Berriak Herrizaingoa
Eu

Trafiko Zuzendaritzak EAEko gidariei buruzko txosten baten ondorioak aurkeztu ditu

2010.eko abenduak 16

Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak eta Josu Sierra Zuzendaritza horretako Ikerketa arloko arduradunak EAEko gidarien jokabideei buruzko txosten baten ondorioak aurkeztu dituzte gaur goizean, Donostian

Urriko azken hamabostaldian 1.600 gidariri kalean egindako inkesta batean oinarrituta,  txostenak Euskadiko gidarien deskribapena egiten du, euren istripuen eta zigorren historia argitzeko eredu bat ezartzen du eta arrisku-taldeak antzematen ditu, egingo diren kontzientziazio-kanpainen bidez haiengan eragiteko.

Adineko gizonezkoak dira istripu eta zigor gehien izan dituzten gidariak; izan ere, gehien arriskatzen direnak dira eta, lana dela eta, astean batez bestekoa baino gehiago ematen dute gidatzen. Istripuren bat izandako gidari gehienek auto bat gidatzen zuten eta, euren iritziz, distrazioak eragin zuen ezbeharra. Gidarien % 48k euren istripuaren errudunak ez zirela uste dute.
Halaber, jokabide arriskutsuek (abiadura-mugak gainditzea, gidatzerakoan telefonoz hitz egitea, alkohola edo drogen eraginpean gidatzea) istripu eta isun gehien izandako gidariaren profilarekin lotura dute.

Gizonezkoek eta emakumezkoek jarrera ezberdina erakusten dute abiadura-mugen aurrean

Inkestako galderak erantzun dituzten gizonen erdiek gehiegizkotzat jotzen dituzte abiadura-mugak; emakumeen % 33k baino ez dute gauza bera pentsatzen, ordea. Arriskutsutzat jotzen diren jokabideei dagokienez, gizonezkoek emakumezkoek baino bi aldiz gehiago gainditzen dituzte abiadura-mugak, eta jarrera negatiboagoa erakusten dute radarren aurrean. Gizonezkoen % 43k alkohola edo drogak kontsumitu ostean gidatu izan dutela onartu dute; emakumeen kasuan, berriz, % 23k baino ez dute onartu hori egin izana. Gizonek emakumeek baino urte gehiago daramatzate gidatzen, eta kilometro gehiago egiten dituzte astean. Gizonezkoek dituzten istripuen kopuruak ia bikoiztu egiten du emakumezkoena eta ezberdintasun hori ez da desagertzen gidatutako kilometro kopurua berbera izan arren.

25 urtetik beherakoek gehiagotan gainditzen dituzte abiadura-mugak


18 eta 25 urte arteko gazteek nagusiek baino gehiago gidatzen dute gauez. Halaber, zigor gehiago jaso dituzte behar ez bezala gidatzeagatik, eta jokabide arriskutsu gehiago erakusten dituzte gidatzerakoan: abiadura-mugak gainditzen dituzte eta telefonoz hitz egiten dute. Halere, edari alkoholdunen edo drogen eraginpean gidatu dutela onartu duten gazteen kopurua nagusiena baino txikiagoa da. 25 urtetik gorakoek izandako istripuen batez bestekoak ia bikoiztu egiten du gazteek jasandakoena.

Gidarien % 50ek ez dute inoiz ez istripurik ez zigorrik izan


Txostenean jasotako ondorioen arabera, Euskadiko gidari gehienek astean 1 eta 10 ordu bitartean ematen dituzte gidatzen, eta 200 kilometro baino gutxiago egiten dituzte. Gidarien % 50ek ez dute inoiz ez istripurik ez zigorrik izan eta % 95ek segurtasun-uhala edota kaskoa erabiltzen dute. Bestalde, % 72k gidatzerakoan sakelako telefonoz hitz egiten ez dutela diote eta % 60k alkohola edota drogak kontsumitu ostean ez dutela inoiz gidatu baieztatzen dute. Abiadura-mugei dagokienez, gidarien % 20k maiztasunez gainditzen dituztela onartzen dute.

 






Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)