Eu

Beatriz Artolazabal: “langabeziak behera egin du jarduera-sektore eta adin-talde guztietan, gizonen eta emakumeen artean eta hiru lurraldeetan”

2017.eko abenduak 04
  • Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabe kopuruak behera egin du: azaroan 1.764 langabe gutxiago zeuden
  • Erregistratutako langabezia-tasa % 12,2koa da
  • “Langabe kopuru hori 2009. urte amaieran zegoenaren antzekoa da”, gogorarazi du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak
  • Kontratu mugagabeen kopuru metatua % 12,85 hazi da urteko lehen hamaika hiletan

Vitoria-Gasteiz, 2017/12/04

Euskadik 128.293 langabe ditu Lanbiden erregistratuta azaroa amaitu denean. Beraz, erregistratutako langabezia-tasa % 12,2koa da. Zehazki, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabe kopuruak behera egin du: azaroan 1.764 langabe gutxiago zeuden (–% 1,36) eta azken hamabi hilabeteetan, bestalde, 9.408 langabe gutxiago (–% 6,83).

 

Langabeziak behera egin du jarduera-sektore guztietan, adin-talde guztietan, gizonen eta emakumeen artean eta hiru lurraldeetan. Baita iraupen laburreko langabeen eta luzaroko langabeen artean ere”, azpimarratu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.

 

“Langabe kopuru hori 2009. urte amaieran zegoenaren antzekoa da”, gogorarazi du Artolazabalek. “2009ko azaroan 127.454 langabe zeuden erregistratuta eta urte horretako abenduan 128.201. Krisialdiaren aurretik, oparoaldiko urteetan, azaroa ez zen enplegurako hil ona, baina 2013. urteaz geroztik, urte amaieran behera egin ohi du langabe kopuruak eta aurten, 2017. urtean, joera hori mantendu egin da”.

 

Azken hil honetan behera egin dute iraupen laburreko langabeziak (–1.044) eta luzaroko langabeziak (–719). Urteko erreferentzian, alabaina, beherakada handiagoa nabaritu da luzaroko langabeen kolektiboan (% 7,82 jaitsi da), iraupen laburreko langabeen artean erregistratu den % 5,68ko jaitsierarekin alderatzen badugu. “Susperraldi ekonomikoa ere aukerak ematen ari zaie langabe kronifikatuenei”, Artolazabal sailburuak ohartarazi duen moduan.

 

Azaroan langabeziak behera egin du sektore guztietan, baita lan-esperientziarik ez dutenen artean ere. Azken hilean lotutako langabeziak izan duen jaitsieragatik gehien nabarmentzen den jarduera txikizkako merkataritza izan da, 292 langabe gutxiago izan ditu-eta. Langabeziaren jaitsiera adierazgarriak izan dituzten beste jarduera batzuk honako hauek izan dira: hezkuntza (–197), eraikuntza espezializatuko jarduerak (–188), nekazaritza (–70) eta metalurgia (–70).

 

Gizon eta emakumeen artean langabezia oso antzera jaitsi da azaroan. Ehunekoei dagokienez, emakumeen artean % 1,35 jaitsi da eta gizonen artean % 1,36. Artolazabal sailburuak adierazi duenez, “urte osoan langabezia % 9,65 jaitsi da gizonen artean eta % 4,53 emakumeen artean”.

 

Lurraldez lurralde, langabeziak Araban izan du beherakadarik handiena, % 2,1 jaitsi da-eta (443 langabe gutxiago). Gipuzkoan langabezia % 1,4 jaitsi da (495 langabe gutxiago) eta Bizkaian % 1,1 (825 langabe gutxiago).

 

Kontratuak

Azaroan 80.703 kontratazio egin dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 6.068, hau da, % 7,52, mugagabeak izan dira. Joan den hilaren aldean, kontratazio bolumenak % 14,8 egin du behera. Kontratazioaren beherakada hori urtetik urterako saldoan ere islatu da, % 1,8 jaitsi da-eta. Alabaina, kontratatutako pertsona kopurua 2016ko azarokoa baino handiagoa izan da. “Datu horrek adierazten digu joan den urtean baino txandaketa txikiagoa izan dela eta, hortaz, kontratazioan kalitate handiagoa izan dela”, adierazi du Artolazabalek.

 

Urteko lehen 11 hil hauetako kontratuen kopuru metatua joan den urteko hil berei dagokiena baino % 4,1 handiagoa da. Dena den, alor horretan azpimarratzekoa da kontratu mugagabeen kopuru metatuaren hazkundea % 12,85ekoa dela. Sailburuaren iritziz, “kalitate handiagoko kontratazioan ere aurrera egin dela nabarmentzen du horrek”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak