Eu

Gobernu batzordeak 104.000 euro onartu ditu euskararen erabileraren esparruan ikerketa sustatzeko (Gobernu Bilera 2017-12-12)

2017.eko abenduak 12
  • Hiru diru-laguntza zuzenen bidez ikerketa-proiektuak sustatuko dira UEMAren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen bidez

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak hiru diru-laguntza zuzen onartu ditu bere gaurko saioan euskararen erabileraren esparruan ikerketa sustatzeko. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatea dira ikerketa ezberdinak egiteko arduradunak eta, guztira, 104.000 euro inbertituko ditu Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak proiektu horietan.  

Lehenengo ikerketa-ildoari dagokienez, UEMAk 34.000 euro jasoko ditu euskaldunen dentsitate handia duten inguruetan euskararen erabilera aztertzeagatik edota horren inguruko topaketak bultzatzeagatik. Kasu honetan, 2017an zehar burutu diren edo burutuko diren bost jarduera diruz lagunduko dira. Lehenengoa, ‘Udalerri euskaldunak eta arnasguneak’ jardunaldia da, diru-laguntza honi esker iragan azaroaren 22an antolatu zen topaketa hau. Bigarrenak UEMAko eta Tolosaldeako udalerrietan euskararen erabilera neurtzea izan du helburu, eta urtean zehar burutu da. Horrez gain, urrian izandako ‘Salto’ udalerri euskaldunen topaketak bultzatu dira akordio honi esker eta, horrekin batera, Tolosaldeako hiztunak aktibatzeko garatzen ari den proiektu bat ere lagunduko da. Azkenik, urrian aurkeztu zen ‘Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak’ ikerketa gauzatu ahal izan zen kontu-sail honi esker. 

Deustuko Unibertsitateak, halaber, 35.000 euroko diru-laguntza jasoko du ‘Testuinguru oztopatzailean euskararen hiztun aktibo bihurtzea: aukerak eta zailtasunak’ izeneko ikerketa-egitasmoa burutzeko. Esperientzia honen bidez Bilbo Handiko euskaldunek, bereziki hiztun gazteek, euskara modu aktiboan erabiltzeko dituzten esperientzia, oztopo eta aukeretan sakondu nahi da. Datuak jasotzeko hiru teknika mota erabiliko dira: eztabaida-taldeak eta bakarkako elkarrizketak, teknika etnografikoen bidez behatutako praktikak eta, azkenik, eragileekin mintegiak. 

Azkenik, 35.000 euroko diru-laguntza bati esker, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak ikerketa bat sustatuko du ikasleen euskararen erabileraren inguruan. HUHEZIko ikasleen kultura- eta hizkuntza-identitateen bilakaeraren azterketan eragiteko gakoa’ izango da ikerketaren izena. Gauzatu ahal izateko lau urteko proiektua jarri da abian, 2016-2017 ikasturtean lehenengo mailan hasi ziren ikasleen jarraipena eginez. Diagnostiko bat egingo da, bai eta erabilera sustatzeko marko bat proposatu ere. Diagnostikoa egiteko, lehenengo mailako 197 ikasleri inkesta pasatu zitzaien 2016-2017 ikasturtearen hasieran. 

Galdesortan euskararekiko jarrerak, motibazioak eta portaerak neurtu dira. Lehenengo mailako ikasleen euskara erabilera ere neurtuko da HUHEZIko espazio ez formaletan (taberna, sarrera-irteerak…). Hasierako galdesorta horretako datuak baliatuko dira ikasleen tipologia bat zehazteko, eta tipologia horren arabera, hurrengo ikasturteei begira esku-hartzerako proposamen ezberdinak diseinatuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko