Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskal enpresaren eta industriaren historiaren “kapitulu berri” batean gaudela ziurtatu du Lehendakariak

2017.eko azaroak 22

Tapia sailburua lagun zuela, Donostian inauguratu du Basque Industry 4.0 kongresua, laugarren iraultza industrialaren inguruan jardungo duena

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Basque Industry 4.0 kongresuaren laugarren edizioa inauguratu du gaur Donostiako Kursaalean. Urkulluk azaldu duenez, euskal enpresaren eta industriaren historiaren “kapitulu berri” batean gaude, eta azpimarratu du Industria 4.0 “eragileetako bat” dela lehiakortasuna bultzatzeko eta enplegua irmotzeko. “Gure etorkizuneko apustua da”, ziurtatu du.

Biltzar honetan laugarren industria-iraultzari buruzko gaiak jorratzen dira enpresa, kluster, teknologia-zentro eta unibertsitateen eskutik, eta, aldi berean, informazioaren teknologia berriak ekoizpen-prozesuetan txertatzea sustatzen da. Bertaratzen diren 2.000 lagunek (duela lau urteko lehen edizioan bildu zirenak baino hiru aldiz gehiago) jardueren egitarau zabala eta osoa izango dute. Aurten, zibersegurtasunari eskainiko zaio arreta berezia.

Gogora ekarri beharra dago duela hilabete bat berrikuntza-adierazleen Europako panelak Euskadi kokatu zuela "goi-mailako berrikuntza” duten herrialdeen artean. Lehendakariak eragile guztien arteko lankidetza eskatu du Industria 4.0 estrategia garatzeko eta Euskadi “berrikuntzaren aitzindari" diren Europako herrialdeen artean egotea lortzeko. Nabarmendu duenez, "ekonomiaren susperraldiaren" atarian da orain Euskadi, eta bi helburu ditu ezarrita: epe laburreko indarberritzea mantentzea eta aldi berean etorkizuneko industriaren oinarriak finkatzea. “Berrasmatzea dagokigu eta hori ez da inprobisatzen", adierazi du. Hala, 4.0 pilotaje-lana goraipatu du, ibilbide-orri bat ezarri duena hiru erronkarekin: enpresa guztiak laugarren iraultza industrial horretara elkartzea ete-ei arreta berezia eskainiz, prestakuntza bultzatzea, eta teknologia berriak garatzea Euskadi munduko Industria 4.0ren aitzindaritzan kokatzearren.

Lehendakariak esku-hartu ondoren, Basque Industry 4.0 estrategiaren berritasunak aurkeztu ditu Tapiak. Gainera, Krystyn Van Vliet-ek, Massachusetts Institute of Technology-koak, hitzaldi nagusia eman du. Urterik urte topagune hau sendotzen ari da, bertan biltzen baitira industria-iraultza berri honen eragile eta protagonista guztiak, eta, horri esker, Euskadi munduko eskualde erreferenteen artean sendotzen ari da teknologia berriek fabrikazio-prozesuetan eskaintzen dituzten ahalmenen aprobetxamenduan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak