Berriak Hezkuntza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Uvescok lan esperientziaren bidez jasotako lanbide-konpetentziak egiaztatzeko hitzarmena sinatu dute

2017.eko azaroak 24
  • Supermerkatuko langileek euren laneko zereginetan jasoriko lanbide-konpetentziak egiaztatu ahal izango dituzte, eta Profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratu merkataritza jarduerekin, harakintzarekin nahiz arrandegiarekin zerikusia duten jardueretan

Eusko Jaurlaritzako Enplegua eta Gizarte Politikak eta Hezkuntza Sailek UVESCO supermerkatu katearekin lankidetza hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen honi esker, lan-esperientziaren bidez edo prestakuntzarako bide ez-formalen bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko jarduerak burutu ahal izango dira. Enpresa horretan merkataritza jarduerak, harategiko lanak zein arrandegikoak burutzen dituzten beharginen kualifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen du hitzarmen honek.

Hala nahi badute eta lanbide-konpetentziak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozedura bat gainditzen duten langileek, Eusko Jaurlaritzak ematen duen honako Profesionaltasun-ziurtagirietako (PZ) bat eskuratu ahal izango dute:

  • Saltoki txikiak kudeatzeko jarduerak, PZ
  • Bezeroarekiko harremanerako administraritza jarduerak, PZ
  • Salmenta jarduerak, PZ
  • Harakintza eta haragikiak prestatzea, PZ
  • Arrandegia eta arrantza zein akuikultura produktuak prestatzea, PZ

Kasurik gehienetan ez dira ohiko azterketak izaten, proba praktikoak baizik. Proba praktikoen bidez, langileek konpetentzia horien jabe direla erakutsi behar izaten dute.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak berariazko deialdia luzatuko du, prozedura honetan parte hartu nahi duten UVESCOko langileek izena eman ahal izan dezaten.

Supermerkatu katearekin sinaturiko hitzarmenak, gainera, gorago aipaturiko Profesionaltasun-ziurtagiriez gain, honako hau ere aurreikusten du: hezkuntza sistemako Lanbide Heziketa titulu bat eskuratu ahal izateko konpetentzia-atal kopuru handi bat gainditzeko aukera, zehazki, Merkataritza Jardueretako Teknikari titulua (Lanbide Heziketako Erdi Mailako titulu bat).

Prozedura honek, aukera ematen die langileei lan-eskarmentuaren bidez eskuratu dituzten lanbide-konpetentziak egiaztatzeko, eta honela, euren kualifikazio-maila hobetzea eta prestakuntza-ibilbidean jarraitzea errazten zaie.

UVESCOrekin sinaturiko hitzarmen berri hau joan zen martxoan Eusko Jaurlaritzak Euskadiko sei enpresa handirekin –tartean zen supermerkatu katea ere- adosturiko esparru-akordioaren ondorioz jaio da. Orduko hartan Lanbide Heziketa bultzatzeko ez ezik, euren langileen prestakuntza hobetzeko eta garapen pertsonal zein profesionalaren aldeko ekintzak burutzeko konpromisoa ere azaldu zuten enpresa sinatzaileok. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko