Berriak Lana eta Justizia

San José sailburuak Laneko Segurtasunari eta Osasunari buruzko Europako Gailurra inauguratu du

2017.eko azaroak 21
  • Lan eta Justiziako sailburuak Bilbaon inauguratu du adin bakoitzeko lan osasungarriei buruzko Europako Gailurra.
  • Maria Jesús San Josék azpimarratu du lan-jarduerak kalterik ez eragiteaz gain, gogobetetasun-iturri izan behar duela, ondorio positiboak izan ditzan langileen osasunean eta enpresen produktibitatean.
  • Europako Gailurra gaur eta bihar egingo da Bilbaoko Euskalduna Jauregian

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék “Adin bakoitzeko lan osasungarriei” buruzko Europako Gailurra inauguratu du. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak (EU-OSHA) antolatuta, gaur eta bihar egingo da Bilbaoko Euskalduna Jauregian.

San José sailburuak bere mintzaldian azpimarratu duenez, pertsonen ongizaterako ezinbestekoa da haien bizitza lan-ingurune osasungarrian garatzea, zeren gustura eta baldintza egokietan lan egiteak sustatu egiten baitu pertsonen inplikazioa, etengabeko hobekuntzarekiko interesa eta, azken batean, enpresen lehiakortasuna. “Lan-jarduerak —esan du— langileei kalterik ez eragiteaz gain, gogobetetasun-iturri izan behar du, ondorio positiboak izan ditzan haien osasunean”.

San José sailburuak nabarmendu du behar-beharrezkoa dela gizartea sentsibilizatzen jarraitzea lan-bizialdi osorako lan jasangarriaren garrantziaren inguruan, erretiroko adinera ahalik eta osasun-egoera onenean iristeko aukera emango duten lan-jardunbiderik onenak ezartzeko lanbide-karrera osoan zehar. Ohartarazi du, halaber, lan-arriskuak areagotu egiten direla faktore jakin batzuen ondorioz: adina, generoa, egoera fisikoa… “Jarduera langile bakoitzaren beharretara egokitu behar dugu, eta lan-bizialdi osoan zehar gainera”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak