Berriak Hezkuntza
Eu

Unibertsitateko Prestakuntza Dualean egindako aurrerapenak eta euskal unibertsitateen jardueren Behatoki berria

2017.eko azaroak 27
  • Estatuan aitzindaria den Prestakuntza Duala ziurtatzeko sistema aurkeztu da. Lehenengo gradu dualak 2018-2019 ikasturtean abiaraziko dira
  • Gutxienez, gradu horietako prestakuntzaren %25 lantokietan egingo da
  • Unibasqek Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia aurkeztu du, gizarteari euskal unibertsitateen jarduerari buruzko informazioa web plataforma bakar batean eskaintzeko asmoz http://observatorio.unibasq.eus

Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, Eva Ferreira Unibasqen Zuzendariak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordeak unibertsitate munduarekin lotutako bi berritasun aurkeztu dituzte gaur goizean.

Alde batetik, aipamen duala duten titulazioen inguruko azken berritasunak ezagutzera eman dituzte. Eta bestetik, Unibasqek Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia (Unibasq Behatokia) aurkeztu du, euskal unibertsitate-eskaintzari buruzko informazio garrantzitsu osoa bilduko duen web plataforma.

Etorkizuneko irakaskuntza dualei dagokienez, gaur unibertsitateko Prestakuntza Duala ziurtatzeko sistema berria ezagutzera eman dute. Horrela, Unibasq zerbitzu hau eskaintzen duen Estatuko lehen erakundea bihurtu da.

Sisteman zehatz-mehatz ezarri dira unibertsitate-zentro baten titulazioak prestakuntza dualaren aintzatespena lortzeko bete behar dituen irizpideak.Horrelako graduetan, estu-estu lotuta daude prestakuntza akademikoa eta ingurune sozial eta produktiboarekiko harremanak, eta horretarako, unibertsitateak kanpoko erakundeekin lankidetzan jardun beharko du, horiek ere ikasketa-plana taxutzeko lanetan nahiz praktikak egiteko baimenetan eta ikasleen fintzaketan parte har dezaten. Horrela, graduen kasuan, gutxienez titulazioaren % 25 era dualean egin beharko da, eta gutxienez % 40 masterren kasuan. Gradu edo master amaierako lanetan, nahitaezko baldintza izango da kanpoko erakunde baten lankidetzaz egitea.

Unibertsitateek prestakuntza dualaren aintzatespen hau jaso dezaketen titulazioak aurkezteko deialdia abendura arte irekita egongo da, eta lehenengo akreditazioak urte hasieran ezagutzera emango dira. Horrela, aintzatespena jasotzen duten titulazioek horrexen berri eman ahal izango dute 2018-2019 ikasturteko aurretiko izen-ematea hasi baino lehen.

Prestakuntza dualaren aipamena izango da Unibasqek abian jarriko dituen ziurtapen guztietako lehena, eta 2018an, nazioartekotzea bezalako beste ziurtapen batzuk zabalduz joango da.

Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia

Bestalde, gaurko prentsaurrekoan, Eva Ferreira Unibasqen zuzendariak Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatoki berria aurkeztu du.

Klik bakar batean, tresna digital berri honek Euskadiko unibertsitate-zentro publiko nahiz pribatuek eskaintzen dituzten gradu, master eta doktorego guztiei buruzko datu orokorrak eta xehatuak eskuratzeko aukera emango du, beste hainbat adierazleren artean.

Orain arte, Euskadin eskaintzen diren titulu, gradu edo masterrei buruzko informazioa publikoa zen, baina sakabanatuta zegoen unibertsitateen, erakundeen eta are titulazioen webguneen artean, eta horrek izugarri korapilatzen zuen informazio-bilaketa.

Unibasq Behatokia delako plataforman, informazioa hiru bloketan banatuta dago, erabiltzailea bila dabilen datuak erraz eta azkar aurkitu ahal izateko. Lehenengo blokean, datu orokor guztiak bildu dira: titulu, gradu, doktorego nahiz jakintza-arloen kopuruak, giza-baliabideei buruzkoak, ikasleen ingurukoak… Beste atal batean, datu guztiak unibertsitateen arabera sailkatutra kontsulta daitezke, hau da, UPV/EHUko,  Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko zentroek eskaintzen dituzten jakintza-arlo desberdinetako titulu guzti-guztiak.

Atariaren hirugarren atalak informazio zehatzagoa aurki daiteke Euskadin eskaintzen diren 353 unibertsitate-tituluei buruz, graduak, doktoregoak eta masterrak barne hartuta. Horretarako, adierazle zehatzak eta interesgarriak txertatu dira erreferentziazko tituluen inguruan; adibidez, giza-baliabideak, ikasleen gogobetetze-maila, ikasgaien hizkuntza, ikasketaren emaitzak edota plazen gaineko eskaintza eta eskaria, besteak beste. Gerora begira, lan-munduratzeari buruzko datuak ere bilduko dira, baina horiek ikasketak amaitu eta hiru urtera jasotzen direnez gero, Bolonia planari atxikitako lehenengo promozioen gaineko datu-bilketa egin ahala sartuz joango dira.

Unibasq Behatokian unibertsitateen erreferentziazko nazioarteko sailkapenetarako estekak ere aurki daitezke. Horrekin batera, sailkapen horien gaineko interpretazioa argitzen duen txosten bat landu da, euskal unibertsitate-zentroei buruzko datu erabilgarriak nazioarteko testuinguruan kokatu ahal izateko.

Behatoki hau datuak etengabe sartuz eta eguneratuz joango da, txosten eta adierazle berriek baliozko informazio interesgarria ematen duten heinean. Horrela, euskal unibertsitate-sistema osoan zehar erraztasunez nabigatzea ahalbidetuko duen atari hau tresna dinamiko eta erabilgarria izango da.

Unibasq bigarren hezkuntzako ikastetxeetara gerturatuko da ondorengo hilabeteetan Unibertsitate Jardueraren Behatokia aurkezteko, eta horrela, ikasleek eta orientatzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte plataforma eta unibertsitateko jarduera ebaluatzeko sistemak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Eva Ferreira, Unibasq-ren zuzendaria