Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

“Administrazioak lan-merkatura sartzeko autoktonoen esku jartzen dituen tresna berdinak jarri behar ditu immigranteentzat” dio Zabaletak

2010.eko abenduak 14

Immigrazioa eta Lan Merkatua gaiari buruzko mintegia inauguratu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak

Abenduaren 18an izango den Migranteen Nazioarteko Eguna ospatzeko aste honetarako programatu diren jardueren egutegiaren barruan, “Immigrazioa eta Lan Merkatua” gaitzat hartuta adituak eta sindikatuen eta enpresaburuen elkarteen ordezkariak bildu dituen mintegia inauguratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Gasteizen.

Immigranteak gizarteratzeko prozesuak bi eragile horiek duten protagonismoa nabarmentzeko izan dira Zabaleta sailburuaren lehenengo hitzak. Sindikatuak, “baztertuak geratzeko arriskua izan ohi duen giza talde horren lan﷓beharrak eta eskubideen onarpena bideratzeko egiten duten ezinbesteko lanagatik” eta, enpresaburuak “gizarteratzearen eragile aktiboak direlako”.

Zabaletak azpimarratu duenez, oraingo krisi-garai honetan, “inoiz baino premiazkoagoa da epe ertain eta luzeko ikuspegi estrategikoa egituratzea immigrazioari buruz eta horrek lan-merkatuarekin duen harremanari buruz”. Zabaletaren iritziz, enplegua ezinbestekoa da etorkinak gizarteratzeko. “Beraz, ezin da sarbide bikoitzik onartu: bat hemen jaiotakoentzat eta beste bat etorkinentzat. Autoktonoek eta herritar berriek, denok ditugu gure bizitza modu duin eta egonkorrean garatzeko grina, eta horregatik, administrazioak tresna berberak jarri behar ditu denen esku”.

Kontuan izan behar da etorkinen gizarteratzeak beste dimentsio batzuk ere badituela: gizarte-arlokoak, eskubideen arlokoak, kulturen arteko bizikidetza, aniztasunaren kudeaketa zerbitzu publikoetan, etab.

Joan den urtean Euskadira 13.254 pertsona gehiago etorri ziren joan zirenak baino. Migrazioaren emaitza positiboa izan zen atzerritarren artean ere, eta 9.802 pertsona gehitu ziren gure erkidegoan. Egun euskal herritarren % 6,4 etorkinak dira (140.000 inguru).

Zantzu guztien arabera, Europak beste herrialde batzuetako langileen beharra izango du bere ongizate-mailei eutsi ahal izateko. Hortik sortzen da “immigranteen lan-aukerak hobetzeko eta kualifikazioak, prestakuntza edo lanbide-gaitasunak eta lan-esperientzia onartzeko era berriak bilatzearen erronka”, zehaztu du Zabaletak.

Puntu horretan, Lanbidek zeregin erabakigarria izango du urtarriletik aurrera; izan ere, bere jardunaren jomugetako bat immigranteen lanerako eta prestakuntzarako orientazioko ibilbideak izango dira”, zehaztu du sailburuak. Horrez gain, immigranteen eskubideen onespenaren alde lan egingo du, lan-merkatuko diskriminazioaren aurkako neurri gisa.

“Immigranteen esplotazioaren aurka borrokatzea denon betebeharra da”, azpimarratu du sailburuak, eta, aurreratu duenez, bere Sailak lantokietako giroaren kalitateari buruzko dekretu bat sustatuko du, enpresetan jatorri- eta kultura-aniztasuna errespetatu eta kudeatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)