
Eusko Jaurlaritza eta 25 euskal enpresa #PorElClima Komunitatean sartu dira, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko
Jaurlaritzak aipatutako ekimenarekin bat egin duela egiaztatzen duen diploma eman diote Iñigo Urkullu Lehendakariari
25 euskal enpresak publikoki adierazi dute klima-aldaketaren aurka duten konpromisoa, #PorElClima Komunitatea ekimenaren bidez, gaur goizean Gasteizen egin den eta Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan duen aitorpen-ekitaldian. Ekitaldi horretara ehun pertsona inguru bertaratu dira, hala nola enpresen ordezkariak, administrazio publikoen ordezkariak, zentro teknologikoen ordezkariak eta ACLIMA klusterrean biltzen diren ingurumen-sektoreko enpresak. Ekitaldian, Lehendakariak Ecodesen zuzendaria den Victor Viñualesen eskuetatik jaso du Jaurlaritzan ekimenarekin bat egin duela egiaztatzen duen diploma, joan de iraileko Gobernu Kontseiluan formalizatu zena hain zuzen ere.
Ekitaldia Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren hitzaldi batekin hasi da. Sailburuak aukera baliatu du berriki egin den Bonngo klimari buruzko biltzarrean Eusko Jaurlaritza egon zela adierazteko; halaber, honakoa gaineratu du: «Bonnen Parisko akordioekiko gure konpromisoa berretsi dugu, eta adierazi dugu Euskadin dagoeneko lortu dugula berotegi-efektuko gasak % 24 murriztea, 2005. urtetik».
Ingurumeneko sailburuak aurreratu du berak zuzendutako sailak datorren ekitaldian zer lan egingo dituen klima-aldaketari dagokionez. «Ezagutzaren sorrera eta klima-aldaketara egokitzeko proiektuak babesten jarraituko dugu. KLIMATEK laguntza-deialdiak lortutako emaitzek adierazten digute ildo horretatik jarraitu behar dugula. Era berean, klima-aldaketarekin lotutako murrizketa- eta xurgapen-ekimen boluntarioen erregistroa abiaraziko dugu. Ekimen hori modu koordinatuan garatuko dugu Ingurumen Ministerioarekin; hartara, euskal erregistroan sartzen diren ekimenak zuzenean integratuko dira Estatuko erregistroan», azaldu du.
Arriolak nabarmendu du Euskadi autonomia-erkidegoen esparruan hartzen ari den lidergoa klima-aldaketaren gaiari dagokionez. Sailburuaren esanetan «Eusko Jaurlaritzako sail eta sozietate publiko guztien apustu transbertsala da, eta haien plan eta programa garrantzitsuenetan islatzen da».
Asier Ochoa de Eribe ACLIMAren presidenteordeak, aipatutako kluster horretako enpresen ordezkari gisa, hau adierazi du: «Garrantzitsua da guztiok neurriak hartzea, bakoitzak geure jarduera- edo eskumen esparruan. Hori dela eta, uste dugu garrantzitsua dela erakundeek nahiz enpresek Euskadik klima-aldaketaren aurka egiten duen apustua ezagutaraztea».
#PorElClima Komunitatea egitasmoa Plataforma Española de Acción Climática plataformak sustatutako ekimena da, zeinari dagoeneko 2.680 pertsona eta erakunde atxiki zaizkion. Ekimen horren bidez, kooperazio publiko eta pribatuko esparru bat proposatzen da Parisen egindako akordioak betetzeko. Horretarako, enpresen estrategia klimatikoek bat egin behar dute gobernuak garatzen dituen ekimenekin, eta haietan parte hartu. Plataformak partaide hauek ditu: Oficina Española de Cambio Climático, Grupo Español para el Crecimiento Verde, Red Española de Pacto Mundial eta ECOEDES (#PorElClima Komunitatearen idazkaritza exekutibo gisa).
Victor Viñualesek, Ecodeseko zuzendariak –#PorElClima Komunitatea ordezkatzen duen erakundea–, hauxe esan du: «Klima-aldaketaren aurka borrokatzea gure belaunaldiaren lana da. Egin dezakegu eta badakigu nola egin, baina aktore ekonomiko guztien energiak mugiarazi behar dira, erakunde guztienak, pertsona guztienak. Energia horiek guztiak mugiarazteko orduan, Administrazio Publikoen eredugarritasuna funtsezkoa da. Arrazoi hori dela medio, Eusko Jaurlaritzaren rola azpimarratu nahi dugu; izan ere, #PorElClima Komunitatean sartu da euskal gizartea animatzeko klima-aldaketaren aurkako borroka azkar dezan».
Ekitaldia amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak aipatutako ekimenarekin bat egin duela egiaztatzen duen diploma eman diote Iñigo Urkullu Lehendakariari. Atxikimendu hori iragan iraileko Gobernu-kontseiluan formalizatu zen. Lehendakariak Ecodesen zuzendariari eskerrak eman dizkio jasotako aitorpenagatik eta berriro adierazi du bera buru den exekutiboaren konpromisoa dela «plangintza publikoan klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko neurriak integratzea; eta Administrazioaren ekintza eredu-emailea eta koordinatua bultzatzea, karbono gutxiko gizarte baterako eraldaketa lortzeko».
Horrez gain, adierazi du berotegi-efektuko gasen isurpenak murrizteko berrikuntza eta garapen teknologikoa sostengatzen dituela, eta, era berean, gogorarazi du «arintze- eta egokitze-ekintzetan euskal eragile guztien erantzunkidetasuna errazteko» dagoen beharra.
AURREKONTUAK ONESTEKO AKORDIOA
Azkenik, erreforma fiskalaren eta 2018ko Aurrekontuen inguruan atzo lortutako akordioa aipatu du Lehendakariak, eta adierazi duenez akordio “irmoak, errealistak eta positiboak” dira, egonkortasuna dakartenak eta ahalbidetu egiten dutenak “ekonomia eta enplegua suspertzeko zerbitzu publikoak eta baliabideak bermatzea”.
(*) Honako hauek dira aitorpena jaso duten enpresak:
- A&B LABORATORIOS
- ACLIMA, BASQUE ENVIRONMENT CLUSTER
- CEMENTOS LEMONA
- CEMENTOS REZOLA
- DEYDESA 2000
- DYMAN INGENIERIA
- ECOTRES R
- EROSKI
- EUSKATEL
- FACTOR CO2
- FCC ÁMBITO
- FERROVIAL SERVICIOS
- IK INGENIERÍA
- INDUMETAL RECYCLING
- IRISENS
- MIRANDAOLA
- ONDOAN, KOOP.S.
- ORMAZABAL CORPORATE TECHNOLOGY
- SADER
- SIEMENS GAMESA
- TECEXSA
- TECNIMAP
- TRADEBE
- ZABALGARBI
- ZICLA
-
2017-12-12
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco y 25 empresas vascas se integran en la iniciativa Comunidad #PorElClima para luchar contra el ... https://t.co/R9ikqJok1z -
2017-12-01
Comentario de Twitter:
Eusko Jaurlaritza eta 25 euskal enpresa #PorElClima Komunitatean sartu dira, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko... https://t.co/IlyBCFzWia -
2017-12-01
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco y 25 empresas vascas se integran en la iniciativa Comunidad #PorElClima para luchar contra el... https://t.co/hhWSHVs5nc -
2017-11-29
Comentario de Twitter:
El Gobierno Vasco y 25 empresas vascas se integran en la iniciativa Comunidad #PorElClima para luchar contra el ... https://t.co/zKqWjV7oeF