Berriak Lehendakaritza
Eu

Gazteek Eibarren erakutsiko dute aurten indarkeria sexistaren aurkako jarrera

2017.eko azaroak 23

Beldur Barik programa, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa eta finantziazioa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

2017ko Beldur Barik Topaketa Eibarren ospatuko da abenduaren 2an, larunbatean. Jaiak balioko du urte osoan zehar, euskal geografia osotik gazteekin garatutako lanari amaiera emateko. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatu

ko dira. Ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 371 izan dira aurkeztutako lanak, 62 udalerritakoak. Horietatik 275 lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Bigarren kategoriari dagokionez, 18 eta 26 urte bitartekoa, 96 lan aurkeztu dira. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri-bozkaketarekin herria-saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: http://beldurbarik.org/eu/2017-lehiaketa-lokalak/).

 

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: beldurraren pertzepzioa (gai hau udalerri askotako jaietan Beldur Barik Gunearen programaren bidez jorratu den gai bat izan da), edertasun arauak, gizarteratze desberdindua, maitasun erromantikoa, gorputzen dibertsitatea eta ahalduntze kolektiboa. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez ikusi da gero eta sakonagoak direla indarkeria sexistari nola egiten dioten aurre azaltzerakoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indakeriak eragin handia izaten jarraitzen duen, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna horien eskuratzeko. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatzen da ere, beraien konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetazko berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

 

Eibar, Beldur Barik Herria

Abenduaren 2an Eibarren ospatuko den topaketan, eztabaidak, formazio tailerrak eta ikuskizun ugari ospatuko dira. Tailerrak Portalean izango dira eta sari-banaketa Coliseon. Doaneko autobusak erraztuko dira publikoa hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko. Honako helbidean egin daitezke eskaerak: http://beldurbarik.org/es/topaketa-formulario

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-16:50 Ongi etorria, Untzaga plazan
  • 16:50-17:00 Trikitilariak Portaleara arte.
  • 17:00-19:00 Tailerrak: (Autodefentsa feminista; perkusioa; umorea eta aktibismoa; sexua, moda eta reggaetoia; Instagram eta whatsapp; ligatzeko tailerra…)
  • 19:00-19:10 Trikitilariak Portaleati Untzaga plazara
  • 19:10- 19:30: Lunch Untzaga plazan
  • 19:30-19:50: Kalejira
  • 20:00-21:45 Sari banaketa Coliseon Beatriz Egizabal eta Ane Labakarekin.
  • 21:45 Autobusen irteera Eibartik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.org

 

Puntu Lila 

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Eliminazioaren aldeko Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten eta antolatzen diren ekitaldietan parte hartu dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Miguel de los Toyos (Alcalde de Eibar, Nekane Zeberio (DFA), Miren Elesgarreta (DFG), María Guijarros (DFB),