Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Sainz Lanchares: “pertsonak hurbiltzeko, aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko eta harreman sozialen sarea sortzeko tresnaren adibidea da Bizilagunak”

2017.eko abenduak 02
  • Gipuzkoa Solidarioaren VIII. galak hezkuntza proposatzen du inklusioaren eta elkartasunaren oinarri eta sustapen gisa
  • “Euskadira iritsi diren immigranteak hemen geratzeko, elkarrekin bizitzeko eta euskal gizartearen eraikuntzan parte hartzeko etorri dira”

DSS 2017/12/02

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendari Ernesto Sainz-Lancharesek gaur arratsaldean adierazi duenez, “pertsonak hurbiltzeko, aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko eta harreman sozialen sarea sortzeko adibidea da Bizilagunak”. Gipuzkoa Solidarioaren Bizilagunak ekimenean parte hartu duten pertsonei diplomak entregatzeko eta eskerrak emateko Donostia / San Sebastiango Kursaal Jauregian egin den ekitaldian parte hartu du Sainz Lancharesek.

 

Gipuzkoa Solidarioa duela 8 urte jarri zen abian, gizarte inklusiboa eta solidarioa eraikitzeko immigranteen ekarpena proposatzeko. Arreta berezia eskaini zien ikasle immigranteei, eta horiexei zuzenduta dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxoan argitara eman zuen Ikasle immigranteei hezkuntza-arreta emateko II. Plana.

 

“Euskadi herri ederra da, tradizio sendoak dituena, beti gure sustraiei lotuak. Euskal herritarrok egoera latzak bizi izan ditugu eta beti bilatu dugu irtenbideren bat, zenbaitetan kanpora joan beharra ekarri diguna: Argentinara, Txilera, Australiara edo Ameriketako Estatu Batuetara migratzea. Helmugak askotarikoak izan ziren eta dira, baina herri batekoa izatearen sentsazioa mantendu egiten da. Gaur egun, hamarka Euskal Etxek haien ondorengoei gogorarazten dizkiete kasu askotan bizirik mantentzen dituzten sustraiak. Euskal diaspora aktibo handia da Euskadirentzat”, aipatu du Sainz Lancharesek.

 

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak bere hitzetan xehatu duenez, “gaur ere badaude hainbat arrazoiren ondorioz migratzen duten euskal herritarrak, baina iristen direnak irteten direnak baino gehiago dira. Gaur egun migratzaileak hartzen dituen herria gara. Bizipenez eta esperientziez betetako motxilak ekartzen dituzten pertsona horiek balio eta ikuspegi berriak ekartzen dizkiote gure lurraldeari, aniztasunetik ere eraikitzen baita herria. Euskadira iritsi diren immigranteak hemen geratzeko, elkarrekin bizitzeko eta euskal gizartearen eraikuntzan parte hartzeko etorri dira, eta beren lanarekin eta osaera demografikoarekin egiten diote ekarpena Euskadiren produktibitateari eta garapenari”.

 

“Eusko Jaurlaritzatik ezagumendua adierazi nahi diogu Euskadira iristen direnen edo zaretenen integrazioa eta elkarbizitza ahalbidetzen duten elkarte eta pertsonen lanari, eta, horregatik, pertsonak hurbiltzeko, aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko eta harreman sozialen sarea sortzeko adibide eta tresna bikaina da Bizilagunak ekimena. Aldameneko familia pixka bat hobeto ezagutzeko” adierazi du Ernesto Sainz Lancharesek.

 

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak gogorarazi duenez, “Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak Migratzailearen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zuen abenduaren 18an, eta nabarmendu zuen zoritxarrari aurre egiteko eta bizitza hobea bilatzeko gizabanakoaren erabakitasunaren adierazpide ausarta izan dela migrazioa gizateriaren historian zehar”.

 

NBEren datuen arabera, 175 milioi emigrante baino gehiago —munduko biztanleriaren % 2 baino gehiago— jaio ziren edo beren herritartasunekoa ez den herrialde batean bizi dira eta han egiten dute lan. Kopuru horretan sartuta daude langile emigranteak, errefuxiatuak, asilo bila dabiltzanak eta immigrante iraunkorrak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak