non Ixidor Zuluaga maisu bitxigileak bertan egiten zituen hiriburuko bitxi-denda ospetsuenetarako piezak. Orain, Zuluaga familiaren bigarren belaunaldiak zuzentzen du enpresa. Igotz Zuluagak, zeregin komertzialetan eta negozioaren garapenean, eta Ander Zuluagak, maisu bitxigileak, artisau-bitxigile lanean.

4.- BilbaoCentro: 2004an sortu zen Bilboko Indautxuko eta Zabalguneko merkatarien elkarteak bat egitetik. Elkarteak garrantzizkotzat jo zuen kalean bertan nabaritasuna izatea, elkarteko kideekin batera, erreferentzia nabarmenagoa izateko eta zerbitzua eraginkortasun handiagoaz emateko. Horregatik, 2009an, lokal bat inauguratu zuten, erdialdean eta azken belaunaldikoa, eta berehala bilakatu zen erreferentzia baita publiko handiarentzat ere, lokalaren barrualdean garatzen diren jarduerek erakarrita.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2017.eko abenduak 17

    Comentario de Twitter:
    El Consejero Retortillo ha entregado los premios de Turismo y Comercio de Euskadi 2017 https://t.co/CoLzzXWcojhttps://t.co/EEVZGXVd2O

Ekitaldiko kargudunak