Eu

Kontroleko osoko bilkura (2017/12/15)

2017.eko abenduak 15

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Euskadin erreformak egiteari buruz.  

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak hiru irizpiderekin heldu dio erreformaren planari: estrategia partekatua, gardentasuna eta iraunkortasuna. Gogora ekarri duenez, legealdiaren aurreneko urtean “erreformak planeatu eta adosteko” gaitasuna erakutsi du eremu guztietan, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetze aldera.

Aurreneko urte honetan Legebiltzarrari igorri dion Gobernu Programak 650 ekimen, 12 plan estrategiko (beste hiru hilabete honetan) eta dagoeneko tramitazio-fasean diren zortzi lege (beste 20 lantzen ari da) biltzen ditu. Proposamenen artean honakoak nabarmendu ditu: Enplegu Plana, “Basque Industry 4.0”, Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plana; Portuen eta Itsas Garraioaren Lege Proiektua, Kultur Ondarearena, Energiaren Iraunkortasunarena; Lanbideren erreforma-proposamenak; Etxebizitza Plan Zuzendaria, DSBEren erreforma; Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plana; eta egiteko dauden transferentzien txostena, besteren artean.

Interpelazioan, Lehendakariak Alderdi Popularrari eskatu dio “2018rako hausnarketa bat egiteko” eta Legebiltzarreko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Batzordeko kide egiteko.

Interpelazioa, Iñigo Martínez Zatón Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, garapenerako lankidetzaren plangintza estrategikoari buruz

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak konpromiso guztiak bete ditu Lankidetzaren arloan, 2013az geroztik “urtetik urtera” gehitu duelarik dagokion aurrekontua. Izan ere, gogora ekarri duenez, erkidego solidarioena da Euskadi Estatuko erkidego guztien artetik; populazioaren % 5 bakarrik dela kontuan izanik, Espainian Lankidetzara zuzentzen diren baliabide ekonomiko guztien heren bat baino gehiago ematen du Euskadik.

Urkulluk azaldu du Lankidetzara zuzendutako aurrekontua ez dela bakarrik mugatzen Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren zuzkiduretara, Lankidetzarekin hartutako konpromisoa hedatu egin baita Eusko Jaurlaritzako sailetara baita Euskadiko instituzio guztietara ere, kontuan izanik “politika publikoen koherentziarekin” hartutako konpromiso bat dela, ziurtatu du Lehendakariak, “Lankidetzaren kultura berri bati” hasiera ematen diona.

Lehendakariak aitortu duenez, beharrezkoa da azken urte hauetako balantze bat egitea eta paradigma berrietara egokitzea ahalbidetuko duen eztabaida bati heltzea; hausnarketa bat egitea, azken batean, Plan Zuzendari berrian islatuko dena, Plangintza Estrategikoaren Orientabide Orokorretan bildutako aginduak bete beharko dituenean. “Euskadi ahalegindu egin da, ahalegintzen ari da eta ahalegindu egingo da Lankidetzaren eremuan”, gaineratu du.

Galdera, Rebeka Ubera Aranzeta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gobernuaren hizkuntza ohiturei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa euskararekiko, Gobernu Programan islatuta ikusten den bezala. Emandako pausoen artean ondokoak nabarmendu ditu: HABEren eta Lanbideren artean sinatutako akordio bat langabeek euskara ikas dezaten; ezagutza-ziurtagirien egokitzapena Europako esparrura; euskararen presentzia sareetan, zehazki Wikipedian; Bikain eta Lanhitz bezalako ekimenak euskararen erabilera lan-eremuan bultzatzeko, eta Nafarroako Gobernuarekin eta Iparraldearekin sinatutako hitzarmena.

Urkulluk aitortu duenez, oraindik bidea egiteko badago ere, azken hamar urteetan euskarak gora egin du eta ospea irabazi du euskal gizartean.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Gerra Zibilak Euskadin izan zituen biktimen gorazarre eta oroimenari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak azaldu du Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, 2017. urte honetan eta aurrekoetan ere, hainbat ekitaldi antolatu dituela Gerra Zibileko biktimak aitortu eta haiei ordaina emateko, 2007ko Memoria Historikoari buruzko Legearen irizpideari jarraituz. Ziurtatu duenez, Exekutiboak “irizpide inklusiboa” erabiltzen du, krimenak sailkatzean eta haien biktimak aitortzean bereizketarik egiten ez duena, hain zuzen ere 1936-1978 giza eskubideen urraketen Oinarri Txostena inspiratzen duena; txostena laster emango da ezagutzera Gerra Zibilean hildakoen datu nominatiboekin. “Ez dugu bereizketarik egiten eta ez dugu biktima batzuen eta besteen arteko berdinketan erori behar; Francoren botereak erabilitako indarkeria Estatu estrategia bat izan zen, beldurra sistematikoki zabaltzeko estrategia, alegia”, zehaztu du.

Lehendakariaren iritziz, demokraziak zor bat dauka oraindik garbitzeko “euskal instituzioek gurekin duten zortzat duguna", eta zor hori garbitzea proposatzen du bizikidetza kontziliatua eraikitzeko. Zor hori, gaineratu du, Estatuko instituzioek dute ere bai eta, hortaz, Memoria Historikoaren Legeak ezartzen duen agindu parlamentarioa bete dezaten eskatu du. “Emateko dagoen pausoa da, beharrezko eta bidezko pausoa", gaineratu du.

Biktimak aitortzeko antolatu diren ekitaldietan talde politiko guztiengandik lortutako parte hartzea nabarmendu du Urkulluk. “Balio handia ematen diot erakutsitako batasunari”, gaineratu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak