Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Hamabost erakunde inguru lehen aldiz bildu dira EAEko Nazioartekotze Kontseiluan

2010.eko abenduak 16

Jaurlaritza "Lehentasunezko jarduneko merkatuei" buruzko txosten bat lantzen ari da, harremanak izateko interesgarrienak diren herrialdeei buruzko azterlan bat

Esportazioak % 20,8ko erritmoan hazi dira eta inportazioak % 25 inguru, urteko lehenengo zazpi hilabeteetan

EAEko Nazioartekotze Kontseilua gaur eratu da Lakuan, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda buru izan duen bilera batean. Hamabost erakunde inguru ere hurbildu dira bilera horretara, horien artean Eusko Jaurlaritzaren hainbat arlo (Kanpo Harremanak, Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza eta SPRI), Bilboko eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Confebask, ICEX, Energiaren Klusterra, ACEDE, Euskal Herriko Itsas Foroa, AFM, Gaia, Bilbao Exhibition Center eta CCOO.

Aurreko Nazioartekotze Batzordea ordezten du Kontseiluak eta honako eginkizun hauek ditu:

  • Nazioartekotzearen sustapenean jarduten duten administrazioak eta erakundeak elkartzeko foro izatea.
  • Ordezkaturiko erakundeek nazioartekotzearen alorrean martxan jartzen dituzten jardunak koordinatzea.
  • Erakundeen artean egin daitezkeen lankidetza-jarraibideak ezartzea.
  • Aurkezten diren jardun-ekimenak proposatzea eta eztabaidatzea.
  • Ordezkaturiko erakundeek egiten dituzten ekintzak ebaluatzea.
  • Nazioartekotzea sustatzeari dagokionez, sustapen ekonomikoko planak lantzerakoan eta martxan jartzerakoan aholku ematea.

Gaurko osoko bilkuran, gaur egungo testuingurua errepasatu dute eta erakunde bakoitzak nazioartekotze-arloan 2010ean garaturiko jardueren berri eman du, eta 2011rako dituen aukeren berri ere bai.

Foro hori sortu izana aurrerapausoa da euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzeko bidean eta lankidetza-adibide bat da maila guztietan.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari dagokionez, ekonomia irekiaren aldeko apustua indartzen du Kontseiluak, eta horixe da aurten onarturiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren ardatz estrategikoetako bat. Zenbait kontzeptu —hala nola inportazioak eta esportazioak—, zentzu bikoitzeko inbertsioak (gure enpresenak beste merkatu batzuetan eta atzerriko inbertsioak Euskadin), nazioarteko sareetako parte-hartzea, talentua erakarri eta atxikitzea eta abar biltzen ditu. Eta kontzeptu berri bat ere biltzen du: IBN+G, non I+G+B ekuazio tradizionalari nazioartekotzea gehitzen zaion.

Aurten, gainera, nazioartekotzearen aldeko apustu garrantzitsua egin dugu. 2011rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuek % 14ko igoera handi bat biltzen dute arlo horretan, gaur egungo aurrekontu-austeritateko testuinguruan.

Nazioarteko testuinguru ekonomikoari errepasoa eman zaio bileran. Munduko BPGa % 4,5 baino zertxobait gehiago hazten egongo litzateke jada, krisialdiaren aurreko urteetan izan zuen erritmora (% 5 pasatxo) hurbilduz.

Euskadin, BPGa % 0,6 hazi da urteartean 2010eko hirugarren hiruhilekoan. Horrela, aldi hedakor berri bati hasiera eman dio euskal ekonomiak eta aurrea hartu dio Espainiako ekonomiari. Hurrengo hiruhilekoetan susperraldia gertatuko dela aurreikus badaiteke ere, erritmoa mantsoan izango da.

2010. urtea ona izan da euskal esportazioentzat, batez ere iazkoarekin alderatuta. Urtarriletik uztailera bitarte, euskal produktuen kanporako salmentak oso nabarmen hazi dira, % 20,8. Esportaturiko guztizkoa 10.265 milioi eurotik gorako balioak lortu ditu.

Inportazioek antzeko portaera izan dute, % 25 inguruko hazkundeekin lehenengo zazpi hilabeteetan, eta industria-jardueraren susperraldi positiboaren adierazle gisa ikus daiteke hori.

2010eko jardunak

Bilduriko instituzio eta erakundeek aukera baliatu dute aurten nazioartekotze-alorrean eginiko jardun esanguratsuenak azaltzeko. Horrela, Brasilerako eta Txinarako merkataritza-misioak nabarmendu behar dira, lehendakaria buru zela eta ordezkaturiko euskal enpresen presentzia handiarekin.

Euskal enpresei zuzenduriko kanpo-merkatuetako jarduerak ere egin dira (Polonian, Silesia Beherean, Mexikon eta Brasilen). Gainera, atzerriko herrialdetako erakunde eta agintarien 25 bisita baino gehiago jaso ditugu.

Era berean, aurten Prointer programak 103 enpresa subentzionatu ditu nazioartekotzeari buruzko gogoeta estrategikoa egin dezaten kanpo-aholkularitzarekin, eta nazioartekotze-planen beste 355 egikaritzapen-proiektu ere bai. Guztira, 11 milioiko diru-laguntza. Beste programa batek, Gauzatu Kanpo Ezarpenak programak, bederatzi proiektu babestu ditu, eta 13,7 milioi euroko inbertsioa izan da hori guztira.

Ahalegin berezia egin dugu dimentsio handiagoa eta enpresarteko lankidetza bultzatzeko. Ildo horretan, 37 jardun babestu ditugu (esportazio-partzuergoak sortzea, sustapen-taldeak, produkzio-partzuergoa).

Bestalde, www.intersarea.net webgunearen edukiak eguneratzeko lanean ari gara, zerbitzu horren bidez eskaintzen baitie Eusko Jaurlaritzak informazioa enpresei nazioartekotze-arloan, eta batez beste 2.500 bisita jasotzen ditu hilean.

SPRIren kanpo-sarea ere Euskadira etorri da enpresaburuak orientatzeko. Aurten ia mila elkarrizketa egin ditu.

Aurten berriz ere Intergune foroa antolatu dugu Gipuzkoako Nazioarteko Foroarekin batera, eta 572 partaide bildu ziren bertan. Gainera, informazio-jardunaldi ugari antolatu dira Eusko Jaurlaritzaren, Ganberen, ICEXen, patronalen eta beste erakunde batzuen laguntzarekin.

Etorkizuneko proiektuak

Gaur aurkezturiko etorkizuneko proiektuen artean, ‘Lehentasunezko jarduneko merkatuak’ deituriko txosten bat lantzen ari direla nabartzen da. Bertan, merkatuen ezaugarriak, horien garrantzia eta euskal enpresentzat duten erakargarritasuna aztertzen dira. Euskal enpresen nazioartekotzearen alde lan egiten duten agente eta erakunde guztiekin laster batean partekatuko dira azterlan horren ondorioak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 16a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)