Eu

Eusko Jaurlaritzak zenbakiak jarri dizkio, lehen aldiz, Euskadiko fundazioen eta onura publikoko elkarteen zuzendaritza-organoetan dagoen desparekotasunari

2017.eko azaroak 22
  • Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta Bozeramaile Josu Erkorekak gaur aurkeztu duen txosten aitzindari batean egiaztatu denez, desparekotasun bikoitza dago irabazi-asmorik gabeko erakundeetan, emakumeen eta gizonen presentziari eta ereduzko gizarte-rolari dagokienez
  • Emakumeek presentzia handiagoa dute osasunari, laguntzari eta hezkuntzari lotutako erakundeetan, eta gizonak, berriz, nagusi dira banku-arloko eta kirol-arloko elkarte eta fundazioetan
  • Gainera, aztertutako 544 erakundeak kontuan hartuta, ospe, garrantzi ekonomiko eta tamaina txikiagoko erakundeetan emakumeak gehiago dira, eta gasturik handieneko erakundeetan, berriz, gizonak dira gehiago

 

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko Sailburu eta Bozeramaile Josu Erkorekak Euskadiko fundazioetako berdintasunari buruzko lan-jardunaldia inauguratu du gaur goizean, “¿Participan las mujeres en los órganos de decisión de las entidades sin ánimo de lucro?” izenekoa (“Parte hartzen al dute emakumeek irabazi-asmorik gabeko erakundeen erabaki-organoetan?”). Jardunaldi horretan, ospe handiko hiru txostengile izan ditugu: Eva Ferreira, UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatuko katedraduna, Cristina Escribano, Gaztela-Mantxako Unibertsitateko (UCLM) Toledoko Zuzenbide eta Gizarte Zientzien Fakultateko Merkataritza Zuzenbideko irakasle titularra, eta Elena Leiñena, UPV/EHUko Merkataritza Zuzenbideko irakaslea.

Haiekin batera, Erakunde Harremanetarako Sailburuorde Peru Bazakok, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendari Elixabete Etxanobek eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak euskal fundazio eta elkarteen sektoreko berdintasun-arloan dituen hiru adituk Itziar Lizeagak, Amaia Cuestak eta Aitor Matek hartu dute parte mintegian.

DESPAREKOTASUNA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ERAKUNDEETAN

Gaurko jardunaldian, Euskadiko 544 fundazio eta onura publikoko elkarteren kontuen inguruan genero-ikuspegiarekin egindako lehen auditoriaren emaitzak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Zehazki, txosten horren VI. kapituluan (*), zuzendaritza-batzordeak sexuaren arabera bereizita aurkeztu dituzten onura publikoko 182 elkarte (231tik, hau da, guztien % 78,8) eta 362 fundazio (639tik, hau da, guztien % 57) aztertu dira.

Azterketa aitzindari hori egiteko, hiru aldagai gurutzatu dira: erakundearen helburua, garrantzi ekonomikoa eta gastuaren tamaina. Hiru ondorio nagusi egiazta daitezke:

Desparekotasuna dago Euskadiko irabazi-asmorik gabeko erakundeen erabaki-organoetan: emakume gehiago daude erakunderik demokratiko eta asanblearioenetan, eta gizon gehiago patronatu gehiago dauden fundazioetan. Desparekotasun hori horizontala eta bertikala da. Hau da, emakumeak sektore batzuetan biltzen dira nagusiki, eta, gainera, erabakitzeko boterea handiagoa den heinean, handiagoa da desparekotasuna.

  • Emakume gehiago daude (% 43) onura publikoko elkarteen zuzendaritza-batzordeetan
  • Gizon gehiago daude (% 71) fundazioen erabaki-organoetan.

Genero-arraila dago erakundearen helburuaren arabera: emakumeak eta gizonak beren ereduzko gizarte-rolei lotutako erakundeetan biltzen dira:

  • Gizonak ohiko rol maskulinoei lotutako erakundeetan biltzen dira, hala nola banku-erakundeetan, finantza-erakundeetan, kirol-erakundeetan, profesionalen erakundeetan, zientzia-ikerketako erakundeetan eta abar.
  • Emakumeak rol femenino tradizionalei lotutako erakundeetan biltzen dira, hala nola hirugarren sektoreko erakundeetan edo hezkuntzari, garapenerako lankidetzari, zaintzari, osasunari, laguntzari eta abarri lotutakoetan.

Genero-arraila dago erakundearen garrantzi ekonomikoaren eta tamainaren arabera: ahalmen ekonomikoa handiagoa den heinean, txikiagoa da emakumeen presentzia.

  • Emakumeek presentzia txikiagoa dute ekonomikoki handiak diren erakundeetan.
  • Emakumeek presentzia handiagoa dute erakunde txikietan eta mikroerakundeetan.

DESPAREKOTASUNA ERAKUNDEAREN HELBURUAREN ARABERA

Aztertutako 544 erakundeetan egiaztatu denez, genero-arrail handia dago genero-rolaren arabera. Azpimarratu beharra dago, adibidez, gizonezkoen kopuru handia banku-fundazioetan (% 73), kirol-fundazioetan (% 74) edo ikerketa-fundazioetan (% 74) Emakumeek, berriz, presentzia handiagoa dute desgaitasunak dituzten pertsonen zaintzari lotutako erakundeetan (% 57) edo ongintza eta laguntzako erakundeetan (% 46), besteak beste. (*)

DESPAREKOTASUNA ERAKUNDEAREN GARRANTZI EKONOMIKOAREN ARABERA

Aztertutako 544 erakundeetan egiaztatu denez, erakundea ekonomikoki garrantzitsuagoa den heinean handiagoa da genero-arraila. Garrantzitsutzat hartutako erakundeetan, emakumeen presentzia % 28-38ra iristen da. (*)

DESPAREKOTASUNA ERAKUNDEAREN GASTUAREN TAMAINAREN ARABERA

Aztertutako 544 erakundeetan egiaztatu denez, genero-desberdintasuna handia da, halaber, erakundeen gastuaren tamaina kontuan hartzen badugu. Mikroerakundeetan, erakunde txikietan eta ertainetan, emakumeak dira gehiago, eta erakunde handietan eta oso handietan, berriz, gizonak. Genero-arraila handiagoa da erakundearen gastua handiagoa den heinean. (*)

HIRU TXOSTENGILE OSPETSU

Eva Ferreira: UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatuko katedraduna. Unibertsitate horretako Akademia Antolakuntzako errektoreordea izan zen 2004-2008ko aldian, eta bertako idazkari nagusia 2009-2013ko aldian. Gaur egun, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendaria da.

Cristina Escribano: Gaztela-Mantxako Unibertsitateko (UCLM) Toledoko Zuzenbide eta Gizarte Zientzien Fakultateko Merkataritza Zuzenbideko irakasle titularra. Zuzenbideko doktorea da Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta Fakultate horretako Emakume eta Zientzia Batzordeko presidentea.

Elena Leiñena: Euskal Herriko Unibertsitateko Merkataritza Zuzenbideko irakaslea. Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziaduna da UPV/EHUn, Zuzenbideko lizentziaduna UPV/EHUn, eta doktorea Bartzelonako Unibertsitatean.

 

(*) NOTA osoa hemen

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak