Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik aurrez aurre du irisgarritasun unibertsala sustatzeko erronka, 1997ko Euskal Legeak 20 urte betetzean

2017.eko abenduak 04
  • Pertsona guztiei eskubide guztiak bete-betean eskuratzeko eta bizitzaren esparru guztietara iristeko aukera bermatuko dien irisgarritasunaren kontzeptu berri bat definitu behar dugu, adierazi du Urkullu lehendakariak Jaurlaritzak proposatutako adierazpenean.
  • Arriola sailburuaren iritziz, Irisgarritasuna Sustatzeko Legea bi hamarkadatan aplikatzen egindako aurrerabidearen ondoren, iritsi da jauzi kualitatiboa egiteko garaia.
  •  Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak ohiz kanpoko bilera egin du gaur, Lehendakaritzaren egoitzan, urteurrena ospatzeko.

 

Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren izenean planteatu du gaur legealdi honetan “gure Erkidegoan Irisgarritasun Unibertsalerako Estrategiaren oinarriak” ezartzeko erronka, Euskadi erabat irisgarria lortzeko, hiri-espazioei, eraikin publikoei, lantokiei eta etxebizitzei dagokienean ez ezik, komunikazio digitalaren aukera berriek irekitzen dituzten ingurune ez-fisikoei eta herritarren eskubideen osotasunari dagokienean ere. “Era guztietako diskriminazioak saihestea ahalbidetuko duen irisgarritasunaren kontzeptu berri bat definitu behar dugu, gure gizartearen gehienak dagoeneko gozatzen dituen eta bizitza sozialari berari lotzen zaizkion espazio, ondasun eta zerbitzuak jende guztiarentzat erabat irisgarriak izan daitezen”, azpimarratu du.

Halaxe jaso da Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluaren ohiz kanpoko bilkuran lehendakariak irakurri duen adierazpen instituzionalean. Bilkura Lehendakaritzaren egoitzan egin da gaur, Eusko Legebiltzarrak Irisgarritasuna Sustatzeko Legea onartu zuenetik 20 urte bete direla ospatzeko. Espainian eta Europan aitzindari izan zen arau horrek desgaitasunak dituzten pertsonei gizartearen eta komunitatearen bizitzan bete-betean integratzea eta parte hartzea eragozten dieten oztopo fisikoak eta komunikaziokoak desagerraraztea zuen helburu.

Legeak bere edukien garapena bultzatzeko sortutako partaidetza-organoa da Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua. Eusko Jaurlaritza, gainerako euskal administrazioak, desgaitasun funtzionalen bat duten pertsonak ordezkatzen dituzten elkarteak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeak, sustatzaile eta eraikitzaileen elkartea, eta profesionalen elkargoak biltzen ditu Kontseiluak.

Irisgarritasuna Sustatzeko Legea eraginkortasunez aplikatzearen ondorioz, indarrean jarri zenetik aurrera oin berriko eraikinek irisgarritasun-irizpideak integratzen dituzte diseinatzen direnetik. Legearen ondorioa izan da, halaber, etxebizitza-sustapen berrietan, bai pribatuetan bai publikoetan, desgaitasunen bat duten pertsonentzat egokitutako etxebizitza kopuru jakin bat sartzea. Sustapen publikoen kasuan bikoiztu egin dira zuzkidurak eta hiri-espazio ugari ingurune irisgarri gisa birkonfiguratu dira, udalerriek Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta babesarekin burutu dituzten irisgarritasun-planen aplikazioari esker.

Bi hamarkada planak eta egokitzapenak egiten

Izan ere, irisgarritasuna hobetzea da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Eraikinak eta Etxebizitzak Birgaitzeko Renove programaren helburu nagusietako bat, eta horretarako bideratu ditu aurten 5,5 milioi euro. Gainera, 3,3 milioi euroko diru-laguntza eman die udalei, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeei eta onura publikoko xede sozialak dituzten erakunde pribatuei, irisgarritasun-planak egin edo eguneratzeko eta hiri-ingurunea eta eraikinak egokitzeko obrak egiteko.

“Aurrerabide handia egin dugu, baina bide luzea geratzen zaigu egiteko, eta jauzi kualitatiboa egiteko garaia iritsi dela uste dugu”, azpimarratu du Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, sail horri baitagokio legea garatzea. “Duela 20 urte, oztopo fisikoak ezabatzea eskatzen zuen marjinazioaren eta bazterketaren kontzeptutik guztiontzako irisgarritasunaren eta inklusioaren kontzeptura igaro ginen. Orain, arau hori oinarri hartuta, berdintasun soziala helburu duen irisgarritasun unibertsaleko etorkizuna definitu behar dugu, pertsona guztiek zerbitzu eta eskubide guztiak bete-betean eskuratzeko aukera abiapuntu hartuta”, gehitu du Arriolak.

Hori da Irisgarritasun Unibertsalerako Euskal Estrategiaren zentzua. Izan ere, Urkullu lehendakariak bere adierazpenean nabarmendu duen moduan, “zeharka, diziplina anitzetan eta sektore anitzetan garatu behar da, guztioi dagokigulako: hasi zerbitzu publikoetatik eta etxebizitzara iritsi arte, lan-mundua, komunikazioak eta aisia tartean direla”.

“Desgaitasuna duten pertsonek eskatzen duten irisgarritasunak”, gehitu du, “kolektibo horien mugak gainditzen ditu, eta, hartara, pertsona guztiek aldarrika dezaketen eskari unibertsal bihurtzen da, bizitzaren esparru guztietan aplika daitekeena, Euskadi gizarte inklusiboagoa eta bidezkoagoa izan dadin, gizarte modernoagoa eta hobea”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak