Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko lehenengo planak lortu du ertzainen % 43k hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko helburua

2017.eko azaroak 24

Hiru urtean hirukoiztu egin da euskararen erabilera sustatzeko aurrekontua

 Gobernu Kontseiluak 2014ko urrian onartu zuen Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko lehenengo plana, eta Segurtasun Sailak ordutik, azken hiru urteotan, hirukoiztu egin du euskararen erabilera sustatzeko aurrekontua. 2018an 2.065.000 euro aurrekontua izango da euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko politikak eta ekintzak ezartzen jarraitzeko. 2017an dagoeneko 3.437 ertzainek dute egiaztatuta hizkuntza-eskakizunen bat (2.955ek B2 eta 482k C1), eta horrek esan nahi du % 38tik % 43ra igo dela ehunekoa eta bete dela Planean ezarritako helburua.  

 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartu zenetik, Segurtasun Sailak ekintza ugari jarri ditu abian Ertzaintza euskalduntzeko eta Ertzaintzan hizkuntzaren normalizazio-prozesuan aurrera egiteko, eta ongi planifikatuta, aurrekontua esleituta eta euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa hartuta. Horixe esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko lehenengo planaren bilakaera eta garapena azaltzeko Eusko Legebiltzarreko Euskara Batzordean egin duen agerraldian.

 “2014ko urrian 3.006 ertzainek zuten egiaztatuta kolektibo honentzat ezarritako bi hizkuntza-eskakizunetako bat (2.850ek 1.HE, Europako Marko Bateratuko B2ren baliokidea, eta 156k 2.HE, orain C1 dena). Une hauetan, hiru urteren ondoren, 3.437 ertzainek dute egiaztatuta hizkuntza-eskakizuna (2.995ek B2 eta 482k C1). Datu horiek adierazten digute ehunekoa % 38tik % 43ra igo dela, eta bete dela, beraz, planean ezarritako helburua”, esan du Segurtasuneko sailburuak, eta gauzatutako jarduerak azaltzeaz gainera oraindik egiteke dagoen lana azpimarratu du.

 Sailburuak agerraldian azaldu du Segurtasun Sailak 2015etik zabaldu egin duela lanorduetan euskara ikasteko ikastaroen eskaintza, eta zehaztu du guztira 358 ertzainek parte hartu dutela, 212k B2 mailan eta 146k C1 mailan. Gogora ekarri behar da 2013an B2 mailarako ikastaro bakarra zegoela eta 28k ertzainek hartu zutela parte, eta ordura arte C1 mailarako ikastarorik ez zegoela maila hori Ertzaintzan ez zelako ezarri 76/2012 Dekretua argitaratu zen arte, bertan ezartzen ziren aldetik euskararen erabilera normalizatzeko bigarren aldiko oinarriak.  

 Segurtasun Sailaren titularrak gogora ekarri du denbora horretan zabaldu egin dela Ertzaintzan euskararen erabilera hobetzeko eta sustatzeko ikastaroen eskaintza ELEBI programarekin. Berez, abian jarri zen lehenengo urtean egindako deialdian 42 pertsonak hartu zuten parte, eta 2016an eta 2017an bi deialdi egin ziren urtean eta 123 eta 156 ertzainek hartu zuten parte urtean, hurrenez hurren. Plana gauzatu den hiru urteetan guztira 321 agentek parte hartu dute tailer horietan.

 Neurri-sorta horri gehitu behar zaio Lanorduz Kanpo programa. Programa horren bidez borondatez eskaera egiten duten ertzainei eskaintzen zaie euskara ikasteko aukera (matrikula osoa ordaintzen zaie) hizkuntza-eskola ofizialetan edo euskaltegi homologatuetan eskaintzen den edozein mailatan, eta prozedura errazten zaie.  2015-2016, 967 pertsonak matrikulatu egin dute.

 2014-2015 ikasturtean programa horretan 215 ikasle zeuden matrikulatuta, 2015-2016 ikasturtean 370 egon dira matrikulatuta, 2016-2017 ikasturtean 382 egon dira matrikulatuta eta 2017-2018 ikasturteko matrikula-prozesua oraindik itxi gabe dago. Aipatu behar da HABErekin oraintsu izenpetutako hitzarmena, ikastaro horietan parte hartu nahi dutenek lanorduz kanpo parte hartu ahal izan dezaten eta matrikularik ordaindu beharrik izan ez dezaten.  

 Denbora honetan izandako beste aldaketa esanguratsu bat da aukera gehiago eman izana ertzainei IVAPen eta HABEren deialdietara aurkeztu ahal izateko B1, B2, C1 eta C2 mailetan, bai eta hizkuntza-eskola ofizialetako azterketetara ere maila guztietan, A1etik hasi eta C1 mailara arte.

 Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean jasotako beste ahaleginetako bat izan da ikastaro bereziak ematea, nahi dutenek eta dagokion euskara-maila dutenek euren lana euskaraz egin ahal izatea errazteko eta bultzatzeko. Eta, esate baterako, salaketak euskaraz idazteko eta aitorpenak euskaraz hartzeko ikastaroak egin dira, eta orotara 87 pertsonak parte hartu dute.  Gainera, lehenengo aldiz eman da Lehen Hitza Euskaraz tailerra, eta bertan 30 pertsonak parte hartu dute.  

 Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planean jasotako alderdien artean aipatu behar da hizkuntzarekin lotutako kontsultena, eta terminologia-zerbitzuetan, esate baterako, polizia-terminologia eleaniztunen 5.797 fitxa egin dira, eta azken urtean, adibidez, 500 fitxatik gora gehitu dira. 

Sustapen berriak

Sailburuak agerraldian nabarmendu du hizkuntza-eskakizunen egiaztapenari buruzko zifretan Ertzaintzaren sustapen berriek izan duten eragina; izan ere, bai 25. Promozioan bai 26. Promozioan izangaien ia ehuneko ehunek dute egiaztatuta sartzerako euskara-mailaren bat.  

26. Promozioaren kasuan, 250 izangaietatik 160k dute egiaztatuta B2, beste 64k C1 eta 24k B1. Prestakuntza-ikastaroa orain egiten ari den 26. Promozioaren kasuan, berriz, 300 izangaiek dute egiaztatuta euskara-mailaren bat, eta horietatik 197k B2 eta 43k C1.  

“Sustapen berriek goitik behera irauliko dute euskararen ezagutza eta erabilera Ertzaintzan”, esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak.  

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2017.eko azaroak 27

    Comentario de Twitter:
    Ertzaintzan euskararen erabilera normalizatzeko lehenengo planak lortu du ertzainen % 43k hizkuntza-eskakizuna... https://t.co/2E9XLHFMoq

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak