Eu

Arriolak udalerriek klima-aldaketaren kontrako borrokan egiten duten «funtsezko lana» goraipatu du Bruselan

2017.eko azaroak 22

 

  • Ingurumen sailburuak Eskualdeetako Lantaldean egin den Ekintza Eraldatzailearen Europako Sariaren banaketan esku hartu du
  • Turkiako Nilüfer hiria gailendu zaie gainerako hiru finalistei. Horien artean zen Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Jasangarritasun Bulegoa, eta aipamen berezia jaso du

 

Iñaki Arriola, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak gaur Bruselan nabarmendu du «udal- eta eskualde-erakundeek klima-aldaketaren aurkako eta garapen jasangarriaren aldeko borrokan egiten duten funtsezko lana, herritarrengandik hurbilen daudenez. Haiek dira proiektuen eta ekintzen lehen mailako kudeaketaz arduratzen direnak. Horrenbestez, haien zeregina funtsezkoa da».

Arriolak Eskualdeetako Lantaldearen egoitzan izan den 2017ko Ekintza Eraldatzailearen Sarien banaketa-ekitaldian egin ditu adierazpenok. ICLEI (Jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sarea), Eusko Jaurlaritza eta Aalborg hiria (Danimarka) dira sarion sustatzaileak, eta Euskadin 2016ko apirilean egin zen Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzian sortu zituzten.

Aurtengo irabazlea Turkiako Nilüfer hiria izan da, auzo-batzordeen bidez herritarren konpromisoa areagotzeagatik. Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko Udaltalde 21 Jasangarritasun Bulegoa zen lau finalistetako bat, eta aipamen berezia jaso du, udalerri mugakideetan jasangarritasun-agenda bateratua abiarazteko lankidetza-esperientzia dela eta.

Horrenbestez, sailburuak, irabazleei zorionak eman ondoren, Nerbioi-Ibaizabalek egindako lana nabarmendu du. Haren ordezkari izan dira Miguel Ángel Herrero (Etxebarriko alkateordea) eta Víctor Aierdi (Jasangarritasun Bulegoaren koordinatzailea). Halaber, Euskadiren protagonismoa goraipatu du; izan ere, Ekintza Eraldatzailearen Sarirako 35 hautagaietatik 13 Euskadikoak ziren. «Euskal gizarteak garapen jasangarriaren alde duen inplikazioaren eta hartutako konpromisoaren lagin bat besterik ez da», gaineratu du Iñaki Arriolak.

Karl-Heintz Lambertz, Eskualdeetako Lantaldearen presidentearekin eta sari-banaketan parte hartu duten gainerakoekin solas egin ondoren, euskal ordezkaritza, tartean, Elena Moreno, Ingurumeneko sailburuordea, Jesús Losada, Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren zuzendaria, eta Marta Marín, Euskadik EBn duen ordezkaria, Europako Parlamentura bertaratu da. Miriam Dalli, Euroganberako Ingurumen Batzordeko koordinatzailearekin bildu dira bertan.

Atzo Miguel Arias Cañete, Europako Batzordean Energia eta Klima Aldaketarako komisarioarekin izandako bileraren osagarri izan da gaurkoa. Bileran, Iñaki Arriolak Ingurumen Sailaren lanak ezagutarazi dizkio Miriam Dalliri; legegintzaldi honetan Natura Ondarearen Legea eta Ingurumen eta Klima-aldaketaren Legea onartzea du asmo, Euskadiko ingurumen-araubidea gaurkotzeko eta Euskadik klima-aldaketarekin lotuta dituen konpromisoak arautzeko. Asmo handiko konpromisoak dira, baiki, eta sektore guztiei eragiten diete: etxebizitza, garraioa, mugikortasuna, nekazaritza, industria, energia, etab. Karbonorik gabeko eta zero isuriko lurraldea izatea da helburua. Bestalde, sailburuak interesa agertu du Europako Parlamentuak arlo horretarako politikak garatzen egiten dituen lanen eta ekimenen gainean. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @VictorAierdi
    2017.eko azaroak 23

    Comentario de Twitter:
    Arriola destaca en Bruselas el “papel fundamental” de los municipios en la lucha contra el cambio climático https://t.co/s1vWNcmXrG

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantxa Atxa (Unesco Etxea)