Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Merkataritzako "Renove" plana 700.000 eurotan handitu da, eskaera guztiei erantzuteko (2010-12-14(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko abenduak 14

Laguntza-programa horren bidez 36 milioi eurotik gorako inbertsioa mobilizatu da aurten sektorean

Merkataritzako ekipamenduak modernizatzeko laguntza-programa 700.000 eurotan handitzea onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak, hots, merkataritzako renove plana ere esaten zaion programa handitzea.

Aurten, aurreko urteekin alderatuta, eskaera kopuruan gorakada nabarmena izan da, laguntzen xedea handitu denez. Orain, dendetan egin beharreko edozein inbertsio sartzen da programan, betiere establezimenduen eta zerbitzuen erakargarritasuna areagotzeko eta balio erantsi handiagoa lortzeko xedea badute; alabaina laguntza horietatik kanpo geratuko da lokalak edo ibilgailuak erostea. Hori horrela izanik, 2009an eta 2008an 804 eta 768 eskaera aurkeztu ziren, hurrenez hurren, baina 2010. urtean 1.780 izan dira.

Eusko Jaurlaritzak hasiera batean 3,6 milioi euroko aurrekontua onartu zuen laguntza-ildo horretarako, 2009ko aurrekontuaren bikoitza baino gehiago. Hala ere, egindako eskaera guzti-guztiei erantzun ahal izateko partida handitu egin behar izan da, 700.000 eurotan. Hartara, handitze hori kontuan izanik, aurrekontu orokorra 4,3 milioi euro da.

Gutxienez duela hamarkada batetik hona, Eusko Jaurlaritzak aurkezten duen mota horretako lehen plana da. Planaren helburua hauxe da: merkataritza modernizatzeari bultzada ematea, azpiegiturak eta kudeaketa-tresnak aldatuz. Sektoreak oso ongi erantzun du: emandako laguntzen bidez, aurten 36 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira merkataritzan egindako inbertsioetan.

Laguntzak honelakoak izan dira: itzuli beharrik gabeko % 15eko diru-laguntzak, altzarietan, obra zibilean, ekipamenduetan eta abarretan egindako inbertsioen kasuan; eta % 20ra bitarteko diru-laguntzak, aldiz, ekipo informatikoak, aplikazioak edo horien osagarriak erosteko inbertsioen kasuan. Diru-laguntzen zenbatekoa gehienez ere 12.000 € izan daiteke saltoki eta urte bakoitzeko.

Merkataritza modernizatzeko laguntzak arrazoi jakin batengatik sortu ziren; hain zuzen ere, aurten, Merkataritza Egokitzeko 2015 Plana onartu zenean, dokumentuaren ondorioetako bat zen EAEko merkataritza-establezimenduak, batez beste, zazpi urtean behin berritzen direla. Eta epe hori luzeegia da. Horregatik, batez besteko epe hori murrizteko eraberritze-prozesuei ekiteko laguntzak emateari lehentasuna eman dio Eusko Jaurlaritzak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan