Berriak Hezkuntza
Eu

Diru-laguntza zuzena Laukarizko Guraso Elkarteari, eskola jantokiaren autogestiorako proiektu pilotua garatzeko (Gobernu Bilera 2107-12-12)

2017.eko abenduak 12

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 12.934,86 euroko diru-laguntza zuzena ematea Haur eta Lehen Hezkuntzako Laukariz Ikastetxeko Guraso Elkarteari (Mungian), eskola jantokiaren autogestiorako proiektu pilotu integrala gara dezan.

2017-2018 ikasturte hasierarekin abian jarri duten kudeaketa era honetan, Laukariz HLHI-ko Guraso Elkarteak berak hartu du bere gain jantokiaren kudeaketaren ardura osoa: lehengaiak erosteaz arduratzen dira, ahal den neurrian bertako ekoizleei eta merkatariei, eta baita jantokiko zaintzaileez ere, kanpoko enpresa baten bidez. 

Kudeaketa zuzena duten jantokien finantziazioa –honako hau eredu horretakoa da- zerbitzu hori erabiltzen duten familiek ordaintzen dituzten kuoten bidez eta Hezkuntza Sailak ikastetxeetara, zerbitzuaren kostu osoa ordaintzeko, egiten dituen ordainketa-aginduen bidez egiten da. Beraz, Laukarizko Guraso Elkarteari ematen zaion diru-laguntza zuzen honen bidez, Hezkuntza Sailak herri horretan abiatu den esperientziari babes inportantea ematen dio, eta aldi berean, ikastetxeetako jantokien autogestiorako programa pilotuarekiko konpromisoa ere erakusten du. 

Laukarizko proiektu honekin, lau dira Hezkuntza Sailak bultzatutako programa pilotuan dauden esperientziak: Bekobenta HLHI Markinan, Allende Salazar HLHI Gernikan, Laukariz HLHI Mungian eta Urduña HLHI Urduñan.

Laukariz Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxea Mungia erdigunetik 2 kilometrora dago, eta 2 urtetik 12ra bitarteko 181 haur ditu bere geletan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko