Eu

Lanbiden diruz lagundutako zentroek emandako prestakuntza-ikastaroetan egin den kontrol-prozesua azaldu du Artolazabalek Eusko Legebiltzarrean

2017.eko abenduak 04
  • Lanbidek ustezko irregulartasunak detektatu zituenean jarraitutako prozedura azaldu du
  •  “Diru-laguntzak berreskuratu dira, prestakuntza-ekintzak egin dira, ikasleak bidezko arloetan prestatu dira, eta baldintzak betetzen zituztenek beren egiaztapen-tituluak jaso dituzte”
  • Lanbidek ikastaroen jarraipena egiteko dituen kontrol-sistemak eta arau-esparruak azaldu ditu sailburuak.

VG 04 12 17

 

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur goizean Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, “Lanbidek bere prestakuntzako, enplegu-kudeaketako eta gizarteratzeko zerbitzuen inguruko zirkunstantziak kudeatzen, kontrolatzen eta detektatzen ditu, eta haien jarraipena egiten du”. Artolazabalek agerraldia egin du, berak hala eskatuta, Enpleguko legebiltzar-batzordean, urtearen hasieran, Lanbidek Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak jasotzen zituzten enpresek emandako prestakuntza-ikastaroetarako asistentzia behar bezala justifikatuta ez zegoela detektatu zuenean agertutako egoera azaltzeko.

 

Artolazabalek adierazi duenez, “kontrol-zeregin horretan, Lanbidek kudeaketa sozialak behar duen gardentasun osoarekin dihardu iruzur-kasu edo abusu-kasu oro saihesteko, eta, otsailean ezarritako kontrol-sistemei esker, agerraldi honen xede den egoera detektatu zuen Lanbidek. Argi eta garbi esan behar dugu Lanbideren kontrolek behar bezala funtzionatzen dutela”.

 

 “Irregulartasun horiek detektatu ondoren, Lanbidek bere interesa defendatzeko bidezkoak ziren lege-neurriak hartu zituen, ikerketan lagundu zuen, eta diru-laguntzaren dirua erreklamatu eta berreskuratu zuen. Eta are garrantzitsuagoa dena, ikastaroa burutu egin zen, eta amaitu zuten ikasleek beren egiaztapena lortu zuten”, adierazi du Artolazabalek.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustez, beharrezkoa da “enplegurako gizarte-politika horiek jasotzen dituzten pertsonei zerbitzu egokia bermatzea, eta, horretarako, Lanbidek kontrol zehatza egiten du jarduera horietan guztietan. Ezin dugu ahaztu enplegurako prestakuntza Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren politika aktiborik arrakastatsuenetako bat dela eta emaitzek horixe berresten dutela”.

 

Prestakuntza jasotzen duten ikasleen % 3k Gizarte Segurantzako alta lortzen dute 6 hilabetean. Lanbiden erregistratuta dauden enplegu-eskatzaileen % 54k DBHko edo hortik beherako prestakuntza akademikoa dute. Euskal herritarren % 48,6k LHko goi-mailako ziklo bat edo unibertsitate-gradu bat egin dute.

 

 “Lanbidek bere prestakuntzako, enplegu-kudeaketako eta gizarteratzeko zerbitzuen inguruko zirkunstantziak kudeatzen, kontrolatzen eta detektatzen ditu, eta haien jarraipena egiten du. Otxarkoagako kasua Lanbidek egin ohi dituen kontroletako batean detektatu zen”, adierazi du sailburuak, ondoan Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Muro, Lanbideko zuzendari Borja Belandia eta Lanbideko Prestakuntzako zuzendari Juan Ibarretxe ondoan zituela.

 

Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak Lanbiderekin lan egiten du Elektrizitatea eta elektronika, Energia eta ura, Fabrikazio mekanikoa, Informatika eta komunikazioak, Instalazioa eta mantentze-lanak, Irudi pertsonala, Zurgintza, altzarigintza eta kortxoa, Gizarte- eta kultura-zerbitzuak eta Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak arloetako 31 profesionaltasun-ziurtagiriri lotutako eremu teknikoetan egiaztatutako zentro gisa.

 

Urte hauetan, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak 8 prestakuntza-ekintza eman ditu batez beste, langabezian zeuden 200 langilerentzako prestakuntza-eskaintzarekin. Zentroaren jarduerak prestakuntza-ekintzetan parte hartu dutenen laneratzeari dagokionez lortu duen emaitza % 30 ingurura iritsi da Laneratze-indizea zerbitzuen xede diren eta laneratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboen tipologiak baldintzatzen du. Kolektibo horiek Otxarkoaga, Miribilla eta Santutxuko bulegoetatik bideratzen dira nagusiki.

 

1990/1991 ikasturteaz geroztik, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak lanerako eta etengabeko prestakuntza-ikastaroak eman ditu eskualde-batzordeekin, INEMekin eta, ondoren, Lanbiderekin.

 

Artolazabalek azaldu duenez, “2017ko otsailaren 2an, Lanbidek Otxarkoaga Prestakuntza Zentroan antolatutako 16 ikastaroetako batean, Lanbideko enplegu eta prestakuntzako teknikari batek, bulego batera kudeaketa bat egitera joan zen erabiltzaile batek adierazitakoa entzun ondoren, erabiltzaile hori Otxarkoaga Prestakuntza Zentroan prestakuntza-ikastaro bat egiten ari zelako bajako administrazio-egoeran zegoela egiaztatu zuen.  Pertsona langabe horrek une hartan bertan adierazi zuenez, ordea, ez zen inolako ikastarorik egiten ari zentro horretan”.

 

Sailburuak Legebiltzarrari helarazitako datuen arabera, “ikastaro horren kudeaketaren kontrolaz arduratutako enplegu eta prestakuntzako teknikaria harremanetan jarri zen berehala ikastaroen zentroko arduradunarekin, eta  lehenbailehen erabiltzaileari buruzko txosten bat egiteko eskatu zion (ikastaroa egiteko hautaketa-prozesuan sartu zenetik aurrera). Une horretatik aurrera, zentroak prestakuntza-ekintzak kudeatzeko aplikazioan (LanF) txertatutako asistentzia-orriak berrikusi, eta ustez langabearenak ziren sinadurak zituzten zenbait orri zeudela ikusi zuen teknikariak”.

 

 “Teknikariak harremanetan jarraitu zuen zentroko arduradunarekin egoera argitzeko, eta barne-aplikazioan zentroaren egoera erregularizatzeko eskatu zuen (matrikulatutako parte-hartzaileak, sinaduren orriak eta abar). Halaber, zentrora joan zen zenbait aldiz, irakaslearekin eta gainerako ikasleekin hitz egin zuen, eta gai horri buruz ezer ez zekitela adierazi zioten”, gaineratu du sailburuak.

 

 “Aldi berean, ikasleak salaketa jarri zuen Ertzaintzan, bere sinadura iruzur-asmoarekin nor erabiltzen ari zen jakiteko. Lanbidek gauza bera egin zuen. Ertzaintza ikertzen hasi zen, eta enplegu eta prestakuntzako teknikariarekin eta Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuarekin harremanetan jarri zen, gai batzuk argitzeko eta dokumentazioa eskatzeko”, adierazi du Artolazabalek.

 

 “Zentroak txostenak egiten zituen bitartean, enplegu eta prestakuntzako teknikariak beste irregulartasun batzuk ikusi zituen, eta, Ertzaintzaren ikerketaren ondorioz, Bilboko 5. Instrukzio Epaitegiak Lanbideko enplegu eta prestakuntzako teknikariari lekuko gisa aitortzera deitu zion 2017ko ekainaren 16an”.

 

Informazio gehiago

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, “aldi berean, Lanbideko zuzendariak eta Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuko arduradunak maiatzaren 13an biltzeko deia egin zioten zentroko zuzendariari, eta gertakariei buruzko txosten bat aurkezteko eta zentroko arduradunak kudeatu zituen beste 5 prestakuntza-ekintza ikertzeko eskatu zioten. Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak, gertakariaren berri izan zuenetik, Lanbideko arduradunei lagundu zien eskuragarri zegoen informazioa ematen eta beharrezkoa zen guztia argitzen.

 

Sailak Legebiltzarrari eskainitako datuen arabera, Zentroak txosten bat aurkeztu zuen 2017/06/13an, eta, bertan adierazten zenez, “zentroaz kanpoko elkarte batentzat lan egiten zuen eta ikastaroen jarraipen administratiboaren zati bat egiten zuen pertsonari aitortzera deitu zitzaion, eta ikastaroetan ikasleen asistentzia kontrolatzeko jasotzen diren sinaduren arteko sinadura irregularren erantzule bakarra zela aitortu zuen. Halaber, Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak horren berri ez zuela aitortu zuen. Kanpoko erakundeak Gizarte Segurantzako baja eman zion adierazitako pertsonari 2017ko maiatzaren 22an, eta, jakinarazi zuenez, pertsona horrek sinaduren egilea zela eta Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak gertakari horien berri ez zuela aitortu zuen Ertzaintzan eta kasuaren instrukzioa egiten duen Epaitegian”.

 

 “Lanbidek kasuaren azterketa eta jarraipen zehatza egin du, egunero bere lanean egiten duen bezala. Gogorarazi beharra dago emandako diru-laguntzak berreskuratu direla, prestakuntza-ekintzak egin direla, ikasleak bidezko arloetan prestatu direla eta baldintza guztiak betetzen zituztenek bidezko egiaztapen-tituluak jaso dituztela”, adierazi du Artolazabalek. Sailburuak, gainera, Lanbidek ikastaroen jarraipena egiteko dituen kontrol-sistemak eta arau-esparruak zehaztu ditu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak