
EBk euskal parte-hartzea duten hiru proiektu aukeratu ditu europar abangoardia bultzatzeko itsas energia berriztagarrien, ekonomia zirkularraren eta big dataren alorretan
Euskadik europar aitortza jaso du bere ahalmen berritzaileagatik eta Europako beste eskualde eta bazkide batzuekin batera lan egiteagatik, itsas energia berriztagarrien, ekonomia zirkularraren eta big dataren alorretan
Berrikuntza eta espezializaziorako europar agendarekin bat etorriz, eta Euskadik gidatu eta beste eskualde batzuekin batera gauzatu dituen lan bateratuari eta lankidetzari esker, Vanguard Initiative sarearen baitan, EBk jakinarazi du finantziazioa eman diela euskal parte-hartzea duten hiru proiekturi: horietako bat, Eskoziak eta Euskadik gidatuta, itsas energia berriztagarrien alorrekoa da; beste bat, Lonbardiak gidatua, ekonomia zirkularraren alorrekoa (fabrikazioa - desfabrikazioa); eta hirugarrena, Andaluziak eta Emilia Romagnak gidatua, nekazaritzako elikagaien sektoreko trazabilitate eta big datari buruzkoa. Hiru proiektu horiek EBko exekutiboak euren berrikuntza-ahalmenagatik aukeratu dituen 8 eskualdearteko partenariatuz osatutako zerrenda murriztu batean daude sartuta.
Azpimarratzekoa da EBk aukeratu dituen 8 eskualdearteko partenariatu horietako 4k Vanguard Initiative sarean dutela euren jatorria. Euskadi bere bazkide sortzaileen artean duen elkarte horrek 30 europar eskualde baino gehiago biltzen ditu, interes komun baten inguruan: eskualdearteko lankidetza indartzea hazkunde industrial berri bat bultzatzeko.
Europar Batasunaren laguntza finantzarioari esker, aukeratutako 8 ekimen horiek euren proiektuak garatu ahal izango dituzte lehentasun handiko sektoretan, hala nola: makrodatuak, bioekonomia, baliabideen erabilera eraginkorra, fabrikaziorako teknologia aurreratua edo zibersegurtasuna.
Aukeratutako eskualdearteko partenariatuak iragartzerakoan, Eskualde Politikako europar Komisario Corina Cretuk hauxe azpimarratu du: «Lehiakortasun-abantaila egokiak dituzten eskualdeek euren proiektuak ekarri ahal izango dituzte esparru komun handi batera. EBren sostengu egokiarekin, haien ideia onak produktu berritzaile bihurtuko dira, eta horien artean egongo dira biharko europar berrikuntzaren izarrak».
Eskualdearteko partenariatu horien aldeko sostengua Europako Batzordeak 2017ko uztailean aurkeztutako neurri multzo baten zati da; helburua da beste urrats bat egitea espezializazio adimenduaren bidean eta berrikuntza EBko eskualdeetan bultzatzea, euren posizioa mantendu ahal izan dezaten ekonomia globalizatuaren testuinguruan. EBk eskualdearteko partenariatuei ematen dien sostenguari esker, eskualdearteko lankidetzaren ikuspegi berriak probatuko dira eta informazioa emango zaio Europako Batzordeari, eta hori lagungarria izango da espezializazio adimenduari buruz 2019an hausnartzeko.
2018ko urtarriletik aurrera, aukeratutako partenariatuek Europako Batzordeak eratutako talde adituen sostengua jasoko dute, finantziazioaren alorrean. Batzordearen laguntza praktiko horrez gain, elkarte bakoitzak kanpoko aholkularitza-zerbitzu bat erabil dezake, gehienez 200.000 euro gastatuz, hedakuntza- eta merkaturatze-jardueratarako. Funtsak Eskualde Garapeneko Europako Funtsetik datoz (EGEF).
Espezializazio adimendurako europar estrategia:
EBk funtsezko rola jokatu du EBko eskualdeen hazkunde-ahalmenaren aprobetxamenduan, zeren inbertitzen lagundu baitie bakoitzarentzat lehiakortasun sendokoak diren eremu espezializatuetan, “espezializazio adimenduneko” Estrategien bitartez.
Euskadik modu berean jokatu du, zeren esparru estrategiko bat onartu baitu 2020rako ZTBParen bidez, horixe baita berrikuntzarako eta espezializazio adimendurako euskal agenda estrategikoa. Esparru horretan, lehentasunezko eremu estrategikoak honako hauek dira: Fabrikazio aurreratua, Energia eta Biozientziak-Osasuna; eta aukera-nitxo bezala: nekazaritzako elikagaien sektorea; Ekosistemak eta ingurumen-lehengoratzea; Industria kultural eta sortzaileak; eta turismoa.
Orain arte, Europan espezializazio adimendunerako 120 eskualde-estrategia abiatu dira. Horien aplikaziora 40.000 milioi euro zuzendu dira, kohesio-politikaren funtsetatik.
-
2017-12-13
Comentario de Twitter:
La UE selecciona tres proyectos con participación vasca para impulsar la vanguardia europea en energías marinas,... https://t.co/AXBC8sgm3e