Berriak Hezkuntza

970.000 euro oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuetarako eta ikerketa eta berriztapen teknologikorako (Gobernu Bilera 2017-11-28)

2017.eko azaroak 28

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren agindu bat onartu du. Agindu horren bidez oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuak 2018-2020ko aldian gauzatzeko diru-laguntzak deitzen dira, baina baita ikerketa eta berriztapen teknologikorako laguntzak ere, Unibertsitatearen eta enpresaren artean 2018-2019ko aldian egin beharreko jarduerak egiteko aurreikusitako fondoen kontura. Deialdi honek 970.000 euroko diru-kopurua du. 

Bi helburu nagusi ditu deialdi honek: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berriztapen sistema indartzea, Hezkuntza Sailak kudeatuko dituen oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren proiektu konkretuak gauzatzeko laguntzak emanez. Eta, bestetik, unibertsitateko eta teknologiako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-sareko enpresen artean egon beharreko interakzioa sendotzea, kalitateko eta interes zientifiko eta teknologikoko ikerketa aplikatuaren edo teknologikoaren proiektuak egitearen bidez. Enpresentzat interesgarri gertatu beharko duten proiektu horiek, teknologia unibertsitatetik enpresara transferitzea edo prozesu edo produktuen mailan helburu berritzaileak lortzea ekarri  beharko dute ondorioz. 

Deialdi honen bidez ikerketa-proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak bi lerrotan  ematen dira:

-Diru-laguntza lerro bat, 690.000 euroko kopurua duena, 2018-2020ko aldian oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuetarako. Diru-laguntza horiek, halaber, bi modalitate dituzte: lehena, oinarrizko ikerketaren edota ikerketa aplikatuaren proiektuak organismo bakar batean gauzatzen sustatzera bideratutakoa, eta organismo desberdinetako ikerketa-taldeak proiektu berean sustatuko dituena, bigarrena. 

-Beste diru-laguntza lerro bat, 280.000 euroko kopurua duena, ezagutza unibertsitatetik enpresetara transferitzeko ikerketa-proiektuetarako, enpresa horiei interesatzen zaizkien arloetan, 2018-2019 aldirako. Unibertsitate-taldeak, enpresako pertsonalaren parte-hartzearekin, gauzatu beharko ditu proiektuak; laguntzen duten erakundeetako ikertzaileek ere izango dute parte hartzeko aukera. Bigarren lerro honetan, parte hartzen duten enpresek proiektuaren kostu osoaren % 10, gutxienez, finantzatu beharko dute. 

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskadiko unibertsitate publikoko (UPV/EHU) nahiz pribatuetako ikerketa taldeek, eta baita BERC deritzen Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetako taldeek ere. Deialdi honen bidez diruz lagundu ahal izango diren kontzeptuen artean daude: doktore ez den pertsonalaren gatuak, doktoreen pertsonal gastuak, inbentarioko materiala, material suntsikorra, edo proiektuaren garapenak eskatuta egin behar izan diren bidaien gastuak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko