Eu

Kontroleko osoko bilkura (2017/12/1)

2017.eko abenduak 01

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, legealdiko lehenengo urtebeteari buruz.

Legealdiaren aurreneko urtearen balantze “positiboa” egin du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bere egindako “konpromisoak bete ditu”, besteren artean, funtsezko zerbitzu publikoei lehentasuna ematea, ekonomia eta enplegua bultzatzea, eta akordioak eta lankidetza zabaltzea. “Oinarri sendoak finkatu eta egonkortasuna sustatu dugu, gure hitza betetzen ari gara”, ziurtatu du.

Zailtasunak egon direla aitortu arren, Lehendakariak ziurtatu duenez, “duela bost urte baino hobeto gaude”; % 3ko hazkunde-maila dugu, baita aurrekontu-partida handiagoa ere Osasunerako, Hezkuntzarako eta Gizarte Babeserako. Gainera, horren adierazle diren estatistikako datu batzuk eskaini ditu: pobrezia-tasa % 13tik % 9ra jaitsi da (% 17koa da Europan), gizarte-babeseko gastua biztanleko 8.300 eurokoa izan da, Europako batez bestekoaren gainetik, eta Europako lehenengo 10 herrialdeen artean dago Euskadi berdintasunean eta oreka sozialean.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, zerga erreformaren inguruan.

Iñigo Urkullu Lehendakariak baieztatu du aldaketa fiskalen inguruan lortutako akordioa “positiboa” dela, Gobernuaren bi lehentasuni erantzuten baitie: kalitateko zerbitzu publikoak emateko nahikotasun finantzarioa bermatzea eta ekonomiaren hazkundean eta enplegu-aukera berrien sorkuntzan laguntzea.

Urkulluk gogora ekarri duenez, Sozietateen gaineko Zergaren bilketa sei faktoreren menpe dago, ez bakarrik Tasa Nominalaren menpe. Horrez gain, hartu diren neurriek "enpresa gehiagok kotizatzea eta emaitza hobeagoekin" kotizatzea ahalbidetuko dutela espero du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, dispertsioaz Etxeratek egindako kanpaina publiko eta finantzatuaz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du legezko elkartea dela Etxerat eta eskubide osoa duela garatzen duen jarduerari lotutako diru-laguntzak eskatzeko. Nolanahi ere, galdera hori dagozkien instituzioetara, hau da, Arabako Batzar Nagusietara edo Gasteizko Udalaren Osoko Bilkurara zuzentzea izan da bere iradokizuna.

Urkulluk gogorarazi duenez, instituzio publikoak, Legebiltzarreko eta gizarteko gehiengo handi bat bat datoz presoak urruntzearen politikari azkena emateko premiaren aurrean, hala haien senideek jasaten duten sufrimenduari ere azkena emateko, Deustuko Unibertsitatearen txosten batek agerian utzi berri duen bezala.

Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, 2017ko Joxe Mari Korta sariei buruz.

Urkulluren ustez argi dago Euskadin emakume askok merezi dutela sari hori, euren ibilbide profesional eta enpresarial zabala ikusita. Azaldu duenez, Korta sarien edizio honetan euskal emakume enpresari bati ere saririk eman ez bazaio arrazoi honengatik izan da: enpresa-elkarteek, merkataritzako korporazioek edo elkargo profesionalek, Bidetik Fundazioak edo Euskadin egoitza duten enpresek bakarrik aurkez ditzakete hautagaiak, eta haiek ez dute emakumezko hautagairik aurkeztu. “Ez epaimahaiak ez eta Gobernuak ere ezin dute sari hauetarako gizonezko zein emakumezko hautagairik aurkeztu”, gogora ekarri du.

Joan den urtean lau saridunetik bi emakumeak izan ziren. Bere uste osoa adierazi du Lehendakariak datozen urteetan emakumezko enpresari izendatuen eta sarituen kopuruak gora egingo duelako, kasu askotan haiek baitira joan den mendearen erdialdean sortutako enpresa-proiektuei jarraitasuna ematen ari zaizkienak.

Galdera, Miren Larrion Ruiz de Gauna EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, ikerketa zientifiko eta garapen teknologikoko jarduerei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, ikerketan eta garapenean egindako inbertsioa Euskadiren orainaren eta geroaren “euskarri estrategiko” bat da. Eusko Jaurlaritzak handitu egin du inbertsioa urtetik urtera, 2014an onetsitako lehenengo aurrekontutik hasita, eta hitz eman du % 5 gehituko duela partida urtero 2020ra arte. “Estatu osoan I+Gn gehien inbertitzen duen Erkidegoa izaten jarraitzen du Euskadik orain, baina ez da nahikoa, hobetu behar da”, adierazi du Lehendakariak.

Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu dio Euskadin inbertsio-mailak lehengoratzeko, euskal proiektuetako batzuk Estatuko leihakortasun-programen bitartez finantzatzen baitira. Ikerketako inbertsioarekin zerikusia duen hirugarren osagaia enpresak dira. Lehendakariak aitortu duenez, enpresa batzuek lehentasuna eman behar izan diete inbertsioei eta gastuei, krisiari aurre egiteko; Eusko Jaurlaritzak, aldiz, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planaren esparruan dihardu lanean enpresa-ehunarekin lehentasunezko helburutzat berriro kokatu dezaten ikerketa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak