Eu

Gasteizko tranbiaren Unibertsitaterako luzapenean geltoki intermodala (Trianas) kenduko da eta hiri integrazioa hobetuko da

2017.eko azaroak 27
  • Tranbiaren jarraipenerako batzordeak proiektuaren aldaketa baimendu du, tranbia hiri egituran hobeto integratu dadin bilatzeko, zerbitzuaren operatibitatea kaltetu edo murriztu gabe, beti ere.
  • Nieves Cano kaleko tarte bat trenbide bakarrekoa bilakatuko da, trenbide bikoitzekoa izan beharrean, zuhaitzak moztea saihestuz eta espaloiak edo aparkalekuak mantenduz.

Gasteizko tranbia unibertsitatera luzatzeko proiektuko lanak duela denbora gutxi hasi dira, eta proiektuak aldaketa garrantzitsu batzuk jasoko ditu, jarraipeneko batzordeak gaur hartu duen akordioaren ondorioz. Horien artean, azpimarratzekoa da aurreikusitako lau geltokietako bat kendu egingo dela: Intermodal-Trianas. Halaber, Nieves Cano kaletik doan 375 metroko tartea trenbide bakarrekoa izango da, hasierako planean trenbide bikoitzekoa izatea aurreikusi bazen ere.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatzen duten Gasteizko tranbia Unibertsitatera luzatzeko obren jarraipen batzordea gaur goizean elkartu da, eraikuntza proiektuan aldaketa gauzatzea baimentzeko.

Eusko Jaurlaritzak, ETS Euskal Trenbide Sarearen bitartez obra egiten ari den administrazio eskumendunak, gaur goizean hartutako akordioaren arabera eguneratuko du proiektua. Aldaketek ez dute asko aldatuko obrarako aurreikusita zegoen 20 hilabeteko epea, lanak tarteka egiten baitira, eta egin beharreko lehenengoetan aldaketek ez baitute inolako eraginik izango.

Antonio Aizek Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio Sailburuordeak, Mikel Gurutzeaga Garraio Azpiegitura zuzendariak lagunduta, jende aurreko agerraldian azaldu duenez, aldaketa nagusia, hasiera batean Trianas kalean, Florida eta Hegoalde artean, aurreikusita zegoen Intermodal izeneko geltokia kentzea izango da. Geltoki horren “desagertzearen” arrazoia, abiadura handiko trenaren hasierako proiektuarekin, lur gainazaleko soluzioarekin, bete behar zuen funtzio intermodala gaur egun bete ezin duela da.

Trenbidea lurperatzeari eta Abiadura Handiko geltoki berriari buruzko soluzioei dagokienez egindako lanaren aurrerapen maila kontuan izanda, etorkizuneko tren-geltokirako sarbideak, gaur egungo Datoko tren-geltokiaren ingurukoak eta Green Capital plazaren ingurukoak izango dira. Beraz, Abiadura Handiko tren-geltoki berrirako bi soluzio posibleetan baztertuta geratu da sarbidea Trianas kalean egotea.

Eraikuntzaren ikuspuntutik, aldaketa horren eragin nagusia Trianaseko zubiaren zabalerari dagokiona izango da. Hasierako planean igarobidea 13,50 metro zabaldu behar zen, tranbia geltokia eraiki ahal izateko beharrezkoak ziren elementuak bertan ezartzearren. Proposatutako aldaketarekin, berriz, bide-zubiaren zabalera hiru metro baino ez da handitu beharko. Ibilgailuek bi errail izaten jarraituko dute, bidegorriak ere berdin jarraituko du, eta espaloien zabalera gaur egungo berbera izango da.

Beste aldaketa garrantzitsua Nieves Cano kaleari dagokio “bertako biztanleak adierazitako eskaerei erantzunez”, Aiz sailburuordeak adierazi duenez. 375 metro inguru luze den tarte horretan trenbide bikoitza eraikitzea zegoen aurreikusita, baina, azkenean, trenbide bakarra egingo da. Horrela, oinezkoentzako guneek orain arte bezala jarraituko dute. Aldaketa horrekin, azken finean, gaur egungo ibilgailuen trafikorako bideetako baten ordez tranbiaren ibilbidea eraikiko da. Horrela, espaloiak ez dira txikituko eta, gainera, gaur egun Nieves Cano kalean dauden aparkalekuek eta zuhaitzak mantenduko dira.

Castro Urdiales kaleko 2 eta 8 zenbakien artean (Hegoalden), bere aldetik, tranbiaren ibilbidearen eta galtzadaren artean zegoen itxaroteko gune bat kendu egingo da. Horrela, leku gehiago geratuko da espaloietarako, eraikuntza proiektuan aurreikusita zegoen bidegorria eginez eta bertan dauden zuhaitzak mantenduz.

Aizek azpimarratu duenez, erabakitako aldaketek “zerbitzuaren funtzionaltasunari eusten diote, ustiapenean eraginik izan gabe”. Beste alde batetik, lortuko diren abantailak “nabarmenak dira, tranbiak espaloietan, gune berdeetan eta zuhaitzetan izango duen eragina murriztu egingo baita”.

Ildo berean, aldaketek “hasierako proiektuan bidegorrietarako aurreikusitako azalera berbera ahalbidetzen dute, hau da, 2.425 metro karratu, eta, aldi berean, murriztu egiten da lur azaleko aparkaleku kopuruan izango den eragina”. Azken finean, Antonio Aizek azpimarratu duenez, aldaketa horiek “hasieran aurreikusitako lanak sinplifikatzea lortuko dute, tranbia hiri egituran hobeto integratzeko helburuarekin”.

1,4 kilometro

Gasteizko tranbia hegoaldetik unibertsitaterantz luzatzeko hasi berri diren lanek 1,4 kilometro luzatuko dute, gaur egungo 8 kilometro inguruko tranbiaren ibilbidea. Ibilbidearen diseinuan, Floridako geltokitik abiatuz tranbia Salburuarantz luzatzeko aukerak ere izan dira kontuan. Izan ere, jarduketa horretan Salburuarantz maniobrak egiteko “mango trenbide” bat eraikitzea jasotzen baitu.

10,4 milioi euroko aurrekontuaren %65 Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu, eta gainerako %35 Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak ordainduko dute. Lanak amaitzeko epea 20 hilabetekoa da.

Luzapenaren abiapuntua, gaur egun ustiatzen ari den linearen amaierak ezartzen du; eta une honetan, sareko lotura puntu hori Angulemako amaierako geltokian dago. Bertatik, egungo galtzadaren bitartez, Florida kaletik luzatuko da, ezkerrerako bira txikia eginez. Ondoren eskuinerantz biratuko du, eta ADIFen trenbide trintxeraren gainetik gurutzatuko da, proiektu berrian geltokirik izango ez duen Trianaseko zubitik, eta Castro Urdiales kaletik jarraituko du, Nieves Cano kalera ondoren eta Martínez de Aragónen amaituz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Alvaro Iturritxa, Peio Lopez de Munain, Pilar García de Salazar, Iosu Lopez