Eu

Euskal Merkataritzaren XIX. Topaketa

2017.eko azaroak 29

Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak eta Eusko Ganberak erakundeko presidente Pedro Esnaolak hasiera eman diote Euskal Merkataritzaren XIX. Topaketari. Aurtengo edizioan, “erosketa-turismoa" aztertzera bideratuta egongo da. Merkataritza-jarduera horrek sendotu egiten du bidaiaren esperientzia, turistek jomugetan egiten duten jarduera den heinean.

Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak azpimarratu duenez, Euskadiko merkataritzak baditu Turismoaren Mundu Erakundeak bidaia tokiko produktuen erosketarekin osatu nahi duten bidaiarientzat erakargarritzat hartzen dituen faktoreak. Euskadiko merkataritzak produktuen kalitatea eta benetakotasuna eskaintzen die bisitariei. Balio erantsi eta berezia duen eskaintza da, gure saltokietan erostea bidaiaren esperientziaren parte bihurtzen duena.

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ganberek antolatzen duten Topaketa honen XIX. edizioan, bisitatzen gaituzten turistei eskaintza erakargarri bat aurkezteko modua azaldu da merkataritza-enpresei zuzendutako hainbat hitzalditan.

Topaketan, halaber, turismo-formatu horrek Euskadin duen gero eta garrantzi handiagoa eta sektorerako eskaintzen dituen aukerak aztertu dira. Zerbitzuen eskaintza integratua (merkataritza, ostalaritza, kultura, aisia, kirola eta abar) tokiko ekonomian balioa eta itzulkinak sortzeko aukeratzat hartu da. Halaber, turismo mota horrek urtarokotasuna gainditzen duen eta fluxuak lurralde osoan banatzen dituen elementu gisa duen balioa utzi da agerian.

Jardunaldietan, negozio-formatu berrietan aditua den Laureano Turienzok eta Global Blue Españako zuzendari nagusi eta Madrilgo Ekonomialarien Elkargoko kide Luis José Llorca Lizasok hitz egin dute. Azken horrek “Turismoaren ahalmena” izan du mintzagai. Egindako aurkezpenean, Euskadira Europako Erkidegotik kanpoko herrialdeetatik iristen diren turisten profila zehaztu du, eta haien jatorrian eta kontsumitzen dituzten produktuetan oinarritu da nagusiki. Topaketaren barruan, prestakuntza praktikoko tailer bat eta bi mahai-inguru egin dira. Tailerrean, salmentak online kanalaren bidez gehitzeko modua azaldu da, eta mahai-inguruetan, berriz, euskal establezimenduek turismoari eskainitako arretan eta e-commerce edo merkataritza elektronikoaren garapenean izan dituzten esperientziak izan dituzte eztabaidagai. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak