Eu

Euskadiren garapen-eredu berriari helduko dio datorren astean Euskal Hiria Kongresuak

2017.eko azaroak 22
  • Azaroaren 27an eta 28an, laster onetsiko diren Lurralde Antolamenduren Gidalerroen (LAG) lerro nagusiak aurkeztuko dira Gasteizko Europa jauregian.
  • Hainbat adituk, besteren artean, Teresa Riberak (klima-aldaketa), Fernando Pratsek (bioeskualdea), Albert Cuchík (ura eta lurraldea) eta Mª Rosario del Cazek (‘azpiegitura berdeak’) azken joeren eta praktika gomendagarrienen berri emango diete kongresuan bilduko diren 300dik gora laguni.

 

Zer hiri nahi ditugu? Mugitzen al gara klima-aldaketagatik? Zer onura ekartzen dizkigu naturak? Horiek dira, Iñaki Arriolak zuzenduta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak herritarrei oro har eta hiri-plangintzako espezialistei zuzendu dizkien galderetako batzuk. Azaroaren 27an eta 28an, Euskal Hiria Kongresuak sakondu egingo du galdera horietan baita datozen hamarkadetarako Euskadik ezarri nahi duen garapen-ereduarekin zerikusia duten gai guztietan ere.

Kongresuak hamaseigarren edizioa beteko du aurten eta Gasteizko Europa jauregian egingo da. Bertan 300 bat pertsona bilduko direla aurreikusi da. Gainera, Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) hasierako onespenari ekingo dionean izango da aurtengo kongresua, kontuan hartuta Euskadin dagoen dokumentu garrantzitsuena dela lurraldeak izango duen garapenaren ereduak finkatzeko.

Azkeneko LAGak 1997an onetsi ziren, eta haietatik eratorriak dira beste lurralde-plan batzuk, partzialak (LPP) eta sektorialak (LPS), Euskadiko udalerri bakoitzak dituen plan orokorrak (HAPO) ahaztu gabe. Hasierako onespen-tramitearen ondoren, jendaurrean azaldu eta ekarpenak egingo dira, behin-betiko onetsi aurretik. 

Euskal Hiria Kongresuan zehar, Iñaki Arriola sailburuak eta bere saileko beste arduradun batzuek laster onetsiko den dokumentu berriaren lerro nagusiak aurreratuko dituzte. Gainera, lurralde-plangintzaren arloko joera berritzaileenetako batzuk eta praktika egokienak ezagutzeko balio izango du.

 

Hiriak eta energia: Eraldatu edo etsi?

Kongresuaren programak (hemen kontsultatu daiteke) adituen hogei bat esku-hartze jasotzen ditu. Behin Iñaki Arriola sailburuak inauguratu ondoren, astelehenean ‘Hiria eta paisaia’ izango dute hizpide bi aditu frantsesek, Christophe Hutin arkitektoak eta Yves Luginbühl agronomia-ingeniari eta geografoak, Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondok moderatuta.

Gehien esperotako ponentzietako bat Teresa Riberak emango duena izango da. Klima-aldaketan aditua da bera, eta Garapen Iraunkorrerako eta Nazioarteko Harremanetarako Parisko Erakundeko oraingo zuzendaria. Bere hitzaldian galdera bat botako du: “Hiriak eta energia: Eraldatu edo etsi?

Ondoan ditugun lurraldeetako esperientziak ere ezagutzeko aukera izango da bertan, esate baterako Akitanian (Marc Trinqué) edo Kantabrian (José Manuel Lombera). Eta astelehen arratsaldean Fernando Pratsen esku hartzea izango da. ‘Bioeskualdea’ kontzeptua garatu du berak, zeinak defendatzen duen lurralde bakoitza ahalik eta autosufizienteena izatea, bertako baliabideak erabiliz eta bertako ingurunea errespetatuz. Hala, printzipio horiek izan dira Euskadiko LAGen berrikuspena egiteko inspirazio-iturriak.

Euskal Hiria Kongresuko beste kontzeptu nagusietako bat hauxe izango da, ‘lurralde bizia’, Juan Requejok azalduko duena. Asteleheneko saioa Itziar Urrutiak (Sener) eta Juan Carlos Escuderok (Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) itxiko dute.

 

LAGen lerro nagusiak

Astearteko jardunaldiari hiri-habitataren inguruko eztabaida batekin emango zaio hasiera. Bertan izango dira parte hartzen Antonio Aguilar (Sustapen Ministerioa), María Rosario del Caz, ‘azpiegitura berdeetan’ aditua (hirikoa eta landakoa eta natura lotzea), eta Santiago Peñalba eta Mikel Iriondo, merkataritza-jardueretako euskal planaren berrikuspenaren erredaktoreak, merkataritzako ekipamenduen atalean.

Laster onetsiko den LAG berrien dokumentuak jasotako lerro nagusiak azaltzeko balio izango duen hitzaldia izango da asteartean Euskal Hirian gehien esperotako ekitaldietako bat. Bertan, Euskadik apustu egin duen eredu berria emango dute ezagutzera Eusko Jaurlaritzako arduradunek, datozen urteetan lurralde-plangintza osoan, sektorialean eta hirigintzakoan, eragina izango duena.

Asteartean, 13:30ean, Iñaki Arriola sailburuak kongresuari amaiera eman aurretik, ponentzia bana emango dute Laura Martínek eta Albert Cuchík, energia berriztagarriei eta ‘Ura eta lurraldea’ arteko harreman estuari buruz, hurrenez hurren.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak