Berriak Lehendakaritza

Sidenor-ek inbertitzeko egindako ahalegina eta bere "espiritu abangoardista" aitortu ditu Lehendakariak Basauriko plantaren 50. urteurrenean

2017.eko azaroak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Urteurrena ospatzeko gaurko ekitaldian, Tapia sailburuak ere parte hartu duen horretan, laminazio-tren berria inauguratu dute.

Sidenor-en 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da gaur Basaurin Iñigo Urkullu Lehendakaria. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua ere izan da bertan. Enpresaren “espiritu abangoardista” nabarmendu du Urkulluk, lehiakortasuna irabaztearren, bere instalazioak eta ekipoak berritu baititu puntako teknologiarekin. Hala, “adibide on” bat dela adierazi du tokiko hornitzaileentzat eta enpresentzat. “Teknologian inbertitzea etorkizuneko lehiakortasunean inbertitzea baita”, ziurtatu du. 

Gaurko ekitaldiak Bizkaiko plantako laminazio-tren berria inauguratzeko balio izan du gainera. Bertan, beste agintari batzuk ere bildu dira, besteren artean, Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeria, Basauriko alkate Andoni Busquet, Bizkaiko Ekonomiaren Sustapeneko diputatu Imanol Pradales eta, enpresa ordezkatuz, Sidenor-eko kontseilari delegatu José Antonio Jainaga. Guztiek bisitatu dituzte instalazioak, Basauriko plantako zuzendari Iñaki Iruretak gidatuta. 

Lehendakariak aitortu denez, enpresa baten “inbertitzeko ahaleginaren, egokitzeko eta berritzeko gaitasunaren adibide” da Sidenor, azken finean, industria 4.0 baten adibidea. “Aurreneko 50 urte hauek inbertitzen eta zuen proiektua hobetzen, etorkizunari begira ospatzen ari zarete” adierazi du Urkulluk, eta eskerrak eman nahi izan die ekitaldi honetan pertsonen “lidergo-gaitasunagatik”, altzairugintzaren sektorea bizitzen ari den zailtasunak handiak izan arren proiektua aurrera ateratzea lortu duelako.

Gainera, eskerrak eman nahi izan dio enpresari bere inplikazioagatik eta bere erabaki gunea Euskadin mantendu izanagatik. “Jakin badakigu Sidenor-entzat zer adierazten duen eta jakin badakizue euskal ekonomiaren ekosistema sendotzeko horrek duen garrantzia” adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak