Berriak Kultura
Eu

"Kontseilukide guztien ahotsak etorkizuneko euskal kulturaren oinarriak finkatzen lagundu behar du"

2010.eko abenduak 13

Sailburua gaur goizean Guggenheim Museoan egin den Kulturaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkuraren burua izan da 

Blanca Urgellek azaldu du Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua dokumentu ireki eta bizia dela, lantzen jarraitu behar dena, arlo honetako jardunaren esparrua finkatze aldera. Bileran planteatu den helburua izan da hilabete baino lehen prest izatea behar beste eztabaidatutako eta adostutako dokumentu bat.

Sailburua gaur goizean Bilboko Guggenheim Museoko atarian egin den Kulturaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkuraren burua izan da. Harrerako ongi etorrian, sailburuak azpimarratu du une hau berezia dela, hain zuzen Kontseiluak aurretik duen lana oso garrantzitsua delako "gobernantza egoki bati dagokion bezala, datozen urteetako euskal kulturaren estrategia markatuko duten ildoak sendotzeko".

Urgell sailburuak eskerrak eman dizkie, bere izenean eta Eusko Jaurlaritzarenean, Kulturaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran parte hartu duten erakunde eta norbanako guztiei, datozen urteetako euskal kulturaren egoera hobetzeko era aktiboan esku hartzeko agertzu duten interesagatik. Sailburuak esan duenez, "Gaur goizeko ekitaldia oso garrantzitsua da, planifikazio estrategiko berritzaile hau behin betiko abiarazteko unea delako. Baina urrats bat besterik ez da. Hemen proposatzen dizuegun hasierako dokumentu honen balioa eta egokitasuna ziurtatuta egongo dira soilik talde eragileeen lan handi eta konprometituaren bermea badute, beraiek moldatuko baitituzte, eta taxutu, beren iritziak, errealitatearekin kontrastatuz eta kulturaren sektore guztietako ordezkariekin elkarlan estuan."

Blanca Urgellek azaldu du Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua dokumentu ireki eta bizia dela, lantzen jarraitu behar dena, arlo honetako jardunaren esparrua finkatze aldera. "Kontseilu hau osatzen dugun guzti-guztion ahotsak, gobernantza egoki bati dagokion bezala, datozen urteetako euskal kulturaren estrategia markatuko duten ildoak sendotzeko balio behar du, Jaurlaritzako edo Legebiltzarreko erakundeon ordezkarien ahotsa izan zein pertsonalki kultura-sektore ezberdinen sentipena eta eskakizunak ordezkatu eta aditzera eman ditzakezuon ahotsa."

Bileran planteatu den helburua izan da hilabete baino lehen prest izatea behar beste eztabaidatutako eta adostutako dokumentu bat, Talde Eragileak berehala eratu ahal izateko, alegia, "errealitatearekin harremanetan jarriko gaituztenak, gure kulturaren sektore edo arlo bakoitzaren egiazko ikuspegia, beharrizanak eta mugimenduak ezagutaraziko dizkigutenak".

Horretaz gainera, Kulturako sailburuak leialtasuna eta exijentzia eskatu ditu Kontseiluarenganako, zeren "lankidetzarako partaidetza-erakunde bat baita". "Baliagarria izango da, batzeko baliagarria den neurrian; bestela, hemen biltzen garen gobernu-erakundeak kritikatzeko, badira bestelako entitate batzuk gure egitura instituzionalean. Gogoetak kritika darama itsatsita bere baitan. Baina hemen eskatzen dugun kritikak beste errealitate ezberdin eta hobe bat izan behar du xede, ez dagoenaren ukatze soilean atsegin hartzea", berretsi du.

Honako hauek dira Kulturaren Euskal Kontseiluko kideak: Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua bera eta bere saileko zuzendaritza-taldeko kideak, EITBren zuzendari nagusia eta Jaurlaritzako hainbat sailen ordezkariak (Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ekonomia eta Ogasun Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila, eta Lehendakaritza). Aipatutakoez gainera, erakunde honetan sartzen dira baita ere EAEko foru-aldundietako eta hiru hiriburuetako kulturaren alorreko arduradunak, bai eta EUDELeko ordezkari bat eta Eusko Legebiltzarrak proposamenez aukeratutako bost bokal, eta hogeita hamabi pertsona arte, euskal kulturaren eremu eta erakundeek pertsona ospetsuen artean eta haien ordezkari moduan, eremu eta sektore horiek proposatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell