Eu

Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte bete ditu Euskadiko energia egoera hobetzeari lotuta

2017.eko azaroak 23

Azken 35 urte hauetan garatutako energia proiektuei esker, euskal ekonomian 142 milioi euroko balio positiboa sortu dela uste da

 Hiru hamarkadatan 30 milioi euro eman dira laguntzetan,  energia-iturri berriztagarrien aprobetxamendu partikularrera bideratuta.

Gas naturalaren alde egindako apustuak inbertsioak aurreratu zituen, euskal gasifikazioa azkartzearekin batera.  Horrek ekarri zuen, besteak beste,  industrian energia-prezio lehiakorrak izatea eta eraginkortasun handiko teknologia industrialak erabiltzea. Prozesu hori giltzarria izan da industriaren lehiakortasunerako merkatu globalean, enplegu kuotei eusteko eta industriaren BPIerako. 

Hamarkada hauetan gas naturalari sarbidea emateak nabarmen murriztu du petrolioaren erabilera: % 62 izatetik oraingo % 43 izatera. Gainera, emisio gehien eragiten duen energia, ikatza, ez erabiltzea ahalbidetu du. Era berean, etxebizitzetan konfort egoera orokortzea lortu du. 

Energia berriztagarriek euskal energia-eskariaren % 7 ase edo betetzen dute, energia-autohornikuntza tasa dena, hain zuzen ere. Arlo horretan, Euskadik ikerkuntzaren aldeko apustua egin du, BiMEP edo CIC energigune moduko saiakuntza zentroen bitartez, energia sektorearen barruan aukera industrial berriak sortzeari begira.

Bilbo, 2017ko azaroaren 23a – Eusko Jaurlaritzaren euskal agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak 35 urte beteko ditu bihar, hilak 24. Jardunean aritutako hiru hamarkada horietan, Euskadin energia-politika planifikatua eta iraunkorra garatzen lagundu du. 80ko hamarkadan burututako industria- eta energia-birmoldaketatik energia berriztagarrien aldeko oraingo trantsizioa arte, energia-politikak eragin handia izan du euskal industria-politikan; bai ehun industrial eta enpresarialen funtzionamendurako ezinbesteko tresna den aldetik, bai teknologia eta sektore produktibo berriak erakartzeko ahalmenagatik, aberastasuna eta enplegua sortzen dituztenak.  Horretaz gain, energia-politika horiek herritarren ongizate maila hobetzen lagundu dute, inoiz ez bezala lagundu ere.

 Eusko Legebiltzarrak eratua, 1982. urtean,  Euskadiko energia egoera hobetzea gogoan izanik, Energiaren Euskal Erakundeak garatutako jarduna, nagusiki, honako bost ardatz hauei lotuta egon da: energia-eraginkortasuna, erabilitako energia-iturrien dibertsifikazioa eta eskura izan ditugun bertako baliabideen aprobetxamendua, gas naturalaren garapena eta energia berriztagarrien sustapena.  

Euskadiko energia horniduraren segurtasuna eta haren garapena dira funtsezko oinarriak energia agentzia honentzat, eta bere ekarpen handiena izan da agertokiak aurreratzea edo aurreikustea eta Euskadiko garapena areagotzea energia aldetik. Ildo horretatik, azpimarratzekoa da euskal industriak eduki duen bilakaera handi-handia, eraginkortasun eta lehiakortasun handiko mailak lortu baititu. Horrekin batera, Euskadin, gas naturalaren erabilera erabat hedatuta eta guztien eskura  egotea nabarmentzekoa da, petrolioaren edo ikatzaren deribatuak ordezkatzea ekarri duena.

 Gogoratzekoa da, abiapuntua 80ko hamarkadan izandako krisi ekonomikoa eta energetikoa izan zela; artean, familia askoren euskarri zen industria zaharkituak zailtasun gaindiezinak zituen kanpoko lehiakortasunari aurre egiteko. Gainera, petrolioarekiko mendekotasuna erabatekoa zen, inbertsio gabezia nabarmenekin eta eraginkortasuna gutxikoa zen industria hura. Industria birmoldaketak, aldi berean, energia birmoldaketa ekarri zuen, gas naturalari esker: izan ere, prezio lehiakorrak eragiteaz gain, eraginkortasun handiko teknologia industrialak sarrarazi zituen, petrolio edo ikatzaren erabilerarekin pentsaezinak.   

 Epealdien arabera, garatutako lanek honako alor eta zeregin hauek lehenetsi dituzte: 

 

  • 1984-1990 epealdia: industrian eta hirugarren alorrean, azken honetan  maila apalagoan izan bazen ere, energia-eraginkortasuna hobetzera bideratua. Energiari lotutako azpiegitura berriak, hala nola gasa garraiatzeko oinarrizko sarea eta gasaren industria sarea.
  • 1990-2005 epealdia: hirugarren alorrean (zerbitzuak, merkataritza, etab.) energia berriztagarrien aldeko inbertsioak egitera zuzendua. Etxe-merkataritzako gas sarearen hedapena eta zabalkundea. 
  • 2006-2017 epealdia: industrian eta hirugarren alorrean energia-eraginkortasuna hobetzera bideratua, garraio alorrari garrantzi handiagoa emanez, aurreko epealdien aldean. Iturri berriztagarri berriak (itsas energiak) ikertzearen aldeko apustua.

 

Epealdi eta testuinguru horietan, euskal gizarteari onura handia ekarri dion jardun arrakastatsua garatu da, hona hemen emaitza nagusiak:

 

  • Energiaren aurrezpenean lorpen ikusgarriak erdietsi dira, egungo kontsumoaren % 42 baliokidea dena.
  • Kontsumitutako energia moten jatorria aldatzeaz gain, haien dibertsifikazioa areagotu da, petrolioarekiko erabateko mendekotasuna murriztea ahalbidetu duena, 1982. urtean guztizko kontsumoaren % 86 eta orain  % 42 da (garraioa barne). Haren ordez,  eraginkorragoa den eta emisio gutxiago eragiten duen gas naturala dugu.
  • Ikatza ez erabiltzea.
  • Energia berriztagarrien erabilera areagotu da, guztizko energia-eskariaren % 2 izatetik % 7 izatera.

 

Euskal energia politikaren etorkizuneko helburuek eta erronkek, Euskadiko 2030 Energia Estrategian ezarritakoek, karbono gutxiko energia eredu iraunkorragoa eta lehiakorragoa lortzeko bidean sakondu nahi dute. Trantsizio horretarako, energia berriztagarriek presentzia eta protagonismo handia izango dute; hala, energia premiak ziurtatu eta bermatzeko, gas naturala energia-bektorea izango da, petrolioaren deribatuek baino emisio gutxiago eragiten duen energia, hain zuzen ere. 

Eraginkortasuna eta kontsumoaren murrizketa

Eraginkortasun handiagoa lortzeko eta energia-kontsumoaren murrizketa erdiesteko neurrien aplikazioaren alor nagusia industria izan da historikoki. Arlo horretan egindako ahalegin handiaren ondorioz, sektore guztietan izan dira probetxugarriak neurri horiek, maila ezberdinetan izan bada ere. Hain zuzen ere, energia agentzia den aldetik,  Energiaren Euskal Erakundearen egiteko garrantzitsuenetarikoa izan da energiaren aurrezpenaren kultura zabaltzea euskal gizartean, 80ko hamarraldian aintzat hartzen eta ezagutzen ez zena, eta gaur egun, ordea, gizarte osoaren ardura moduan hartzen dena. Abian jarritako neurrien garapenari esker lortu den energiaren aurrezpena handia izan da; zehazki, gaur egungo kontsumoaren % 40ren baliokidea.

Gas naturala eta energia-dibertsifikazioa 

Gas naturalari sarbidea ematea erabakigarria izan da alde bi hauetatik: batetik, kontsumitzen ziren energia motak aldatzeko; eta bestetik, kontsumo hori egiten zen modua eraldatzeko; izan ere, gutxika-gutxika, petrolioaren eratorriak diren erregaiak ordezkatuz joan da eta, aldi berean, eraginkortasun handiko teknologiak erabiltzea ahalbidetu du, ikatza edo petrolioa erabiliz ezinezkoa izango zena. Hartara, gasaren bitartez, industrian eraginkortasuna hobetzeaz batera, lehiakortasun handiagoa lortu da prezioei dagokienez. Hori giltzarria izan da euskal industriaren lehiakortasunari begira merkatu globaletan eta industriaren BPIri nahiz enplegu kuotei eutsi ahal izateko. 

Euskadin gas azpiegituraren garapena izan da energia agentziak aurrera eramandako zeregin nagusienetakoa. Ekinbide eta lan hori burutu ez balitz,  Euskadin gas naturala geroago garatuko zatekeen, eta ondorioz, gaur egun duen presentzia txikiagoa izango zen. Atzerapen hori gertatu izan balitz, eragin handia izango zukeen energia-fakturan eta industriaren lehiakortasunean.

Energia-politika horren jarduna garrantzi handikoa izan da esparrua askotan; izan ere,  munta handiko inbertsioak aurreratzeko aukera eman digu, eta lanen babes publikoari esker, gasa banatzeko sare kapilarrago eta mailakatuago izatea ahalbidetu da. Jarduera horien guztien ondorioz, Euskadin, etxe-merkataritza alorrean, gasa garraiatzeko eta banatzeko sarea herritarren % 90 baino gehiagoren eskura dago eta industrian guztiz zabalduta edo ezarrita. Horniduraren segurtasunari dagokionez, Bilboko portuan, gas natural likidotua inportatzeko planta bat martxan jarri izana sekulako aurrerapausoa izan zen,  Bahía de Bizkaia Gas izenekoa. Ildo beretik, elektrizitatea ekoizteko zentral konbentzionalen ordezkapena burutu zen, eta horien ordez, eraginkortasun handiko gas natural bidezko zentralak jarri ziren abian: ziklo konbinatuak.

Petrolioaren deribatuen aldean, gas naturalak abantaila asko eta askotarikoa ditu, esate baterako, kostu txikiagoa,  berotegi-efektuko gas emisio gutxiago eta hornidura-segurtasun handia, gas natural erregaia ugariago eta zabalduago baitago geografikoki. Gaur egun, Euskadin,  energia premia guztiak ase edo betetzeko, urtean 3 bcm kontsumitzen da; bertako ekoizpena 0 bcm bada ere, etorkizunean aprobetxa daitezkeen hemengo erreserbak ikertzen eta probatzen ari dira.

Energia berriztagarriak

Energia berriztagarriei dagokienez, 35 urte hauetan, barne kontsumo gordinaren % 2 izatetik  % 7 izatera igaro dira, gaur egun Euskadiko energia-autohornikuntzaren tasa dena. Euskadin energia-iturri garbiak edo berriztagarriak ezarri eta garatzeari begira, lurralde mugatua dugu, eremu edo lur asko eskatzen baitute horrelako energia mota horiek. Nolanahi ere, berriztagarrien inguruan, nazioarteko merkatuetan lehiatzen ari den punta-puntako sektore teknologiko eta industriala eratu da Euskadin.

Zenbait aldi eta fase ezberdinetan, unean uneko legeriaren arabera, energia berriztagarrien garapena eta ezarpena azkartu edo moteldu egin da; hala ere, EEE Energiaren Euskal Erakundea etengabe aritu da horrelako energia baliabide berriztagarriak ebaluatzen eta ikertzen; batez ere, eguzki-energia, eolikoa, biomasa eta geotermia alorretan. Hala, Eólicas de Euskadi izeneko sozietateren bitartez, EEEren eta Iberdrolaren partaidetzarekin, honako parke eoliko hauek abiaraztea sustatu zen:

 

  • Elgeako parke eolikoa: 27 MW
  • Urkillako parke eolikoa: 32,3 MW
  • Oizko parke eolikoa: 34 MW
  • Badaiako parke eolikoa: 50 MW

 

Era berean, alor hauetako instalazio txikietan inbertsioak bultzatu dira:

 

  • Eguzki-fotovoltaikoa: 4.000 kW baino gehiago
  • Minihidraulikoa: 13.000 kW
  • Olatuen energia: 296 kW
  • Biomasa, gehien erabiltzen den energia berriztagarria.

 

Bestetik, 1984-2017 epealdian, ustiapen edo aprobetxamendu berriztagarri txikien instalazioen alde egindako ahalegina nabarmendu behar da; izan ere, Energiaren Euskal Erakundeak 30 milioi euro baino gehiago bideratu ditu inbertsio partikularrak sustatzera.

Aldi berean, teknologia berriak garatzearen aldeko apustu sendoa egin da energia berriztagarrien alorrean; hala, etorkizuneko proiektu hauek sustatzen ari dira: 

 

  • BiMEP, energia sortzeko gailu flotagarriak probatzeko zentroa itsaso zabalean.
  • Mutriku, olatuen bidezko elektrizitatea sortzeko lehen planta komertziala.
  • CIC energigune, energia metatzeko ikerkuntzan diharduen zentroa, garrantzi handikoa dena, energia berriztagarrien zabalkunde erabatekoa lortzeari begira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko