Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak artatzen dituen 900 840 111 telefonoaren 4.200 kartel banatu ditu, azaroaren 25a dela eta

2017-11-25
  • Artolazabal: “zerbitzuak telefono bidezko arreta profesional eta espezializatua eskaintzen du, berehalakoa, konfidentziala eta anonimoa egunaren 24 orduetan, urte osoan”
  • Telefonoak emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiak artatzen ditu, ez emakumeek beren bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasan dezaketena soilik
  • Azaroaren 25a, Emakumeen aurkako Indarkeriak Ezabatzeko Nazioarteko Eguna
  • 900 840 111 zerbitzuak 51 hizkuntzatan erantzuten du eta hizketaren eta entzumenaren dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko gailu bat du.

Vitoria-Gasteiz, 2017/11/25

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 900 840 111 telefonoa gogoratzen duten 4.200 kartel ari da banatzen egunotan. Telefono horretan etxeko edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzuarekin kontaktatzen da. 4.200 irudi horiek banatu dira biktimei arreta emateko zerbitzuaren bulegoetan, Ertzaintzaren ertzain-etxeetan, oinarrizko udal-zerbitzuetan, Lanbideren bulegoetan, zentro medikoetan, Familia Bitartekaritzako Zerbitzuaren egoitzetan, Eusko Jaurlaritzaren lurralde-ordezkaritzetan, ikastetxe eta unibertsitateetan, emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegietan, Emakunden eta elkarteetan.

 

Kartelek puntu lila bat dute, horien hedapena bat datorrelako gaur larunbata, azaroaren 25eko Emakumeen aurkako Indarkeriak Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

 

Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, “900840111telefonoak hurbileko baliabide bat, profesionala eta, batik bat, erabilgarria eskaintzen du indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Zerbitzu hau, beste batzuen aldean, lagun egiteagatik nabarmentzen da. Azken helburua da emakumea tratu txarreko egoera horretatik irtetea eta bizitza autonomo bati ekiteko baldintzetan egotea, bere seme-alabekin, baldin baditu”.

 

“Horretarako, lineaz bestalde dauden profesionalek lagun egiteko lanak egiten dituzte indartzeko eta ahalduntzeko prozesu horretan, ororen gainetik haien denborak eta egoerak errespetatuz. Zerbitzu hau bereizten duen elementu bat da, eta balio handikotzat jotzen dugun balio erantsi bat ematen dio”, adierazi du Artolazabalek.

 

Profesionala

Artolazabalek gogoratu du 900 840 111 telefonoak “emakume guztiak artatzen dituela, kontuan izan gabe haien egoera administratiboa erregularra ala irregularra den, errolda duten ala ez edo erasotzailearekin harremana duten ala ez. Askotan, emakumeek zalantzan jartzen dute indarkeriaren biktima diren, esajeratzen ari diren, jasaten ari diren egoera hori normala den ala ez. Euskadiko Jaurlaritzatik dei egiten dugu 900 840 111 telefonora deitzeko eta zalantzak argitzeko. Beren deia beren egoera errespetatuko duten profesionalek entzungo dute”.

 

Zuzenean indarkeria jasaten duten emakumeez gain, biktimaren hurbileko pertsonek ere jo dezakete zerbitzura, jarduteko orientazioa jasotzeko, eta gertuko kolektibo profesionalek (sanitarioek, hezkuntzakoek edo sozialek), beren esku-hartzea indartzeko eta orientatzeko. Ingurunean dauden pertsonek ere egoera anomaloak antzeman eta jardun dezakete. Hori egiteko, 900 840 111 telefonoak baliabideak eskaintzen ditu.

 

Edozein indarkeria mota artatzen du

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren zerbitzu honek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiak artatzen ditu zentzu zabalenean: ez dio heltzen soilik emakumeek bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik jasaten duten indarkeriari, baizik bikotekidea ez den beren familia-inguruneko gizonen batek egindakoari, gehiegikeriari, eraso eta jazarpen sexualari, tratari, prostituzio behartuari, lan-esparruko jazarpenari, etab.

 

Batik bat euskal zerbitzu bat denez, Euskal Autonomia Erkidegoan soilik jarduten duena, deitzen duten pertsonek informazio osoa eta zehatza lortzen dute beren gertuko ingurunean dauden baliabideei buruz eta horietara jo daiteke, hala nola gizarte-zerbitzu, sanitario, judizial eta polizialetara, helbide eta telefono zehatzak emanik, eta horietara zuzenean ere bidera daiteke, batik bat, arrisku-egoera bat nabarmendu eta emakumeak onartzen badu.

 

Halaber, zerbitzua gainerako zerbitzuekin koordinatzen da ezarritako deribazio- eta jarraipen-protokoloen bidez, eta emakumearen arreta integrala lortzen da horrekin.

 

Horregatik, 900 840 111 telefonoa etengabeko prestakuntzan ari diren profesionalek artatzen dute: emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloan ez ezik, arreta integrala emateko ezinbesteko diziplina guztietan ere: zuzenbidea, atzerritartasuna edo psikologia, besteak beste. Profesional, psikologo, hezitzaile eta gizarte-langileak dira batik bat.

 

Konfidentziala

900 840 111 telefonoa berehalakoa da eta erabilgarri dago egunean 24 orduz, urteko egun guztietan. Beraz, ez da hitzordua eskatu, ilara egin edo itxarote-denborarik jasan beharrik. Gainera, ez du arrastorik uzten telefono-fakturan, ezinbestekoa erasotzailearekin eta hark kontrolatuta bizi diren emakumeentzat.  

 

Zerbitzu anonimoa eta konfidentziala denez, ohiko aurrez aurreko baliabideetara (udaleko edo foruko gizarte-zerbitzu, polizial, juridiko, medikoetara…) jotzen ausartzen ez diren emakume asko erakartzen ditu zenbait arrazoirengatik: gai horretaz hitz egiteaz lotsatzen direlako, errudun sentitzeagatik; ez dutelako onartzen jasaten ari direna emakumeen aurkako indarkeria dela edo zalantzak dituztelako; emakume helduagoak edo gazteegiak direlako, gizarte-zerbitzuetara joatea gustuko ez dutenak; landa-ingurune batean edo ‘denek elkar ezagutzen duten’ ingurune batean bizi direlako; administraziora hurbiltzearen beldur direlako erroldarik ez izateagatik edo egoera ez arautuan egoteagatik; sexu-indarkeria jasaten ari direlako eta lotsa eta beldurra sentitzen dutelako beren senideengatik; ez dutelako agertu nahi erasotzailearen edo beren nortasuna; etxetik ezin irten diren emakumeak daudelako, mugikortasun-arazoren bat dutelako edo beren erasotzaileek bakartuta edukitzen dituztelako, eta abar.

 

900 840 111 zerbitzuak 51 hizkuntzatan erantzuten du eta hizketaren eta entzumenaren dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko gailu bat du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)