Eu

Euskadiko hedabideen egoera XX. mendearen lehen herenean aztertuko da ‘Prentsa eta Gerra’ jardunaldietan, Euskadiko Artxibo Historikoan

2017.eko azaroak 27

‘Prentsa eta Gerra’ izenburupean Euskadiko Artxibo Historikoak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak jardunaldi batzuk antolatu dituzte biharko. Koldo San Sebastian kazetari eta historialariak eta Josu Chueca Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasleak hitzaldi bana eskainiko dute (arratsaldeko 19.00etatik aurrera) eta, horrez gain, erakusketa bat ikusgai izango da Artxiboan jardunaldian zehar.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru ekitaldia aurkezteko arduraduna izango da. ‘Del frente a los frentes. Prensa en guerra, 1936-1937’ izango da Chuecaren hitzaldiaren izena, eta ‘Euzkadi y la prensa nacionalista en la Guerra y el primer exilio’ izango da San Sebastianek eskainiko duen mintzaldiaren izenburua. Hauen helburua da Gerra Zibila hasi baino lehenagoko hedabideen testuingurua azaltzea, batez ere Euzkadi eta El Liberal egunkarien kasua aztertuz. “Bilbo erori eta gero, Frankismoak errotik erauzi zuen prentsa libreak gurean izan zuen loraldia. Ordutik 80 urte igaro direnean, ezinbesteko deritzogu zuhaitz sendo hark emandako fruituak gogora ekartzea. Abertzaletasuna, ezkerra eta errepublikanismoa gurean zabaldu ziren, besteak beste, prentsa herrikoi eta dinamikoaren garapenari esker”, azaldu dute antolatzaileek.

Batik bat Euzkadi eta El Liberal hedabideez hitz egingo bada ere, beste hainbat egunkarik eta aldizkarik ere hartu zuten protagonismoa, eta horretaz ere hitz egingo da: “Loraldia batez ere jazo zen XX. mendearen lehen herenen, Errepublikako urteetan eta gerra garaian”.

Bestalde, hitzaldiaz gain, Euzkadiko Artxibo Historikoak ezagutzera emango ditu bere baitan dauden zenbait dokumentu, hedabideen bilakaerarekin zerikusia dutenak.  Sabino Arana Fundazioak ekimen honen antolakuntzan kolaboratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak