Eu

Euskadik konpromisoa hartu du berotegi-efektuko gasen emisioa %30 jaisteko 2020rako

2017.eko azaroak 21

 

  • Hala jakinarazi dio Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Miguel Arias Cañete Europar Batasuneko Energia eta Klima Aldaketa komisarioari; Bruselan batu dira, gaur arratsaldean, klima-aldaketaren efektuei aurre egiteko jarduketak koordinatzeko eta politikak bateratzeko.

 

  • Sailburuak, bihar, Ekintza Eraldatzailearen Sariaren lehen edizioaren sari-banaketan parte hartuko du; saria “Euskal Adierazpen”ean oinarritzen da, herri eta hiriak eraldatzeko eta garapen jasangarrian aurrera egiteko adierazpenean. 

 

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, gaur arratsaldean, Miguel Arias Cañete Europar Batasuneko Energia eta Klima Aldaketa komisarioarekin batu da, Bruselan. Bertan, Arriola sailburuak aurrez aurre ezagutu ditu Europar Batasunak klima-aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko dituen ildo estrategikoen berri, eta Euskadi arlo horretan egiten ari den lanaren berri eman du.

“Euskadin -esan du Arriolak-, oso argi dugu erronka nagusietako bat klima-aldaketaren aurkako borroka dela, eta gure jarduketek Parisko Akordioan ezarritako helburuekin eta, modu zabalagoan, Garapen Jasangarriko Helburuekin bat etorri behar dutela, eta hala da. Hori dela eta, jarduketak koordinatu behar dira, komunikazio-kanalak ezarri eta elkarrekin kima-aldaketaren efektuei aurre egiteko politikak bateratu”.

Euskadiren jardun-ildo nagusietako bat gai honetan da karbono gutxiko ekonomia lortzea eta berotegi-efektuko gasen emisioa murriztea. Hori horrela, Arriolak hauxe esan du: “Europar Batasunak helburu gisa 2020rako 1990aren aldean emisioak % 20 murriztea jarri badu ere, Euskadin dagoeneko lortu dugu % 24 murriztea, 2005aren aldean, eta 2020rako % 30era heltzea aurreikusten dugu”.

Epe luzeagora, klima-aldaketaren euskal estrategiak (Klima 2050) 2050erako emisioak % 80 murriztea aurreikusten du, eta energia berriztagarrien proportzioa gutxienez % 40 haztea.

Arriola sailburuak nabarmendu duen beste gai bat izan da ekonomia zirkularraren garapena; izan ere, hondakinak murriztea eta horiek merkatuan lehengai gisa berriro sartzea tresna nagusietakoa da klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta hondakinen erabileraren ingurumen-eraginak mugatzeko.

“Euskadik -esan du sailburuak- eredu horren aldeko apustu irmoa egin du.Enpresen eskutik eta herritarren kontzientzia handiaren bidez, gure erkidegoa nabarmena da birziklapen-zifra altuengatik, hondakinak gaika biltzeko gaitasunagatik, enpresetan ekodiseinua sartzeagatik, teknologia garbiak erabiltzeagatik, ekoberrikuntzaren aldeko apustuagatik etab.Eta apustu hori sendotu nahi dugu”.

Zenbakiek eredu-aldaketa hori islatzen dute; izan ere, ingurumen-sektoreak 3.600 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean Euskadin. Gainera, ekoindustrien jarduera gure BPGd-aren % 5,3 da, eta ingurumen-ziurtagiriak dituzten 1.200 enpresa baino gehiago ditugu. Espainian ekoiseinuan ziurtatutako enpresen % 50 inguru euskaldunak dira. 

Arriolak baieztatu du, halaber, klima-aldaketaren aurkako borrokak, ingurumen-arloan ez ezik, administrazioen, enpresen eta herritarren jarduketan ere baduela eragina. Eta adibide gisa Eusko Jaurlaritzan lurralde-antolamenduaren edo etxebizitzaren arloan egiten ari den lana jarri du; horietan, jasangarritasunaren ikuspegia txertatu da; horretarako, ahaleginak bideratu dira lurralde gehiago kontsumitzea eragoztera, eta lurzoru berriak urbanizatzea saihesten da edo arlo suntsituak birgaitzeko eta horietako hiri-biziberritzerako planetan efizientzia energetikoaren irizpideak sustatzen dira.

Iñaki Arriola sailburuak Bruselara eginiko bisitan Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordearekin eta Ihobe - Ingurumeneko Sozietate Publikoko Jesús Losada zuzendariarekin izan da. Gaur goizean, Ekintza Eraldatzailearen Sariaren banaketa-ekitaldian izango dira eta Miriam Dalirekin topaketan izango dute, Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeko koordinatzailearekin. Marta Marin Euskadiren EBeko ordezakariak topaketa hauek koordinatu ditu.

Ekintza Eraldatzailea saria ICLEIk (Jasangarritasunaren aldeko Tokiko Gobernuen Sarea), Aalborg herriak (Danimarka) eta Eusko Jaurlaritzak berak antolatzen dute, eta “Euskal Adierazpen”ean oinarritzen da, eta herri eta hiriak eraldatzea eta garapen jasangarrirantz egitea ditu helburu. Nabarmentzekoa da Euskadik lehen edizio honetan izan duen protagonismoa; izan ere, aurkeztutako 35 proposamenetatik, 13 Euskadirenak dira, horietako bat Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabal Jasangarritasunaren Eskualdeko Bulegoa, eta lau finalisten barruan dago. 

Bestalde, Miriam Dalli Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeko koordinatzailearekin izango duen topaketan, Arriolak Ingurumen Saila legegintzaldi honetan Natura Ondarearen Legea eta Ingurumen eta Klima Aldaketaren Legea onesteko egiten ari den lanaren berri emango du; lege horien bidez, Euskadiko ingurumen-araudiaren esparrua eguneratu eta Euskadik klima-aldaketarekin dituen konpromisoak arautu nahi dira. Konpromiso horiek handinahiak eta zeharkakoak dira, eta sektore-mota guztietan dute eragina: etxebizitza, garraioak, mugikortasuna, nekazaritza, industria, energia eta abar, lurralde deskarbonizatua eta emisiorik gabea lortzeko.

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @uraEJGV
    2017.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Euskadi se compromete a reducir un 30% las emisiones de gases de efecto invernadero en 2020... https://t.co/eCnXSoe6vN

  • @uraEJGV
    2017.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @IngurumenEJGV: Euskadik konpromisoa hartu du berotegi-efektuko gasen emisioa %30 jaisteko 2020rako... https://t.co/wFQB2yX6nh

  • @IngurumenEJGV
    2017.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    Euskadik konpromisoa hartu du berotegi-efektuko gasen emisioa %30 jaisteko 2020rako... https://t.co/wFQB2yX6nh

  • @IngurumenEJGV
    2017.eko azaroak 22

    Comentario de Twitter:
    Euskadi se compromete a reducir un 30% las emisiones de gases de efecto invernadero en 2020... https://t.co/eCnXSoe6vN

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak