Berriak Lehendakaritza
Eu

Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak urruntzearen espetxe politikak familietan duen inpaktuari buruzko Txostena aurkeztu du

2017.eko azaroak 24
  • Txostena 2016an eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak
  • 200 preso baino gehiago ari dira kondena betetzen beren ohiko bizilekutik 1.200 km baino urrutiago
  • Txostenaren ondorioetako batek erakusten du egungo urruntze-politika ez dela bateragarria espetxe-legeriaren printzipio gidariekin (berreziketarekin eta gizarteratzearekin) 

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritza Nagusiak eta Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak “Urruntzearen espetxe politikak presoen familietan duen inpaktuari buruzko txostena” aurkeztu dute gaur goizean. Dokumentu horrek kondena betetzen ari den senide bat duten pertsonen bizipenen analisi kuantitatibo eta kualitatibo bat jasotzen du. Egoera horretan diren pertsonei elkarrizketak eginik, urruntzeak gai batzuetan dituen ondorioen jarraipena egiten da, hala nola errepideko arriskuetan, kostu ekonomikoan edo lan-bizitza eta familia bateragarri egitean. Ondorioen artean, azpimarratzen da urruntzea dela familien sufrimendu erantsiaren kausa eta “egungo urruntze-politika ez dela bateragarria espetxe-legeriaren printzipio gidariekin (berreziketarekin eta gizarteratzearekin)”. 

Dokumentu hori gaur goizean aurkeztu dute Bilbon Bizikidetza eta Giza Eskubideetako idazkari nagusi Jonan Fernándezek; Biktima eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok eta Pedro Arrupe Institutuko ordezkari José Ramón Intxaurbek, Eduardo eta Gorka Urrutiak. 2016an, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia zenak Institutuari txosten bat egitea eskatu zion urruntzearen espetxe-politikak presoen familietan duen inpaktuari buruz. 

EGITURA: analisi kuantitatiboa, analisi kualitatiboa eta ondorioak 

Dokumentu horretan egoera horren dimentsioa islatzen duten datu kuantitatiboak jasotzen dira; senideen esperientzian oinarritutako analisi kualitatibo bat; azterketa bat familiek espetxe-legerian duten egitekoari buruz eta, azkenik, ondorioak ateratzen dira egun indarrean den espetxe-politika presoen familien eskubideetan sortzen ari den eraginari buruz. Horretarako, kondena betetzen ari den senide bat duten 14 pertsona elkarrizketatu dira. 

Analisi kuantitatiboa

Txostena amaitu zen unean, 322 pertsona ari ziren guztira kondena estatu espainiarreko eta frantseseko espetxeetan betetzen, horietatik 200 inguru beren ohiko bizilekutik 1.200 km baino urrutiago. 

Analisi kualitatiboa

Sakondu egin da urruntzearen ondorioetan, ibilbideko arazoetan, trafiko-istripuetan, kostu ekonomikoan edo erantsitako zailtasunean gaixotasun bat dagoenean. Hona jasotako lekukotasun batzuk: 

Baliabide kolektiboetara jotzea: “Kordobaraino 8 edo 9 ordu ditugu, 900 kilometro dira. Arratsaldeko zazpietan irteten gara etxetik ‘Mirentxinekin’, Gasteizen furgoneta hartu eta goizeko 6:30ean edo 7:00etan iristen gara”. 

Adingabeak: “Agian kargarik handiena psikologikoa izan da, (…) Inflexio-puntu batera iristen zara, niri 13 urterekin iritsi zitzaidana, urtebete eta piko aita bisitatzera joan ez nintzena, (…) zigortuta sentitzen nintzen adin batera iritsi nintzen, baina ez nekien nork, lehenbizi gurasoekin haserretu nintzen, (…) Denekin haserretzen nintzen (…) baina beraientzat ere horrela da, beraiek ere ez dute erabakirik hartu eta hainbeste kilometro egitera behartzen dituzte, beren bizia arriskuan jarrita…” 

Adingabeak: “Une oso zaila izan zen zorioneko miaketena: senideak miatzeko politika bat ezarri zen (…) nola esango diozu 13 urteko alabari galtzak jaisteko txistuak jotzen diolako…” 

Helduak: Beno, ba bere bizitzaren azken urteetan amamak ezin izan zuen ikusi. Hil baino bi urte lehenago, berak gaizki zegoela ikusten zuen eta gure semeak egun batean esan zigun ‘amama ikusi nahi dut, (…) Bidaian hiru egun eman genituen; egun bat jaisteko, hotelean lo egin genuen, gero hurrengo egunean bisita egin genuen, hotelean berriz lo egin eta hurrengo egunean itzuli egin ginen”. 

Kostu ekonomikoa: ekonomikoki odolustea da, zeren noski; bidaia erdian bi gelako ostatu bat han, janariak kostatzen duena, etxetik eramaten saiatzen zarelako baina beti erosi behar da han (…) dirutza da, abenduan 1.000-1.500 € inguru utzi ditugu”. 

Ibilbidearen arriskua: “Noski, autoz joatea, batetik, errazagoa da hartu eta joan egiten zarelako… baina arriskuz beteta dago. Ez bidaia luzea delako bakarrik, baizik nekearengatik. Ni txiripaz nago bizirik. 

Ondorioak

Txostenean azterketa bat egiten da familiek espetxe-legerian duten egitekoari buruz. Ildo horretan, hainbat arau edo epai aipatzen dira, eta horien espetxe-jardueraren printzipio inspiratzaileetan “berreziketa” eta “gizarteratzea” agertzen dira. Horrela gertatzen da Espainiako Konstituzioan (25.2 art.); Espetxeen Lege Organiko Orokorrean-ELOO (12.1 art.); Giza Eskubideen Europako Auzitegian edo nazioarteko zenbait tratatutan. Legezko erreferentzia ere egiten da presoen tratamendu indibidualizatuaren premiari buruz (ELOO 63. art. beste erreferentzia batzuen artean). 

Analisi hori eginik, txostenak, besteak beste, ondorio eta gomendio hauek jasotzen ditu:

- Ondorioa: urruntze-politika familien sufrimendu erantsiaren kausa da.

- Ondorioa: egungo urruntze-politika ez da bateragarria espetxe-legeriaren printzipio gidariekin (berreziketarekin eta gizarteratzearekin).

- Gomendioa: urruntze-politika orokortua uztea eta zigorren tratamendu indibidualizatu batera itzultzea. 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @DeustuSare
    2018.eko urtarrilak 14

    Comentario de Twitter:
    El Instituto de Derechos Humanos Pedro Arrupe de la Universidad de Deusto presenta el Informe sobre el impacto q... https://t.co/TlZ8QlkVj7

  • @DeustuSare
    2018.eko urtarrilak 14

    Comentario de Twitter:
    Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak urruntzearen espetxe politikak familietan duen... https://t.co/ktYb0noJrL

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ramón Intxaurbe, Gorka Urrutia