Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakari: “Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa eta Garapenerako GKEek positiboki sentsibilizatzen dute gizartea”

2017.eko azaroak 30
  • Lehendakariak, Artolazabal, Marcos Muro, Ander Añibarro eta Paul Ortega sailburuekin batera, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 25. urteurrenean parte hartu du, Zorrotzaurren
  • Lehendakariak eskerrak eman ditu “osasunaren, emakumearen, haurren, nagusien, ingurumenaren, elikaduraren, prestakuntzaren eta garapen ekonomiko jasangarriaren eremuetan oinarritzen den laguntza- eta lankidetza-esperientzia partekatzeagatik”
  • 2.200 gaztek eta 18 GGKEk esku hartu dute lankidetza-proiektuetan
  • Udaro, 200 gaztek bi hilabete baino gehiago ematen dituzte gizarte-ekimenak garatzen eta laguntzen

 

Iñigo Urkullu Lehendakariaren iritziz, “munduko hainbat lekutan udaro lankidetzako eginkizunak betetzen dituzten Euskadiko gazteek eta Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GGKE) positiboki sentsibilizatzen dute gizartea, osasunaren, emakumearen, haurren, nagusien, ingurumenaren, elikaduraren, prestakuntzaren eta garapen ekonomiko jasangarriaren eremuetan oinarritzen den laguntza- eta lankidetza-esperientziari esker”.

Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin, Marcos Muro sailburuordearekin, Ander Añibarro Gazteriako zuzendariarekin eta Paul Ortega Lankidetzarako Euskal Agentziako zuzendariarekin batera, Iñigo Urkulluk Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du; ekitaldia Bilboko Open Espazioan izan da. Orain arte, 2.200 gaztek parte hartu dute programan, Asiako, Afrikako eta Amerikako hainbat hiri eta herrixkatan eginiko proiektuetan.

“Euskal gazteek aprobetxatu egiten dute beste pertsona batzuekin lan egiteak, beraiengandik ikasteak eta beraiei laguntzeak dakarren aukera. Gaur ekitaldi honetan parte hartzen ari zaretenok Euskadiren irudi bikaina eratzen duzue zuon lankidetza-esperientzia garatu duzuen lekuetan. Lehendakari naizen aldetik, aitortu eta txalotu egin nahi dut zuon giza kalitatea eta elkartasuna, boluntariotzarekin duzuen izaera konprometitua, aintzat harturik Europar Batasunaren etorkizuna eraikitzeko oinarri dugun gizarte-oinarrietako bat dela”, esan du Iñigo Urkulluk.

Lehendakariak esan bezala, “ehunka euskal gazte horiek ez dute zalantzarik izan hilabete batzuez –beren oporraldian eta aisialdian– urrun dauden zenbait lekutara eta oso bizi-baldintza ezegonkorrak dituztenetara joateko. Planetako leku urruti horietan, gure gazte kooperanteek umeei osasun- eta hezkuntza-ohitura osasungarriak izaten erakutsi diete, eta hiri eta herrixketako emakumeei azaldu diete emakumeen ahalduntzea beharrezkoa dela, gizarte bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko”.

“Euskal gazteria historikoki konprometituta egon da garapenarekin eta elkartasunarekin”, esan du Lehendakariak. “Halaber, unearen eta joera historikoen arabera, gure gazteria konprometituta egon da ezagutzaren hedapenarekin, ikerketarekin, arrantzarekin, garraioarekin, abenturarekin edo aukera berriak bilatzearekin. Nahiz eta lehen izen-abizen horiek, batik bat, gizonezkoak ziren –Elkano, Txurruka, Etxaniz, López de Loyola edo Jaso–, gaur egun gizonak baino emakume gehiago ari dira elkartasunean eta solidaritatean: Eizagirre, Burutxaga, Hernando, Darretxe-Urrutxi, edo Zarrandikoetxea, besteak beste. Aurrera egin dugu, asko, berdintasunaren alderdi horretan”.

Aukerak

Lehendakariak esan duenaren arabera, “euskal gazteek aprobetxatu egiten dute beste pertsona batzuekin lan egiteak, beraiengandik ikasteak eta beraiei laguntzeak dakarren aukera.  Gaur ekitaldi honetan parte hartzen ari zaretenok Euskadiren irudi bikaina eratzen duzue zuon lankidetza-esperientzia garatu duzuen lekuetan. Lehendakari naizen aldetik, aitortu eta txalotu egin nahi dut zuon giza kalitatea eta elkartasuna, boluntariotzarekin duzuen izaera konprometitua, aintzat harturik Europar Batasunaren etorkizuna eraikitzeko oinarri dugun gizarte-oinarrietako bat dela”.

Ekitaldia Beatriz Martínez de Antoñanak aurkeztu du, eta Emilio Lópezek esker ona adierazi die Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan lankidetzan diharduten GGKEei. Zorione Fundazurik azaldu du, kooperante guztien izenean, nola jaso diren esperientzia pertsonalak topaketan aurkeztu den liburuan. Irantzu Lekuek eta Noélia Ruizek instalazio artistikoa eta musika-emankizuna aurkeztu dituzte.

Lehendakariak bertaratu direnei esan die “esperientzia horren atzean giza sentsibilitate eta gizarte-konpromiso handiagoa ikusten dela. Adibide bikaina da datozen belaunaldiek elkartasunari eta gehien behar duenarekiko lankidetzari zabalik dagoen jarrera ikusteko.  Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartu duten gazteek 25 urtez eginiko lana oso ongi laburtzen da 25 kontakizun eta elkarrizketa horietan; programan parte hartu duten 25 pertsonaren esperientzia jaso da.  Lehendakari naizen aldetik, oso harro nago gure gizarteak zuokin bizi duen belaunaldi-aldaketa horrekin. Gure herrialdeak, giza kapital aberats honekin, etorkizun handia du aurretik”.

Ander Añibarro Gazteriako zuzendariarekin batera, Artolazabal sailburuak ere eskerrak eman dizkie kooperante eta GGKEei, 25 urtez eginiko lanagatik: “Mundu pixka bat hobea egiten ikasi, irakatsi eta lagundu duzue. Zuon grinaren eta lanaren ondorioz, Euskadi izena oso urrun heldu da”.

Artolazabal, hautaketa egokia

“Zenbait asteburuz, Barrian, pasa den udan GGKEek munduko hainbat tokitan antolatutako zereginetan lagundu dutenak hautatzeko prozesu osoan parte hartzeko zortea izan dut, eta ia berehala jaso ditut Afrikako, Asiako edo Amerikako misioetatik bidali dizkiguzuen irudi eta oharrak”, esan du Artolazabalek.

“Laster hasiko gara datorren udan, hemen zaudeten GGKEekin batera, planeta bidezkoagoa eta jasangarriagoa egiten laguntzeko ehun gazteren talde berria prestatzen; horiek 400 parte-hartzailetik hautatuko dira. Seguru dagoeneko enplegu egonkorrak dituzuenok eta euskal gizarte-jardueretan zaudetenok edo egiteko zaudetenok dedikazio eredugarria antzemango duzuela, Lankidetzan garatu dituzuen gaitasunei esker”, esan du Artolazabal sailburuak.

Lankidetzako 25 esperientzia jasotzen dituen liburuan, honako hauek parte hartu dute: Marlen Eizagirre (Bilbo, 1969), Tamil Nadun, Indian, egon zen; Monika Hernando (Bilbo, 1971), 1994an  Cochabamban, Bolivian, egon zen; Mitxel Casado (Sestao, 1970), 1995ean Medellín-en, Kolonbian, egon zen; Mikel Pereda Goikoetxea (Donostia, 1969) 1996an Cuzcon, Perun, egon zen;  Dulce Burutxaga (Amurrio, 1973), 1998an Liman, Perun, egon zen;  Carlos Cuervo Múgica (Gasteiz, 1974), 1999an Granadan, Nikaraguan, aritu zen; Óscar Arias (Portugalete, 1974),  2000. urtean Callaon, Perun, izan zen; Aitor Perostorena (Oñati, 1975), 2001ean Callaon, Perun, izan zen; David Maroto Iparragirre (Iruñea, 1976), 2002an Indranaj-en, Indian, izan zen; Leire Darretxe-Urrutxi (Iurreta, 1978), 2003an lankidetza-eginkizunetan izan zen Medellinen, Kolonbian; Joana Revilla (Bilbo, 1978), 2004an Cuyamel-en, Hondurasen, izan zen; Iñigo Durana  (Gasteiz, 1975), 2005eko udan garapen-programa batean parte hartu zuen  Luriganchon, Perun; Jon Gonzalez de Repáraz (Gasteiz, 1982), 2006an Caracasen, Venezuelan, izan zen; Irune Martinez Beaskoetxea (Bilbo, 1984), 2007an Florentzian, Kolonbian, izan zen; Izaskun Zarrandikoetxea (Bilbo, 1980), 2008an  Caracasen, Venezuelan, izan zen; Mikel Arakistain (Arrasate, 1982), 2009an Parakoun, Benínen, izan zen; Gisela Muñóz (Bilbo, 1981), 2010ean  Bouaken, Boli Kostan, izan zen; Koldo Zabala (Irun, 1986), 2011n Medellínen, Kolonbian, izan zen; Irantzu Zabala (Bermeo, 1983),  2012an Pochutan, Guatemalan, izan zen; Ion Badiola (Durango, 1989), 2013an Cochabamban, Bolivian, izan zen; Dorleta Idigoras (Ondarroa, 1990), 2014an Auserd-en, Saharan, izan zen; Eva Rodríguez (Vitoria-Gasteiz, 1985), 2015ean  Bucaramangan, Kolonbian, izan zen; Amaia Gomez Arozena (Irun, 1987), 2016an San Ignacio de Moxos-en, Bolivian, izan zen; eta  Ander Vizcaino (Irun, 1991), 2017an Ixcángo Udaberriko proiektuan parte hartu zuen, Guatemalan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak