Eu

Beatriz Artolazabal: “Bherria ikasteko espazioa da, toki-administrazioaren eta herritarren arteko harreman-formula berriak bilatzeko elkargunea”

2017.eko abenduak 05

 

  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak diplomak eman dizkie Bherria proiektuan parte hartu duten euskal udalerrien hogeita hamar ordezkariei
  • Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna
  • “Pertsona jakin-nahi eta berritzaileek osatzen duten Bherria sarea eraikitzen eta indartzen jarraitu nahi dugu”
  • Proiektu berritzaileak pertsonako 50 orduko dedikazioa izan du gutxi gorabehera, eta hiru ‘Agora’ izan ditu ardatz
  • www.bherria.eus

Bilbao, 2017/12/05

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur adierazi duenez, “pertsona jakin-nahi eta berritzaileek osatzen duten Bherria sarea eraikitzen eta indartzen jarraitu nahi dugu”. Sailburuak diplomak eman dizkie gaur eguerdian ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ proiektuaren lehen edizioan parte hartu duten pertsonei, ZAWPen (Zorrotzaurre Art Work in Progress) egoitzan, Bilbaon. Bherria berrikuntza sozialeko prozesu pilotua izan da, herritarren partaidetzako eta ekintza sozialeko egungo esperientziak abiapuntu hartuta gogoeta egiteko eta ikasteko elkargune baten eraikuntza bultzatu duena.

 

Sailburu Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, Boluntariotzaren Euskal Kontseiluko lehendakari José Alberto Vicentek eta Gizarte Zerbitzuen zuzendari Emilio Solak, gaur, Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren ospakizunean, ‘Bherria. Herritartasun berrirako agora’ proiektua azpimarratu dute, “herritarren partaidetzako eta ekintza sozialeko egungo esperientziak abiapuntu hartuta gogoeta egiteko eta ikasteko elkargune baten eraikuntza” bultzatzeko helburuarekin sortu zen berrikuntza sozialeko prozesua, “euskal udalerrien hogeita hamar ordezkariren partaidetza izan duena”.

 

“Hau ez da prestakuntza-prozesu hutsa; ez zaudete hemen plan bat diseinatzeko, kongresu batean parte hartzeko, edo jardunbide egokiak ezagutzeko… Hori guztia izan da, batera gainera, eta askoz ere gehiago, zuen inplikazioarekin egin dituzuen ekarpenei esker”, adierazi du Artolazabalek.

 

Ekimena, 2017-2020 aldirako Boluntariotzaren Euskal Estrategian kokatua, Euskadiko Administrazio Publikotik partaidetzari eta boluntariotzari lotutako balioak indartuko dituzten bide eta proiektu berriak arakatzeko sortu da, ikasteko espazio baten modura, toki-administrazioaren eta herritarren arteko harreman-formula berriak bilatzeko elkargunea izan dadin, haien ingurunea hobetzeko.

 

Agorak

Proiektu “asmo handiko eta berritzaile” honek pertsonako 50 orduko dedikazioa izan du gutxi gorabehera, eta hiru ‘Agora’ izan ditu ardatz. Agorak gai bakoitzeko adituek eskaini dituzte eta prestakuntza-espazio presentzial eta digitaletan garatu dira. Azken hiru hilabeteetan, berrikuntza sozialeko ekimen inspiratzaileekin erakusgai jarri dira, jakintzak eta esperientziak trukatu dira, abian diren edo gauzatzekotan dauden proiektuei laguntza espezializatua inplementatu zaie, eta sare bat eraiki da Euskadiko hainbat udalerritan erantzukizun tekniko eta politikoko postuak betetzen dituzten hogeita hamar pertsonaren artean.

 

“Esperientzia honen ondoren, eseri egingo gara berriz. Zuen proposamenak entzungo ditugu, talde teknikotik eta gure saileko pertsonengandik ikasi duguna kontuan izango dugu eta ekimenak inplementatzen jarraituko dugu Bherria espirituarekin”, azpimarratu du Artolazabalek.

 

Bherria berrikuntza sozialeko prozesu pilotua da, herritarren partaidetzako eta ekintza sozialeko egungo esperientziak abiapuntu hartuta gogoeta egiteko eta ikasteko elkargune baten eraikuntza bultzatzea helburu duena.

 

BHERRIA programa toki-administrazioan erantzukizun politikoa eta teknikoa duten langileei zuzendu zaie, parte hartzeko eta lankidetzako estrategietatik beren ingurunearen hobekuntzan eragiteko modu berriak bilatzen dituztenei: besteak beste, ekintza sozialari, herritarren partaidetzari, gazteriari, emakumeari, immigrazioari, lankidetzari edo sustapen ekonomikoari lotutako langileei.

 

Proiektu publiko-sozial bat abian duten edo herritarrekin lankidetzan jarduteko esperientziaren bat inplementatzea baloratzen duten eta, adituen laguntzarekin, beste prozesu batzuekin —abian edo amaituta daudenak— kontrastatu nahi duten administrazioetako pertsonak bilatzen ditu ekimenak.

 

BHERRIA programan parte hartu duten pertsonek konfiantzako ingurune batean zalantzak partekatzeko eta giltzarri berriekin esperimentatzeko aukera eman dien prozesu batean parte hartu dute. Programa urritik abendura garatu da eta Agora izendatu dituen hiru gogoeta-espazio proposatu ditu ikasteko ardatz nagusi gisa: Autokudeaketaren eta Herri Ondasunaren Agora, Smart Citizen Agora (herritar adimendunak) eta Entzunaldi eta Komunikazio Digitalaren Agora.

 

Edukiak

Berrikuntza sozialeko, herritartasun irekiko eta komunikazioko proiektuetan hainbat urtetako esperientzia duten profesionalen talde batek eskueran jarritako online prestakuntza-plataforma batean oinarritu da edukietan sakontzeko lana.

 

Denbora horretan, parte-hartzaileek ideiak, edukiak eta esperientziak trukatu dituzte eta lankidetzan jardun dute sarean. Gainera, hiru topaketa presentzial eta bi bisita egin dituzte proiektu adierazgarri bat landutako edukien ikuspuntutik ezagutzeko. Azkenik, zeharka, pertsona bakoitzak mentoring pertsonalizatua izan du prozesuaren bideratzaileetako batekin.

 

Euskarazko BERRIA eta HERRIA terminoak uztartuta sortzen den BHERRIA programak web-plataforma hau du: www.bherria.eus. Aldi berean, sare sozialak (Facebook eta Twitter) gaitu dira, elkarrizketak, kontrasteak eta gogoetak espazio digitalean jarrai dezan, #BHERRIA etiketapean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak