Eu

Jendaurrean jarri da Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura luzatzeari buruzko Informazio Azterlana

2017.eko abenduak 01
  • Tranbia Salburura luzatzean, 2,5 km gehiago izango ditu ibilbideak, eta 5 geltoki gehiago; horrela, garraio integraleko sistema osatuko da.
  • Informazio-azterlana jendaurrean egongo da eta informazio-bilerak egingo dira auzokideekin, proiektuaren xehetasunak azaltzeko.

Gaur, jendaurrean jarri da Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura luzatzeari buruzko Informazio Azterlana. Linea luzatzean, Judimendi, Santa Luzia eta Salburua guneek hirigunearekin eta hiriko iparraldearekin duten konexioa hobetuko da. Era berean, beste auzo batzuk autobus-geltoki berriarekin konektatuko dira eta Unibertsitatera doan tranbiaren adarra luzatuko da –gaur egun horretan ari dira lanean–.

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak nabarmendu du zer garrantzitsua den Salburuko tranbiaren ibilbidea parkearen sarreraraino heltzea. “Erakundeok gogoan izan ditugu auzokideen eskaerak. Tranbia Salburua Bulebarraren eta Joan Karlos I.aren elkargunera heltzeak ekarriko du garraio-mota hori auzoaren erdiraino sartzea. Horrela, eragin-eremua nabarmen handituko da, eta zerbitzua osoagoa izango da".

Udal-agintariak azpimarratu du hiriko Mugikortasun Jasangarriko Plana urrats guztiak ari dela betetzen. “Udal honek irmo egiten du hiriko joan-etorriak erraztearen alde apustu. Hain auzo gazte eta jendetsura tranbia heltzea oso gertaera garrantzitsua da hiri honen mugikortasunean. Horrela lortzen dugu Salburuko herritarrak azkar, modu jasangarrian eta osasungarrian konektatu ahal izatea, gaitasun handiko garraio baten bidez, hirigunearekin ez ezik, iparraldearekin eta hegoaldearekin ere”.

Gorka Urtaranek ez du ahaztu hiriko beste auzo gazte handia, Zabalgana. Hori dela eta, gogorarazi du “ekialdeko proiektua zehaztu eta obrak errealitate izateko guztia prest dagoenean, faseak bete ahala, hurrengo urratsa izango dela tranbia mendebalderantz luzatzea, hurrengo udal-legealdian ekiteko”.

Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak, gaur goizean, proiektu honen ildo nagusiak laburtu ditu; gune horretako 13.700 herritarrek tranbia-geltoki bat izango dute beren etxeetatik bost minutu baino gutxiagora eta 18.300 herritarrek, hamar minutu baino gutxiagora.  Luzapen-eremuak gaur egun 27.700 herritar ditu, eta etorkizunerako 37.000 inguru aurreikusten dira.

Tranbiaren geltokien egoera dela eta, Jacinto Benavente pasealekuko eta Salburua Bulebarreko autobus-lineekin lotura erraza izango da, eta, horrela, garraio publikoaren erabilera sustatuko da. Gainera, Florida kalean dagoen bidegorria luzatzea eta Jacinto Benaventetik doanarekin konektatzea ere aurreikusten da.

Aiz poztu da “azkenean” Vitoria-Gasteizko tranbiaren luzapena azkenean errealitate egingo delako, “bai hiriaren hegoaldean gauzatzen ari diren lanen bidez, bai gaur jendaurrean jarri den Salburuko Informazio Azterlanaren bidez”. “Erakundeok horren atzetik ibili gara” eta “herritar askok eskatu izan dute, zerbitzuak duen erabilera altuak erakusten duen bezala; 2017an 8 milioi erabiltzaile inguru izan ditu. Jarri zenetik etengabe aritu da erabilera areagotzen”.

Sailburuordeak gogorarazi du “Eusko Jaurlaritza Vitoria-Gasteizerako mugikortasun elektrikoko sistema berrian ari dela lanean, tranbia ardatz integratzaile izanik; horretarako, garraio-moten intermodalitatea sustatu eta informazioaren kudeaketa hobetzen du, teknologia gehiago eta hobea emanez, eta CO2 emisioak murrizten ditu”.

Proiektua ezagutzeko eskuragarri dagoen informazioa

Behin betiko onetsi aurretik, Informazio Azterlana jendaurrean egongo da, 30 egun baliodunez, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan, Vitoria-Gasteizko Udalean eta www.euskadi.eus web-orrialdean, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren atalean, egoki deritzonak proiektuaren xehetasunak ezagutu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Sailburuordeak esan du “jendaurreko faseak arrakasta badu eta eskaririk aurkezten bada, ez dela eragozpenik egongo aurreikusitako epea handitu ahal izateko”. Aizek esan du “orain egin behar dituztela gasteiztarrek edo alde interesdunek ekarpenak eta alegazioak”. Beraz, hauxe esan du: “erakundeok ahalegina egingo dugu informazioa herritar guztien eskura egon dadin, eta Salburuan eragile nagusiekin informazio-bilera irekiak egitea aurreikusten dugu”. Laster, bileren daten berri emango da, kanal ofizialetatik.

Tranbia Vitoria-Gasteiztik Salburura luzatzeko, 24 hileko epea dago, eta hasierako aurrekontua 26,63 milioi eurotik gorakoa da, gehi BEZa (obra zibila, tranbia-instalazioak ea adar hori ustiatzeko material mugigarriaren unitate gehigarrien erosketa), % 65ean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatuta eta % 35ean Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren artean.

Salburuko tranbiaren definizioa

Ibilbidea galtzadaren albo baten ondoan diseinatu da; horrela, ahalik eta gehien egokituko da dagoen urbanizaziora. 2.450 metro luze izango ditu, gehiena trenbide berdean.

Tranbia Unibertsitatera heltzeko oraintsu esleitu den tarteari dagokion Floridako geltokiko maniobra-gunearen ondoren hasten da; ibilbideak Florida kaleko iparraldetik jarraitzen du. Bide horretan eta Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzearen ondoren, luzapen-adar berriaren lehen geltokia dago, Santa Luziako geltokia.

Lehen geltoki horren ondoren, tranbiaren ibilbideak Florida kalearen iparraldetik jarraitzen du, aurrerago Iliada ibilbidea dena; bigarren geltokia Salburua auzoan dagoen Gizarte Etxearen aurrean dago.

Jarraian, ezkerretara bira egin ondoren, ibilbidea Salburua Bulebarreko mendebaldetik doa eta hirugarren tranbia-geltokia Nikosian dago, Valletta kalearekin dagoen bidegurutzearen ondoren. Gero, Bulebarrean 430 m-ko lerrokatze zuzenaren ondoren, hurrengo tranbia-geltokia dago, Salburuan, Europar Batasunaren plazaren aurretik.

Plaza horren eta Brusela hiribidearen arteko bidegurutzearen ostean, tranbiaren ibilbideak Salburua Bulebarreko mendebaldetik jarraitzen du Joan Karlos I.aren etorbideraino; bertan dago tranbiaren azken geltokia, Salburuko hezegunearen parkearen sarrera ondoan.

Tranbia Salburura luzatzeko proiektuko bost geltokietan planteatzen den tipologia albo bateko nasarena izan da; izan ere, dagoen hiri-espazioan hiri-lotune onena ematen duena da. Bost geltokietan aurreikusten da markesinak jartzea banku eta garraio-tituluak saltzeko makina automatikoekin, erabiltzaileak eguraldi txarretik babesteko. Geltoki guztiek beteko dute mugikortasun murriztua duten pertsonentzako irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudia.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea