Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arku Atlantikoko salgaien trenbide-korridorea sustatzeko eskualde arteko sarea aurkeztu dute Bruselan

2010.eko abenduak 13

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua eta Bernard Uthurry Akitaniako Eskualde Kontseiluko presidenteordea buru zirela, Arku Atlantikoko Espainia eta Frantziako hainbat eskualderen arteko topaketa bat izan da Bruselan, Arku Atlantikoko salgaien trenbide-korridorea sustatuko duen eragile publiko eta pribatuek osaturiko eskualde arteko sare bat eratzeko.

Topaketaren xedea izan da Europako erakundeen aurrean egitasmoa zertan den azaltzea, proiektua otsailean Espazio Atlantikoaren programara aurkezteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Gobernuak sustatutako ekimen honekin lankidetzarako egitura edota tresna juridiko egonkorra sortu nahi da, estrategia erkideak eta iraunkorrak ezartzeko, eta azken finean helburu hauek lortzeko:

- Arku Atlantikoak presentzia izan dezan Europan, eta haren ahotsa aditu dadin.

- Trenbide-korridore multimodal bat izatea, kalitatezkoa eta elkarrekin konektaturiko trenbidek osatutako sistema bakarra sortzeko Arku Atlantikoan.

- Garraio iraunkorra erraztuko duen korridore berde bat izatea, Europar Batasunak ingurumenaren arloan agintzen dituen jarraibideak errespetatuko dituena.

- Beste ekimen batzuentzat osagarri izatea, merkataritzaren eta ekonomiaren arloko garapenerako.

- Arku Atlantikoa osatzen duten administrazioko erakundeengandik ez ezik, gizarte zibilaren eta profesionalen konplizitatea ere bereganatzea, hau da: Plataforma logistikoena, garraio sektoreko enpresena, trenbide, itsaso eta lehorreko garraioen operadoreena, merkataritza-ganberena, lanbide-elkargoena, unibertsitateena, elkarteena

Gaurko topaketan Atlantiko Iparreko Eskualdeen Komiteko idazkari nagusiak, eta Euskadi, Akitania, Loira, Nafarroa, Asturias, Kantabria, Galizia, Aragoi eta Gaztela-Leóngo ordezkariek hartu dute parte, eta Espainia eta Europako beste eskualde batzuk ere proiektuan parte hartzeko gogoa azaldu dute.

Europar Batzordeko Garraioetako Zuzendaritza Nagusiko koordinatzaile Carlo de Grandisek eta Atlantiko aldeko Itsas Estrategietarako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari Luis Cuervo ere bertan izan dira.

Korridore honen garapenarekin, Arriola sailburuaren aburuz, lortu nahi dugu trenbide-sarea garatu eta hobetzeko inbertsioei bultzada eder bat ematea, jarduketen plangintza eta burutzapena koordinatzea, eta sareen, material mugikorren, zerbitzuen eta operadoreen arteko operatibitatea eta konektibitatea ziurtatzea.

Arriola sailburuak esan duenez, Arku Atlantikoak Europar Batasuna ekonomiaren ikuspegitik garatzen lagunduko duen erreferente geoestrategikoetako bat bihurtzea lortu beharra dauka. Eta helburu hori lortzeko asmoak eraman ditu Atlantiko aldeko eskualdeak Bruselan gaur aurkeztu duten ekimen hori abiaraztera.

Kontua da 65 milioi biztanle batzen dituzten Europako hainbat estatu eta eskualde zeharkatzen dituen 2.000 km-ko luzera duen trenbide-korridore bati duen balioa ematea.

Gainera, Atlantikoko fatxadan, Portugaldik hasi eta Holandara bitartean dauden hamahiru portu lotuko dira elkarrekin, eta horien eragin-eremuan dauden hainbat zentro logistiko elkarrekin harremanetan jarriko dira. Are gehiago, esan daiteke proiektu honekin ingurumenean askoz ere eragin txikiagoa izango duen garraio iraunkorreko ardatz estrategiko bat garatuko dela.

Europar Batasunaren 2007ko barne produktu gordinaren ia 2 bilioi euro Arku Atlantikoa osatzen duten eskualdeetatik iritsi zen; beraz, argi dago Europa mendebaldeko eremu geoestrategiko horrek zer-nolako neurri ekonomikoa eta garrantzia duen gaur egun. "Arrazoizko pisua da Europan potentzialtasunik handienetakoa duen ardatz gisa dagokigun lekua erreklamatzeko", esan du Arriolak.

Arku Atlantikoa sustatuko duten eragile-sare bat garatzeak berekin ekarriko du ardatz estrategiko hori Europa erdi aldeko eta Mediterraneo aldeko lehentasunezko ardatzekin homologatzea, bai eta Europa iparralderantz, Erresuma BAturantz eta Marroko aldera doazen trantsito eta konexioak hemendik bideratzea.

Ernesto Gasco Garraioetako sailburuordeak iragarri duenez, sare honek datozen hilabeteetarako izango duen ibilbide-orrian honako hauek sartzen dira: erakunde politiko eta trenbide-administrazio guztiei sarea aurkeztea, horren beharraz, errentagarritasunaz, interesaz eta behar duen lehentasunaz jabetuarazteko; trenbide-administrazioei korridorean beharrezkoak diren jarduketak proposatzea; administrazioei planak eta programazioak epe barruan eta behar bezala bete ditzaten erreklamatzea; salgaien trenbideko garraioa korridorea erabiliz egitea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria dela erakustea; korridorearen onura sozioekonomikoak zabaltzea gizarte zibilean; eta antzeko beste sare batzuekin lankidetzan jardutea, batez ere mendebaldea-ekialdea konexioa egiten duten sareekiko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)