Eu

Euskadik bere etxebizitza-politikaren ildo estrategikoak zehaztu ditu datozen hiru urteotarako

2017.eko azaroak 23
  • 200 profesional baino gehiago izan dira gaur Bilbon, 2018-2020 Etxebizitza Plan Zuzendariaren aurkezpenean. Planaren ildo estrategikoak honako hauetan oinarritzen dira: alokairuaren, eraikinen birgaikuntzaren eta hiri-berroneratzearen aldeko apustua, etxebizitza politiken eta gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa, eta gazteak etxebizitza-politiken erdigune izateko beharra.
  • Arriola sailburuak esan du abian jarri behar direla formula berriak, herritarrei oro har etxebizitzara jotzeko moduari bide emateko, kontuan izanik gizarte- eta ekonomia-errealitate berria

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, gaur, Bilbon, 200 profesional baino gehiagoren aurrean, datozen hiru urteotarako duen etxebizitza-politikaren ildo estrategikoak aurkeztu ditu; horiek 2018-2020 Etxebizitza Plan Zuzendariaren oinarri izango dira, kontuan hartuta horren helburua dela pertsona guztiek etxebizitza duinera jotzeko duten sarbide eraginkorrean eta jasangarrian aurrera egitea.

Etxebizitza sailburuak jardunaldiaren irekiera-ekitaldian hauxe esan du: “etxebizitza euskal herritarren laugarren kezka da, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen azken soziometroaren arabera, eta horrek esan nahi du gure gobernu-ekintzaren funtsezko gaia izan behar duela.Herritarrei, oro har, eta talde eta kolektibo ahulenei, bereziki, etxebizitzara jotzeko moduari bide emateko formula berriak bilatzen eta abian jartzen jarraitu behar dugu, kontuan izanik gure politikek oinarri izan behar duten gizarte- eta ekonomia-errealitate berria”.

 

Topaketak Euskaditik kanpoko erakunde eta agente askoren interesa piztu du, besteak beste, Kantabriako Herri Lan eta Etxebizitza Sailarena, zeinak ordezkaritza izan baitu, José Mª Mazón buru dela. Halaber, Mayte Andreu Aragoiko Gobernuko Etxebizitza eta Birgaitzeko zuzendari nagusia, Jaume Fornt Kataluniako l’Habitatge Agentziako zuzendaria, Mª del Pino León Kanarietako Etxebizitza Institutuko zuzendaria, Fermín Bravo Asturiasko Etxebizitzako zuzendari nagusia edo Javier Etayo Nafarroako Etxebizitza Zerbitzuko zuzendaria izan dira.

 

Jardunaldian, aldi horretan eta 2018-20120 Plan Zuzendarian (gaur egun prestatzen ari da) jasotako etxebizitza-politiketarako ildo nagusi identifikatuak azalduko dira. Jardun-ardatzak are apustu irmoagoan oinarritzen dira: alokairuaren, eraikinen birgaikuntzaren eta hiri-berroneratzearen aldeko apustua; etxebizitza politiken eta Euskadi gizarte-babesean erreferente bilakatzen duten gainerako gizarte-politiken arteko lotura handiagoa; eta gazteak etxebizitza-politiken erdigune izateko beharra.

Azken alderdi hori dela eta, Iñaki Arriola sailburuak azaldu du helburua dela etxebizitza izateak “lagundu ahal izatea gure gazteei beren bizitza-ibilbideak eta beren lanbide-karrerak martxan jartzen, eta, beren talentuaren bidez lehen aipatutako gizarte-ongizatearen mailei eusteko beharrezko garapen ekonomikoari laguntza emateko aukera ematea”.

“Hori guztia –esan du– 2015eko Euskal Legean jasotako Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa eraginkortasunez abiarazteko testuinguruan, zeina Euskadin gizarte-eskubideetarako eta Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren (EIT) sistematizaziorako funtsezko aurrerapena dela uste baitugu.Tresna hori funtsezkoa da eraikitako etxebizitzaren kontserbazioa eta egokitzapena hobetzeko, zeina bereziki birgaitzeko eta hiri-berroneratzeko laguntzekin lotu nahi baitugu, laguntza horietan irisgarritasunaren hobekuntzak rol bereziki esanguratsua hartuko duela". 

Plan Zuzendaria, gaur egun, prozesu parte-hartzailean dago; bertan, dagoeneko, Euskadin etxebizitzarekin zerikusia duten 60 eragile baino gehiagoren eta gizarte-, politika- eta ekonomia-erakundeekin zerikusia duten 160 pertsona baino gehiagoren ekarpenak batu dira. Horiek guztiek beren inplikazio baliotsua eskaini dute, sei lan-talderen bidez, eta, horrela, politika partekatuak zehazteko lankidetza publiko eta pribatuaren garrantzia erakutsi da. Hirugarren gizarte-sektoreak partaidetza nabarmena izan du, eta testuinguru honetan gero eta rol esanguratsuagoa betetzeko ardura du.

Gaur bigarren fasea hasi da: Plan Zuzendarian sartuko diren ekintza, helburu eta neurri-adierazleen formulazio estrategikoa eta zehaztapena balioztatzea. Fase honetan, eragileek parte hartzen jarraitzeaz gainera, Etxebizitza plataformaren eta beste zenbait dinamikaren bidez (inkestak, foroak, proposamenen postontzia) bereziki emango da aukera euskal herritarrek parte hartzeko, izan ere, azken batean, beraiek dira Plan Zuzendari honetako ekintzen hartzaile. Herritarren parte-hartzea hilaren 27an hasiko da eta, behintzat, urte-amaiera arte iraungo du.

Helburua da behin betiko dokumentuak ekarpenik onenak eta ahalik eta adostasun gehien jasotzea. Dokumentu balioztatua eta osoa izan nahi da, alderdi guztietan, ekitaldia amaitu aurretik, gero Gobernu Kontseiluari jakinarazi eta Eusko Legebiltzarrari bidaltzeko, aztertu eta eztabaida politikoa egin dezan, 2018ko lehen hileetan. 

Une horretatik aurrera, 2018-2020rako etxebizitza-politikak eta urteko aurrekontu-zehaztapenek estrategian aurreikusitako ekintza eta helburuak garatuko dituzte, zehaztapen kuantitatibo eta kualitatiboarekin. 

Etxebizitza-politikaren eraginak urtero ebaluatuko dira, eta legegintzaldiaren amaieran Plan osoa balioetsiko da, bai eta gizarte-ongizateari eginiko ekarpen eraginkorra ere.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak